
2025eko WOP Mendi Film sariduna Catherine Destivelle da. Bilbon, Mendi Film jaialdiaren 18. edizioa bete-betean dela, jasoko du antolatzaileen eta, batez ere, publikoaren aitortza. Abenduaren 12an izango da, ostirala, Euskalduna Bilbaoko 0B aretoan egingo da ekitaldia 19.45ean hasita. Jaialdiko saio beroenetako bat izango da, ziur, izan ere, saioa osatzeko Sail Ofizialeko ‘Champions of the Golden Valley’ pelikula estreinatuko da, Ben Sturgulewski zuzendariak aurkeztuta.
The Walk On Project fundazioa eta Mendi Filmek elkar hartuta ematen duten saria da WOP Mendi Film, eta aurtengoa 12. edizioa da jada. Mendiko kulturari eginiko ekarpena eta mendiko baloreen eredu izateagatik nabarmendu dira hainbat pertsonaia eta entitate.
Catherine Destivelle (1960, Oran)
Eskalatzailea, alpinista, idazlea, editorea eta hizlaria. Ziur aski, Catherine Destivellek ez zuen imajinatu ere egingo nora eramango zuten gurasoen altzoan Fontainebleauko blokeetan egindako eskaladako lehen urratsek. 16 urterekin Verdon-en eskalatzen zuen. Munduko lehen eskalada txapelketan lortutako garaipenak (Bardonechia, 1985) mundu profesionalaren ateak zabaldu zizkion. Gero alpinismorako jauzia iritsi zen: Eiger mendiaren ipar horma neguan eta bakarka egiten lehen emakumea izan zen, Cervinoko iparraldean Bonatti bidearen lehen errepikapen absolutua burutu zuen, Trangoko dorrea, Shisha Pangmaren hego-mendebaldeko aurpegira igotzea... Kirol ibilbidearen Piolet d'Or aitortza jaso zuen 2020an.
‘Les éditions du Mont-Blanc’ argitaletxea sortu zuen mendia bera hezkuntza-tresna bihurtzeko. Argitaratzen dituen liburuek mendizaletasun istorio harrigarriak kontatzen dituzte eta mendiekiko maitasuna partekatzen dute. "Nire helburua historia kulturalaren, kirol-ondarearen eta bizi garen urteetako kezka ekologiko eta zientifikoen artean zubi bat eraikitzea da", adierazi du. Bere argitaletxeko lan-taldea emakumez osatuta dago erabat, nahita hartutako neurri bat da.
Mendi Filmekin harreman zuzena du Catherine Destivellek. Gogoangarria da 2009ko Sari Nagusia irabazi zuen ‘Au-delà des cimes’ pelikula, bera protagonista zela, Remy Tezierrek eginiko lana. 2017an, bestalde, Mendi Filmen 10. edizio berezian parte hartu zuen, batetik ‘Women at the Top’ mahainguruan Lynn Hill, Edurne Pasaban, Josune Bereziartu, Bernadette McDonald eta Katie Ives-ekin batera, mendi literaturari buruzko beste mahai inguru batean Bernadette McDonald, Katie Ives, Lara Izagirre eta Luisa Alonso Cires-ekin, eta azkenik bakarkako hitzaldi batekin: ‘From Bouldering to High Mountains Ascent’.
Edurne Pasaban, Lynn Hill, Catherine Destivelle, Josune Bereziartu, Katie Ives eta Bernadette McDonald, 2017ko Mendi Filmen
WOP Mendi Film Saria
18. BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia
Noiz: abenduak 12 ostirala, 19.45ean
Non: Euskalduna Bilbao 0B aretoa
WOP Mendi Film Sariaren palmaresa:
· 2024: Euskal eta Nafar mendi federazioak
· 2023: Edurne Pasaban
· 2022: Eduardo Martínez de Pisón
· 2021: Sebastián Álvaro
· 2020: Fundación Baltistán Fundazioa
· 2019: Nives Meroi e Romano Benet
· 2018: Juanjo San Sebastián
· 2017: Peter Habeler
· 2016: Sir Chris Bonington
· 2015: Josep Manuel Anglada
· 2014: Drawn film by Jeremy Collins


















