Hautatu hizkuntza

Bilbo, 2025eko azaroak 25. Euskalduna Bilbaon aurkeztu da aurtengo BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia jaialdia, 10 egunez, abenduaren 5etik 14ra, Mendiko Kulturaren kanpaleku nagusi izango den egoitzan.
Jabier Baraiazarra zuzendariak eta Aitor Elduaien komunikazio arduradunak xehetu dituzte edizio berri honen edukiak eta egitaraua. Aurkezpenean, lagun izan dituzte jaialdiko babesleak, eta jaialdian estreinatuko diren euskal pelikuletako zuzendariak, baita Juanito Oiarzabal alpinista eta Javier Álvaro hari buruzko OIARZABAL. ENTRE JUAN Y JUANITO pelikula ondu duen zinegilea ere.
Babesle ordezkariak:
· Carlos Sergio, Bizkaiko Foru Aldundiko Kirol Zuzendaria
· Nora Sarasola, BBK Fundazioko Gizartekintza Zuzendaria
· Iñigo Iturrate, Euskalduna Bilbaoko Zuzendari Nagusia
· Joselu Blanco, EiTB-ko Programazio zuzendaria
· Anne Zufiaur, Ternua-Dikar-eko Komunikazio arduraduna
· Jon Viteri, Afesa Medioambiente-ko zuzendaria
Urteko hitzordu nagusira begira hauspotuta iritsiko da jaialdia. Mendi Filmek bere eragin ekonomiko, soziala eta kulturala neurtzeko ikerketa bat eskatu du azken urtean zehar. Ikerketa Euskal Herriko Unibertsitateak eta Cultumetria enpresak egin dute, Álvaro Fierro irakaslearen koordinazioarekin. Eta printza aipagarrienak aletu ditu Jabier Baraiazarrak:
Arlo ekonomikoa:
-Mendi Filmen iazko edizioak, 2024koak, ia milioi bat euroko (936.637€) eragin ekonomiko induzitua sortu zuen, 2023ko edizioarekiko %23 hazita.
-Eragin ekonomiko horren %92a Euskal Autonomi Erkidegoan geratu zen (%85a, Bizkaian).
-2024ko edizioan Mendi Filmek 16 lanpostu sortu zituen (8, zuzenak eta 8, induzituak).
-24.800€ banatu zituen sarietan eta 10.000€, beketan (aurten, 12.000€).
Arlo soziala eta kulturala:
2 inkesta egin dira, 800 pertsonak parte hartu dute eta festibalaren inguruan egin duten balorazioa oso ona izan da:
- Festibalaren bataz besteko puntuazioa: 9,2/10
- Ikus entzunezkoen kalitatea: 8,6/10
- Festibalaren balioekin identifikazioa: %92
- Mendi Film, Bilbao, Bizkaia eta Euskal Herriaren enbaxadore kultural egokia da parte hartzaileen %86arentzat
- Kalitate-prezioaren arteko harremana: oso ona
Oro har, balorazioetan gehien agertu diren kontzeptuak honakoak izan dira:
- Festibalaren edukien kalitatea eta inpaktu bisual eta emozionala
- Antolakuntza ona
- Euskal kultura eta nortasunarekin lotura
- Komunitatea sortzeko eta mendiaren garrantziaz sentsibilizatzeko gaitasuna
- Eta festibalak denbora luzean jarraitzeko gogoa.
Mendi Tour 2025: 14.000 ikusle
Ildo horretan, Mendi Zale komunitateak hazi eta hazi jarraitzen du. Picos de Europako Potesen amaitu berri den Mendi Tour zirkuitu ibiltariko datuak eman dituzte aurkezpenean: urtarrilean hasi eta azarora bitartean, 14.000 ikuslek gozatu dute Mendi Filmeko iazko pelikulen eskaintza ibiltariaz. 49 egoitza izan ditu, Bizkaian, Gipuzkoan, Nafarroan, Araban, Cantabrian, Asturiasen, Galizian, Gaztela eta Leonen, Madrilen, Valentzian, Katalunian eta Kanaria Handian. Eta 87 zine saio eskaini dira.
Euskalduna Bilbao: Kanpaleku Nagusi
Mendi Filmen aurtengo berrikuntza nagusietako bat egoitza bakarrarena da: Euskalduna Bilbaon egingo dira emanaldi eta jarduera guztiak. Mendi Film jaialdiaren Kanpaleku Nagusia izango da. Girotzeko, atrezzo berezia ere izango du, Kantabriako Europako mendietako Liebana eskualdeko hainbat erakusmahai promozionalekin atonduko baita ingurua.
Berrikuntza da, baita ere, Hasiera Ekitaldia larunbatean egitea, ostiralean beharrean. Abenduaren 6an, 19.45etik aurrera, hitzordu berezia izango da: Juanito Oiarzabali buruzko pelikula estreinatuko da orduan, Javier Álvaro Palomaresek ondu duena.
55 pelikula
Euskalduna Bilbaoko aretoetan 55 pelikula ikusiko dira, horietako 45 Sail Ofizialean, eta beste hamarrak lehiaz kanpoko Zabalandi sailean.
Titulu deigarriak eta puntako zuzendariak aletu ditu Jabier Baraiazarrak:
· Emily Harrington eskalatzaileari buruzko GIRL CLIMBER
· Afganistango eski lehiaketa autentiko eta sozialki inpaktantea CHAMPIONS OF THE GOLDEN VALLEY. Oscar Sarietan dokumental onena izateko lehian sartzeko hautagaitza lortzeko bidean den pelikula. Haren zuzendari eta ekoizleak Bilbon izango dira gainera: Ben Sturgulewski eta Katie Stjernholm.
· Iparrameriketan mendiko bizikleta egokitua oinarri duen komunitatearen BEST DAY EVER, berriki Banff-Kanadan ikusleen saria eta mendi kiroletako pelikula onenaren saria irabazi du eta Santiago de Chilen sari nagusia. Haren egile eta protagonistak ere geurean izango dira.
· TRANGO adrenalina eta tentsio bete-betekoa da. Trangoko dorre nagsuiaren lehen eski jaitsiera, Christina ‘Lusti’ Lustenberger eta Jim Morrison protagonista direla.
· Junko Tabei japoniarra, Everest igo zuen lehen emakumea, gertaera haren 50. urteurrenean, bi pelikuletan ageri zaigu: CLIMBING FOR LIFE japoniarra, Donostiako Zinemaldian parte hartu zuena, eta hemen, Mendi Filmen, estreinatuko den LADY EVEREST, Isabel Díaz Novo zuzendari espainiarrarena.
· ITSASORA, Mikel Urdangarin musikariaren zinegile debuta, Unai Basurko itsas-gizonari eginiko aitortza. Aurtengo Mendi Filmen proiektatuko den lehen pelikula, abenduak 5 ostiralean.
· Eta beste hainbat, mendifilmfestival.com webgunean eta eskuko katalogoan ikus daitezkeenak.
Beste 3 pelikula, ere azpimarratu nahi izan ditu Baraiazarrak:
· HARRI, ORRI, ARKATZ. Expocroquis proiektuaren ginga. Lehendabizi liburu, gero erakusketa, eta orain pelikula. Jon Herranzen zuzendutako lana, egun Mendi Filmeko produkzio arduraduna, eta zinegile bezala, hainbat lan erakutsi dituena hemen: ‘Novato’, ‘Panaroma’, ‘Mar Alvarez’… proiektu honen gidariak izan diren Eli Azurmendi, Rafa Elorza eta Juancar Sanzekin batera ondu du HARRI ORRI ARKATZ.
· SUSTRAIAK: Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura, Kirolak eta Euskara sailak Mendi Filmekin batera sustatzen duen Bekaren aurtengo pelikula. 3 gazte migrante afrikar Iruñeara nola iritsi ziren eta nola eskalada komunitatearekin uztartuz integratu ziren hango bizitzan. Luis Arrietak zuzendu du lana: ‘Mendiak 1976’ edota ‘ 212 Mountains’ bezalako lanen egilea. EITB-ren babesa duen pelikula da.
· ‘OIARZABAL. ENTRE JUAN Y JUANITO’. Hasiera Ekitaldiko pelikula hautatua. Larunbatean, abenduak 6, Euskaldunako Auditorio Nagusian estreinatuko den obra, haren zuzendaria Javier Álvaro Palomares eta, noski, Juanito Oiarzabal, bertan direla. EITB-ren eta RTVE-ren babesa duen ekoizpena da.
Mendiko euskal zinema
Euskal egiletzako 12 pelikula aurkeztuko dira aurten Mendi Filmen, eta egileak aurkezpen ekitaldian bildu dira:
ALDABIDE – Jon Mendizabal
CANTOS Y FLORES – Julen Elorza
ERRIO – Ibon Gaztañazpi
HARRI, ORRI, ARKATZ – Jon Herranz
ITSASORA – Mikel Urdangarin
IZARREN ZAUNKA – Nagore Eceiza
NATURA FUGIT – Jesus Mari Lazkano
SINKRONIA – Gorka Ipiñazar, Haizea Huegun
SUSTRAIAK, RAÍCES PERDIDAS – Luis Arrieta
THE ROAD WE NEVER RODE – Iñigo Lamana
TRAS LA HUELLA NORUEGA – Unai Jaureguibeitia
UN DÍA AL AÑO – Alfonso García
GEURE(R)A proiektuaren arduraduna Janire Etxabe ere aurkezpenean izan da, eta Eli Azurmendi ere bai. Etxabek irudikatutako dantza bertikal proiektuak liburu eta performance itxura hartu du, eta Azurmendik egin ditu hartarako ilustrazioak. HARRI, ORRI, ARKATZ pelikularen erroan dagoen Expocroquis mugimenduko arduradunetako bat ere bada Azurmendi, eta horrez gain, hainbat marrazketa eta ilustrazio ikastaro eskainiko ditu aurtengo Mendi Filmen.
Sariak
24.800 euro banatuko ditu Mendi Film palmaresak, 12saritan banatuta. Eta Iñigo Aristegui artista donostiarrak sortutako garaikurrak jasoko dituzte irabazleek.
Eta sariak aipatzen jarrita, ezinbestean azpimarratu behar da aurtengo WOP Mendi Film Saria. Mendiko balioak transmititzen izan duen arteagatik, alpinista eta eskalatzaile bezala, eta baita liburu editore eta dibulgatzaile bezala ere, Catherine Destivellek jasoko du The Walk On Project eta Mendi Filmek eskutik egiten duten aitortza.
Zinemaz harago: Kultura
Mendiko zinemagintzaren industria ardatz izango duen Mendi Pro jardunaldian Ben Sturgulewski eta Katie Stjernholm arituko dira. Abenduaren 12an, ostiral goizean.
Emakumea eta mendiaren arteko lotura islatzen duten hainbat pelikula aurkeztuko dira aurten ere mendi Filmen, eta mahai inguru berezi bat ere antolatu da, oraintxe jaiotzen ari den nazioarteko ekimen bat, haren eragileen eskutik: “Laboratorio Donne. 9b+ Femenino Plural”. Hizlariak: Riccarda de Eccher, Elena Goatelli, Gentzane Osaba, Lucia Guichot, Nieves Gil, eta Irati Zabala. Abenduak 13, larunbat arratsaldean.
Etxeko ttikienentzat, eta familientzat, saio berezia da “Mendi Magikoa”: film laburrak, antzerkia Les Bobe Bobe konpainiaren eskutik, Eriz magoa… Abenduak 14, igande eguerdian.
Bi erakusketa nagusi eskainiko ditu aurten Mendi Filmek: CVCEPHOTO mendiko jardueren argazkilaritza lehiaketako lan sarituena, eta Poloniako Tatra Museoaren “Natura eta Kultura. Mendiak inspirazio iturri”, EMMOA euskal mendizaletasunaren museoarekin elkarlanean.
Eta aurtengo Mendi Filmek, kutsu literario handia izango du, 8 liburu aurkezpen egingo baitira. Haietako bat, EDURNE PASABAN komikia da. Sua Argitaletxeak eta Mendi Filmek elkarrekin bilduma sortu zuten euskal mendizaletasunean giltzarri diren uneak eta pertsonaiak landuz, eta hau 4. alea da; lehena “Everest” izan zen, bigarrena “Iñurrategi Anaiak” eta hirugarrena “Andres Espinosa”. Aurrekoetan bezala, Ramon Olasagastik sortu ditu gidoia eta testuak, eta César Llagunorenak dira ilustrazioak; koloreztatzea Felipe H. Navarro eta Pedro Villarejoren lana izan da. Abenduak 6, larunbata eguerdian egingo da liburuaren jendaurreko aurkezpena, 12:00etan hasiko den saioan.

45 pelikulek parte hartuko dute aurten abenduaren 5etik 14ra egingo den BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia zinemaldiko Sail Ofizialean. Mendia, abentura, muturreko kirolak eta natura gaiak jorratzen dituzten pelikulak dira, guztiak produkzio berriak, gehienera jota 2 urte baino ez dituztenak.
226 pelikula inskribatu dira Mendi Filmen 18. ediziora, propio Bilbon parte hartzeko hautagaitza zuzena aurkeztuz. Iazko kopuru bera da, Mendi Filmen langa historikoa berdinduz.

2025eko WOP Mendi Film sariduna Catherine Destivelle da. Bilbon, Mendi Film jaialdiaren 18. edizioa bete-betean dela, jasoko du antolatzaileen eta, batez ere, publikoaren aitortza. Abenduaren 12an izango da, ostirala, Euskalduna Bilbaoko 0B aretoan egingo da ekitaldia 19.45ean hasita. Jaialdiko saio beroenetako bat izango da, ziur, izan ere, saioa osatzeko Sail Ofizialeko ‘Champions of the Golden Valley’ pelikula estreinatuko da, Ben Sturgulewski zuzendariak aurkeztuta.
The Walk On Project fundazioa eta Mendi Filmek elkar hartuta ematen duten saria da WOP Mendi Film, eta aurtengoa 12. edizioa da jada. Mendiko kulturari eginiko ekarpena eta mendiko baloreen eredu izateagatik nabarmendu dira hainbat pertsonaia eta entitate.
Catherine Destivelle (1960, Oran)
Eskalatzailea, alpinista, idazlea, editorea eta hizlaria. Ziur aski, Catherine Destivellek ez zuen imajinatu ere egingo nora eramango zuten gurasoen altzoan Fontainebleauko blokeetan egindako eskaladako lehen urratsek. 16 urterekin Verdon-en eskalatzen zuen. Munduko lehen eskalada txapelketan lortutako garaipenak (Bardonechia, 1985) mundu profesionalaren ateak zabaldu zizkion. Gero alpinismorako jauzia iritsi zen: Eiger mendiaren ipar horma neguan eta bakarka egiten lehen emakumea izan zen, Cervinoko iparraldean Bonatti bidearen lehen errepikapen absolutua burutu zuen, Trangoko dorrea, Shisha Pangmaren hego-mendebaldeko aurpegira igotzea... Kirol ibilbidearen Piolet d'Or aitortza jaso zuen 2020an.
‘Les éditions du Mont-Blanc’ argitaletxea sortu zuen mendia bera hezkuntza-tresna bihurtzeko. Argitaratzen dituen liburuek mendizaletasun istorio harrigarriak kontatzen dituzte eta mendiekiko maitasuna partekatzen dute. "Nire helburua historia kulturalaren, kirol-ondarearen eta bizi garen urteetako kezka ekologiko eta zientifikoen artean zubi bat eraikitzea da", adierazi du. Bere argitaletxeko lan-taldea emakumez osatuta dago erabat, nahita hartutako neurri bat da.
Mendi Filmekin harreman zuzena du Catherine Destivellek. Gogoangarria da 2009ko Sari Nagusia irabazi zuen ‘Au-delà des cimes’ pelikula, bera protagonista zela, Remy Tezierrek eginiko lana. 2017an, bestalde, Mendi Filmen 10. edizio berezian parte hartu zuen, batetik ‘Women at the Top’ mahainguruan Lynn Hill, Edurne Pasaban, Josune Bereziartu, Bernadette McDonald eta Katie Ives-ekin batera, mendi literaturari buruzko beste mahai inguru batean Bernadette McDonald, Katie Ives, Lara Izagirre eta Luisa Alonso Cires-ekin, eta azkenik bakarkako hitzaldi batekin: ‘From Bouldering to High Mountains Ascent’.
Edurne Pasaban, Lynn Hill, Catherine Destivelle, Josune Bereziartu, Katie Ives eta Bernadette McDonald, 2017ko Mendi Filmen
WOP Mendi Film Saria
18. BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia
Noiz: abenduak 12 ostirala, 19.45ean
Non: Euskalduna Bilbao 0B aretoa
WOP Mendi Film Sariaren palmaresa:
· 2024: Euskal eta Nafar mendi federazioak
· 2023: Edurne Pasaban
· 2022: Eduardo Martínez de Pisón
· 2021: Sebastián Álvaro
· 2020: Fundación Baltistán Fundazioa
· 2019: Nives Meroi e Romano Benet
· 2018: Juanjo San Sebastián
· 2017: Peter Habeler
· 2016: Sir Chris Bonington
· 2015: Josep Manuel Anglada
· 2014: Drawn film by Jeremy Collins

Zigor Egia (EMF-FVM presidenteordea), Jabier Baraiazarra (Mendi Film presidente eta zuzendaria) eta Ricardo Hernani (EMF-FVM presidentea)
Bilbon, 2025eko urriak 24. Euskal Mendizale Federazioak eta Mendi Film Festival Elkarteak sokada berean jarraituko dute lanean. Alde bietako agintariek egikaritu dute 2025-2028 epealdiko akordioa Bilbon bilduta: Ricardo Hernani eta Zigor Egia (EMF-FVM presidentea eta presidenteordea) eta Jabier Baraiazarra (Mendi Film presidentea eta zuzendaria) elkartu dira Mendi Filmen egoitzan.

Eduardo Martínez (Mendi Film), Ricardo Hernani (EMF-FVM) eta Zigor Egia (EMF-FVM) Bilboko Zabalgune eraikinean bildu dira, Mendi Filmen bulegoan.
Euskal Mendizale Federazioak eta Mendi Film Festival Elkarteak 2022-2024 hitzarmena adostu eta sinatu dute. Sokada berean lankidetzan aritzeko urrats irmoa eman dute hala, bi presidenteek, Zigor Egiak (EMF-FVM) eta Eduardo Martinezek (Mendi Film).

Bilbo, 2025eko ekainak 3. BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia nazioarteko jaialdiaren MENDI TOUR ziklo ibiltariak gora egin du. Mendia, abentura, muturreko kirolak eta natura gaiei buruzko puntako pelikulak eskainiz 32 herri edo hiritan egin dira zine saioak 2025eko lehen seihilekoan, eta iazko urte sasoi honetako ikusle marka %13 hazi da. Aurten, 11.000 ikuslek jo dute zinema aretoetara MENDI TOURraz gozatzeko.
EMMOA – Euskal Mendiko Museoaren Fundazioak urrats estrategiko berria eman du euskal alpinismoaren memoria zaindu eta zabaltzeko bere lan ildoan. Joan den maiatzaren 5ean lankidetza-hitzarmena sinatu zuen Mendietxe Museoarekin (Azpeitia), eta horri esker, bere ondare-funtsak museoaren eguneroko bizitzan integratuko dira, gutxienez hiru urtez, urteko alokairu erregimenean berriztagarri, 16.500 euroko kostuarekin.

Bilbo, 2025.05.22. 2025eko abenduaren 5etik 14ra ospatuko den BBK Mendi Film Bilbao Bizkaiaren 18. edizioak badu irudi nagusia jada: The Cave izeneko argazkia da, Julia Roger-Veyer argazkilariarena, Chamonix-en bizi den paristarra.
Irudi hau Donostiako Club Vasco de Camping Elkarteak antolatutako CVCEPHOTO mendi jarduerako argazki lehiaketan saritua izan da, BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia Kartela Sariaren atalean. 700 euroko diru-saria irabazi du eta Mendi Film 2025 filmaren irudia izango da.

Maiatzaren 29an eta 30ean Xabier Ormazabal Beka topaketa egingo da, mendizale urretxuarra omentzeko eta mendizale belaunaldi berriei laguntzeko. WOP-The Walk On Project fundazioa eta Mendi Film, Bekaren babesle berriak dira, Urretxuko Udalarekin bat eginez. The Walk On Project fundazioak eta Mendi Filmek 2.000na euro jarriko dituzte, eta Udalak 3.000 euro. Guztira 7.000 euroko Beka, beraz.
Jabi Baraiazarra, EMMOAko kide Antxon Iturriza, Txomin Uriarte eta Patxi Cortazarrekin, iazko BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia jaialdian
EMMOA-Euskal Mendi Museoa, historia egiten ari da. Berriki IMMA Mendiko Museoen Nazioarteko Elkargoko kide izendatu dute, apirilaren 30ean, elkargokoaren urteko batzarrean.
Jabi Baraiazarra Mendi Filmeko zuzendariak mendiko zinemaren aldeko nazioarteko elkargoaren Presidente izaten jarraituko du, hirugarrena agintaldiari ekinez.
2018an hartu zuen lehenengoz IAMF-ko burutza, eta harrezkero Mendi Filmeko ardurekin partekatu du. Mendiko zinemaren industrian erreferente nagusia da International Alliance for Mountain Film elkargoa, eta 30 kide ditu, 28 mendi zinemaldi, eta mendi museo nahiz dokumentazio zentro bana. Europa, Asia, Ozeania, Iparramerika eta Hegoamerikako 22 herrialde daude ordezkatuta bertan.

Bilbo, martxoak 19. BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia jaialdiko Sail Ofizialerako hautagaitzak aurkezteko epea zabaldu da, jada pelikulak inskribatu daitezke. Irailaren 5era arteko epea izango dute interesdunek.

Mendiko Zinemarako Nazioarteko Aliantzak harro jakinarazi du bere 2025eko Sari Nagusia Sébastien Montaz-Rosset zuzendari frantsesari eman diotela.
2000. urtean sortua, International Alliance for Mountain Film (Mendiko Zinemarako Nazioarteko Aliantza), sektoreko erakunde ospetsuenak bere kideen artean biltzen dituena, mendiko filmak ekoizten, sustatzen eta kontserbatzen dituztenen erreferente nagusi bihurtu da.

Bilbo, 2024ko abenduak 18. BBK Mendi Film Bilbao Bizkaiaren 17. edizioa abenduaren 6tik 15era egin da, eta 9.837 ikusle bildu ditu, iazko ikusle-kopuruarekiko %34ko hazkundea, alegia.
Gainera, eskainitako zine saioetako edukieraren %81 bete du (%77koa programako ekitaldi guztiak barneratuta). Okupazio portzentaje hori marka berria da, orain arteko edizio guztietatik onena, 2022ko %74koa gaindituz, eta iazko beherakada (%60) irauliz.
Euskalduna Bilbaon eta BBK Aretoan, guztira 23 zine saio eskaini dira aurten, eta haietako 10etan aretoa bete egin da, sarrerak agortuz.

Bilbo, 2024ko abenduak 14. BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia jaialdiko Epaimahaia eta ikusleak txundituta utzi dituen ‘Songs of Earth’ filma norvegiarrak irabazi du 17. edizioko Sari Nagusia. Margreth Olin zuzendariaren lana da, haren gurasoengan eta haiengandik jasotako Naturarekiko maitasunean oinarritzen den filma. “Argazkilaritza bikaina, kontaketa poetikoa, eta soinu banda sublimea” dituela azpimarratu du Epaimahaiak aho batez, “Erritmoa pausatu eta entzuteko prest jartzen garenean, jabetzen gara emana zaigun horretaz: Natura deika daukagu”, azpimarratu dute beren epaian.

BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia zinemaldiak indarrean ekin dio 17. edizioari. Maila zinematografiko itzela, aretoak lepo Euskalduna Bilbaon, Hasera Ekitaldi hunkigarria, nazioarteko eta etxeko protagonista asko, hitzaldi gogoangarriak... Kartel iragarleko irudiak erakusten duen bezala, gori-gori.
Page 1 of 25