
Bilbo, 2025eko abenduak 17. BBK Mendi Film Bilbao Bizkaiaren 18. edizio bikainak, urte borobila itxi du Mendi Film Elkartearentzat. 22.300 ikusle erakarri ditu, azken sei urteetako bigarren datu onena, iazkoaren segidan -700 ikusle gehiago guztira orduan-.
Kalitatea eta indar handia du oraintxe mendiko zinemagintzak, bogan dauden gaitegiak dira pantailaratzen direnak: mendiko kultura, abentura, muturreko kirolak, natura, ingurumena, etnografia, gai sozialak… Eta jendarteak marka eta eskaintza saritu ditu beste behin: Mendi Film eta nazioarteko pelikula onenak.
8.300 ikusle Mendi Filmen
10 egunez Euskalduna Bilbao izan berri da jaialdiko Kanpaleku Nagusia. 8.300 ikusle bildu dira bertara zine saioez, erakusketez, hitzaldiez eta tailerrez gozatzera. Nazioarteko 55 pelikula programatu dira guztira 25 zine saiotan, eta hainbat izan dira beren lanak bertatik bertara aurkeztu dituzten zuzendari eta ekoizleak: Ben Sturgulewski, Katie Stjernholm, Boris Peters, Berne Broudy, Chantal Caron, Lisette Wansink, Javier Álvaro, Isabel Díaz Novo, Rodolfo Montero…
Euskal mendi zinemagintza ere indartsu dago oso, jaialdiarekin batera hazi eta ugaritu dira genero honetara bildutako profesionalak eta zaleak. Horren eredu, aurtengo 12 sari nagusietatik 4 euskal zinegileek irabazi izana: Nagore Eceiza, Luis Arrieta, Julen Elorza eta Mikel Urdangarin. Jaialdian estreinatu eta aurkeztu dituzte ondokoek ere beren lanak: Gorka Ipiñazar, Haizea Huegun, Jesus Mari Lazkano, Ibon Gaztañazpi, Jon Mendizabal, Alfonso Garcia, Iñigo Lamana, Unai Jaureguibeitia eta Jon Herranz.
Mendi zinemaldi garrantzitsuetako ordezkariek ere parte hartu dute jaialdian: Mountainfilm Telluride (AEB), Ulju (Hego Korea), Echo mountain festival (Macedonia), Krakow mountain festival (Polonia), eta Les Quais de l’Aventure Bordeaux (Frantzia). Zakopaneko Tatra mendi museoa (Polonia) eta EMMOA Euskal Mendizaletasunaren Museoa ere jaialdiko eragile aktiboak izan dira.
Mendi Tourraren bidez urte osoko eskaintza
Mendi Tourrak ere eragin zuzena du honetan guztian. 14.000 ikuslek gozatu dute Mendi Filmeko iazko pelikulen eskaintza ibiltariaz 2025ean. Urte osoan zehar 49 egoitza izan ditu, Bizkaian, Gipuzkoan, Nafarroan, Araban, Cantabrian, Asturiasen, Galizian, Gaztela eta Leonen, Madrilen, Valentzian, Katalunian eta Kanaria Handian. Eta 87 zine saio eskaini dira.
Orain, 2026ko Mendi Tourraren hasierari begira lan egiteko garaia da, urtarrilean abiatuko baita zirkuitua, mendiko pelikula onenak ikusteko aukera eskainiz hainbat tokitan. Euskal Herrian abiatu eta Espainia osoan eskaintzen den mendiko zine mostra ibiltaria, mendi zinemagintzarik onena.




















