Bilbo, 2025eko azaroak 25. Euskalduna Bilbaon aurkeztu da aurtengo BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia jaialdia, 10 egunez, abenduaren 5etik 14ra, Mendiko Kulturaren kanpaleku nagusi izango den egoitzan.

Jabier Baraiazarra zuzendariak eta Aitor Elduaien komunikazio arduradunak xehetu dituzte edizio berri honen edukiak eta egitaraua. Aurkezpenean, lagun izan dituzte jaialdiko babesleak, eta jaialdian estreinatuko diren euskal pelikuletako zuzendariak, baita Juanito Oiarzabal alpinista eta Javier Álvaro hari buruzko OIARZABAL. ENTRE JUAN Y JUANITO pelikula ondu duen zinegilea ere.

 

Babesle ordezkariak:

·       Carlos Sergio, Bizkaiko Foru Aldundiko Kirol Zuzendaria

·       Nora Sarasola, BBK Fundazioko Gizartekintza Zuzendaria

·       Iñigo Iturrate, Euskalduna Bilbaoko Zuzendari Nagusia

·       Joselu Blanco, EiTB-ko Programazio zuzendaria

·       Anne Zufiaur, Ternua-Dikar-eko Komunikazio arduraduna

·       Jon Viteri, Afesa Medioambiente-ko zuzendaria

 

Urteko hitzordu nagusira begira hauspotuta iritsiko da jaialdia. Mendi Filmek bere eragin ekonomiko, soziala eta kulturala neurtzeko ikerketa bat eskatu du azken urtean zehar. Ikerketa Euskal Herriko Unibertsitateak eta Cultumetria enpresak egin dute, Álvaro Fierro irakaslearen koordinazioarekin. Eta printza aipagarrienak aletu ditu Jabier Baraiazarrak:

 

Arlo ekonomikoa:

-Mendi Filmen iazko edizioak, 2024koak, ia milioi bat euroko (936.637€) eragin ekonomiko induzitua sortu zuen, 2023ko edizioarekiko %23 hazita.

-Eragin ekonomiko horren %92a Euskal Autonomi Erkidegoan geratu zen (%85a, Bizkaian).

-2024ko edizioan Mendi Filmek 16 lanpostu sortu zituen (8, zuzenak eta 8, induzituak).

-24.800€ banatu zituen sarietan eta 10.000€, beketan (aurten, 12.000€).

 

Arlo soziala eta kulturala:

2 inkesta egin dira, 800 pertsonak parte hartu dute eta festibalaren inguruan egin duten balorazioa oso ona izan da:

-          Festibalaren bataz besteko puntuazioa: 9,2/10

-          Ikus entzunezkoen kalitatea: 8,6/10

-          Festibalaren balioekin identifikazioa: %92

-          Mendi Film, Bilbao, Bizkaia eta Euskal Herriaren enbaxadore kultural egokia da parte hartzaileen %86arentzat

-          Kalitate-prezioaren arteko harremana: oso ona

 

Oro har, balorazioetan gehien agertu diren kontzeptuak honakoak izan dira:

-          Festibalaren edukien kalitatea eta inpaktu bisual eta emozionala

-          Antolakuntza ona

-          Euskal kultura eta nortasunarekin lotura

-          Komunitatea sortzeko eta mendiaren garrantziaz sentsibilizatzeko gaitasuna

-          Eta festibalak denbora luzean jarraitzeko gogoa.

 

Mendi Tour 2025: 14.000 ikusle

Ildo horretan, Mendi Zale komunitateak hazi eta hazi jarraitzen du. Picos de Europako Potesen amaitu berri den Mendi Tour zirkuitu ibiltariko datuak eman dituzte aurkezpenean: urtarrilean hasi eta azarora bitartean, 14.000 ikuslek gozatu dute Mendi Filmeko iazko pelikulen eskaintza ibiltariaz. 49 egoitza izan ditu, Bizkaian, Gipuzkoan, Nafarroan, Araban, Cantabrian, Asturiasen, Galizian, Gaztela eta Leonen, Madrilen, Valentzian, Katalunian eta Kanaria Handian. Eta 87 zine saio eskaini dira.

 

Euskalduna Bilbao: Kanpaleku Nagusi

Mendi Filmen aurtengo berrikuntza nagusietako bat egoitza bakarrarena da: Euskalduna Bilbaon egingo dira emanaldi eta jarduera guztiak. Mendi Film jaialdiaren Kanpaleku Nagusia izango da. Girotzeko, atrezzo berezia ere izango du, Kantabriako Europako mendietako Liebana eskualdeko hainbat erakusmahai promozionalekin atonduko baita ingurua.

Berrikuntza da, baita ere, Hasiera Ekitaldia larunbatean egitea, ostiralean beharrean. Abenduaren 6an, 19.45etik aurrera, hitzordu berezia izango da: Juanito Oiarzabali buruzko pelikula estreinatuko da orduan, Javier Álvaro Palomaresek ondu duena.

 

55 pelikula

Euskalduna Bilbaoko aretoetan 55 pelikula ikusiko dira, horietako 45 Sail Ofizialean, eta beste hamarrak lehiaz kanpoko Zabalandi sailean.

Titulu deigarriak eta puntako zuzendariak aletu ditu Jabier Baraiazarrak:

·       Emily Harrington eskalatzaileari buruzko GIRL CLIMBER

·       Afganistango eski lehiaketa autentiko eta sozialki inpaktantea CHAMPIONS OF THE GOLDEN VALLEY. Oscar Sarietan dokumental onena izateko lehian sartzeko hautagaitza lortzeko bidean den pelikula. Haren zuzendari eta ekoizleak Bilbon izango dira gainera: Ben Sturgulewski eta Katie Stjernholm.

·       Iparrameriketan mendiko bizikleta egokitua oinarri duen komunitatearen BEST DAY EVER, berriki Banff-Kanadan ikusleen saria eta mendi kiroletako pelikula onenaren saria irabazi du eta Santiago de Chilen sari nagusia. Haren egile eta protagonistak ere geurean izango dira.

·       TRANGO adrenalina eta tentsio bete-betekoa da. Trangoko dorre nagsuiaren lehen eski jaitsiera, Christina ‘Lusti’ Lustenberger eta Jim Morrison protagonista direla.

·       Junko Tabei japoniarra, Everest igo zuen lehen emakumea, gertaera haren 50. urteurrenean, bi pelikuletan ageri zaigu: CLIMBING FOR LIFE japoniarra, Donostiako Zinemaldian parte hartu zuena, eta hemen, Mendi Filmen, estreinatuko den LADY EVEREST, Isabel Díaz Novo zuzendari espainiarrarena.

·       ITSASORA, Mikel Urdangarin musikariaren zinegile debuta, Unai Basurko itsas-gizonari eginiko aitortza. Aurtengo Mendi Filmen proiektatuko den lehen pelikula, abenduak 5 ostiralean.

·       Eta beste hainbat, mendifilmfestival.com webgunean eta eskuko katalogoan ikus daitezkeenak.

Beste 3 pelikula, ere azpimarratu nahi izan ditu Baraiazarrak:

·       HARRI, ORRI, ARKATZ. Expocroquis proiektuaren ginga. Lehendabizi liburu, gero erakusketa, eta orain pelikula. Jon Herranzen zuzendutako lana, egun Mendi Filmeko produkzio arduraduna, eta zinegile bezala, hainbat lan erakutsi dituena hemen: ‘Novato’, ‘Panaroma’, ‘Mar Alvarez’… proiektu honen gidariak izan diren Eli Azurmendi, Rafa Elorza eta Juancar Sanzekin batera ondu du HARRI ORRI ARKATZ.

·       SUSTRAIAK: Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura, Kirolak eta Euskara sailak Mendi Filmekin batera sustatzen duen Bekaren aurtengo pelikula. 3 gazte migrante afrikar Iruñeara nola iritsi ziren eta nola eskalada komunitatearekin uztartuz integratu ziren hango bizitzan. Luis Arrietak zuzendu du lana: ‘Mendiak 1976’ edota ‘ 212 Mountains’ bezalako lanen egilea. EITB-ren babesa duen pelikula da.

·       ‘OIARZABAL. ENTRE JUAN Y JUANITO’. Hasiera Ekitaldiko pelikula hautatua. Larunbatean, abenduak 6, Euskaldunako Auditorio Nagusian estreinatuko den obra, haren zuzendaria Javier Álvaro Palomares eta, noski, Juanito Oiarzabal, bertan direla. EITB-ren eta RTVE-ren babesa duen ekoizpena da.

 

Mendiko euskal zinema

Euskal egiletzako 12 pelikula aurkeztuko dira aurten Mendi Filmen, eta egileak aurkezpen ekitaldian bildu dira:

ALDABIDE – Jon Mendizabal

CANTOS Y FLORES – Julen Elorza

ERRIO – Ibon Gaztañazpi

HARRI, ORRI, ARKATZ – Jon Herranz

ITSASORA – Mikel Urdangarin

IZARREN ZAUNKA – Nagore Eceiza

NATURA FUGIT – Jesus Mari Lazkano

SINKRONIA – Gorka Ipiñazar, Haizea Huegun

SUSTRAIAK, RAÍCES PERDIDAS – Luis Arrieta

THE ROAD WE NEVER RODE – Iñigo Lamana

TRAS LA HUELLA NORUEGA – Unai Jaureguibeitia

UN DÍA AL AÑO – Alfonso García

 

GEURE(R)A proiektuaren arduraduna Janire Etxabe ere aurkezpenean izan da, eta Eli Azurmendi ere bai. Etxabek irudikatutako dantza bertikal proiektuak liburu eta performance itxura hartu du, eta Azurmendik egin ditu hartarako ilustrazioak. HARRI, ORRI, ARKATZ pelikularen erroan dagoen Expocroquis mugimenduko arduradunetako bat ere bada Azurmendi, eta horrez gain, hainbat marrazketa eta ilustrazio ikastaro eskainiko ditu aurtengo Mendi Filmen.

 

Sariak

24.800 euro banatuko ditu Mendi Film palmaresak, 12saritan banatuta. Eta Iñigo Aristegui artista donostiarrak sortutako garaikurrak jasoko dituzte irabazleek.

Eta sariak aipatzen jarrita, ezinbestean azpimarratu behar da aurtengo WOP Mendi Film Saria. Mendiko balioak transmititzen izan duen arteagatik, alpinista eta eskalatzaile bezala, eta baita liburu editore eta dibulgatzaile bezala ere, Catherine Destivellek jasoko du The Walk On Project eta Mendi Filmek eskutik egiten duten aitortza.

 

 

Zinemaz harago: Kultura

Mendiko zinemagintzaren industria ardatz izango duen Mendi Pro jardunaldian Ben Sturgulewski eta Katie Stjernholm arituko dira. Abenduaren 12an, ostiral goizean.

Emakumea eta mendiaren arteko lotura islatzen duten hainbat pelikula aurkeztuko dira aurten ere mendi Filmen, eta mahai inguru berezi bat ere antolatu da, oraintxe jaiotzen ari den nazioarteko ekimen bat, haren eragileen eskutik: “Laboratorio Donne. 9b+ Femenino Plural”. Hizlariak: Riccarda de Eccher, Elena Goatelli, Gentzane Osaba, Lucia Guichot, Nieves Gil, eta Irati Zabala. Abenduak 13, larunbat arratsaldean.

Etxeko ttikienentzat, eta familientzat, saio berezia da “Mendi Magikoa”: film laburrak, antzerkia Les Bobe Bobe konpainiaren eskutik, Eriz magoa… Abenduak 14, igande eguerdian.

Bi erakusketa nagusi eskainiko ditu aurten Mendi Filmek: CVCEPHOTO mendiko jardueren argazkilaritza lehiaketako lan sarituena, eta Poloniako Tatra Museoaren “Natura eta Kultura. Mendiak inspirazio iturri”, EMMOA euskal mendizaletasunaren museoarekin elkarlanean.

Eta aurtengo Mendi Filmek, kutsu literario handia izango du, 8 liburu aurkezpen egingo baitira. Haietako bat, EDURNE PASABAN komikia da. Sua Argitaletxeak eta Mendi Filmek elkarrekin bilduma sortu zuten euskal mendizaletasunean giltzarri diren uneak eta pertsonaiak landuz, eta hau 4. alea da; lehena “Everest” izan zen, bigarrena “Iñurrategi Anaiak” eta hirugarrena “Andres Espinosa”. Aurrekoetan bezala, Ramon Olasagastik sortu ditu gidoia eta testuak, eta César Llagunorenak dira ilustrazioak; koloreztatzea Felipe H. Navarro eta Pedro Villarejoren lana izan da. Abenduak 6, larunbata eguerdian egingo da liburuaren jendaurreko aurkezpena, 12:00etan hasiko den saioan.