2017an sortu zen Xabier Ormazabal mendizale urretxuarraren izeneko beka, hura omentzeko, haren mendi ibilbidea eredu bezala zabaltzeko, eta mendizale belaunaldi berriei laguntzeko xedez. Denetariko proiektuek dute leku bertan: espedizioak, gidak, liburuak, ikus-entzunezkoak… Xabier Ormazabalek (Urretxu 1981-Cho Oyu 2004) Elurretako Lehoinabarra erronka bete zuen Komunismo, Khan Tengri, Pobeda, Lenin eta Korzhenevskaya zazpimilakoak igoz. Ondoren, Himalaiara jo zuen. Cho Oyu mendian hil zen, 2004ko urrian.
Mendi Film elkartea eta WOP-The Walk On Project fundazioa Bekaren babesle dira 2025etik, Urretxuko Udalarekin bat eginez. Mendi Filmek eta WOP fundazioak 2.000na euro jartzen dituzte eta Udalak 3.000 euro. Guztira 7.000 euroko Beka, beraz.
Mendi Filmek eta WOP Fundazioak Bekari babesa emateko arrazoi nagusia sokadaren indarra eta fideltasuna da, gazteengan mendiko balioak sustatzea helburu eredugarria baita, goitik behera partekatzen dutena.
Bekaren 2025eko deialdian egitasmoak aurkezteko epea ekainaren 6tik abenduaren 15era arte egongo da zabalik. 2001 urtetik aurrera jaiotako gazteak izango dira onuradunak. Beka hau pertsona bakarrari edo talde bati emango zaio. Mendizaletasunarekin lotuta dauden maila handiko eta orijinaltasunezko proiektuak aurkeztu daitezke (eskalada, alpinismoa, liburu edo gida edizioa, ikus entzunezko edizioa…).