Bilbo, martxoak 19. BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia jaialdiko Sail Ofizialerako hautagaitzak aurkezteko epea zabaldu da, jada pelikulak inskribatu daitezke. Irailaren 5era arteko  epea izango dute interesdunek.

2025eko abenduaren 5etik 14ra egingo da BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia jaialdiaren 18. edizioa. Ekoizpen eta langintza berriko pelikulak estreinatzeko agertoki paregabea da, nazioartean prestigio handienetakoa duen jaialdia baita, eta International Alliance for Mountain Film elkargoko kidea.

Mendia, abentura, muturreko kirolak eta natura gaiak jorratzen dituzten pelikula dokumentalentzako tarte zabala eskaintzen du Mendi Filmek. Izen-emateko oinarriak eta betekizunak mendifilmfestival.com webgunean daude, eta baita mountainfilmalliance.org izen-emate sare bateratuan ere.

Saritan 24.800 euro eta garaikurrak banatuko dira Sail Ofizialerako hautatzen diren pelikulen artean. Ikus 2008-2024 palmaresa

Iaz 226 pelikula inskribatu ziren, propio Bilbon parte hartzeko hautagaitza zuzena aurkeztuz. Sekula eman den kopuru oparoena da.

 

18. edizioko irudi nagusia

 CVCEPHOTO lehiaketa bidez hautatuko da, beste behin, BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia jaialdiko irudi nagusia, 18. edizioko kartel eta txoko guztietan jaialdia aurkezteko erabiliko dena.

Bertan argazkiak aurkezteko epea martxoaren 30ean amaituko da, eta maiatzean aurkeztuko da Mendi Film kartel ofiziala.