Maiatzaren 29an eta 30ean Xabier Ormazabal Beka topaketa egingo da, mendizale urretxuarra omentzeko eta mendizale belaunaldi berriei laguntzeko. WOP-The Walk On Project fundazioa eta Mendi Film, Bekaren babesle berriak dira, Urretxuko Udalarekin bat eginez. The Walk On Project fundazioak eta Mendi Filmek 2.000na euro jarriko dituzte, eta Udalak 3.000 euro. Guztira 7.000 euroko Beka, beraz.

Xabier Ormazabalek (Urretxu 1981-Cho Oyu 2004) Elurretako Lehoinabarra erronka bete zuen  Komunismo, Khan Tengri, Pobeda, Lenin eta Korzhenevskaya zazpimalkoak igoz. Ondoren, Himalaiara jo zuen. Cho Oyu mendian hil zen, 2024ko urrian. 

Bekaren helburua, haren oroimena bizirik mantentzea, bere mendiko ibilbidea eredu gisan bultzatzea, eta mendizale gazteei laguntzea da, eta 9. edizioa du 2025eko hau. Denetariko proiektuak aurkeztu izan dira: espedizio handiak, gidak, liburuak eta ikus-entzunezkoak. 2024an bost proiektu aurkeztu ziren eta Ainhoa Unanue Bereziartua zumarragarraren egitasmoari eman zioten saria: Alaska hegoaldean eski trabesia bat, itsasoan bukatuz, eta ondoren, itsasontziz Valdez-era joan eta handik Anchorage-ra bidaia, bizikletarekin eta eskiekin.

 

Oinarriak

Bekaren aurtengo deialdian egitasmoak aurkezteko epea ekainaren 6tik abenduaren 15era arte egongo da zabalik. 2001 urtetik aurrera jaiotako gazteak izango dira onuradunak. Beka hau pertsona bakarrari edo talde bati emango zaio. Mendizaletasunarekin lotuta dauden maila handiko eta orijinaltasunezko proiektuak aurkeztu daitezke (eskalada, alpinismoa, liburu edo gida edizioa, ikus entzunezko edizioa…).

 

Ikus oinarriak.

 

Xabier Ormazabal Mendi Festa

Aurtengo Xabier Ormazabal Mendi Festa maiatzaren 29an hasiko da. Sebastian Alvarok Mis montañas liburua aurkeztuko du Urretxuko udaletxeko portaloian, 19:00etan. Maiatzaren 30ean, Labeaga aretoan, makina bat ekitaldi izango da 19:00etatik aurrera, hainbat protagonistekin: Ainhoa Unanue bera Bekaren diru-laguntzarekin aurrera ateratako egitasmoaren berri emanaz, Ainhize Belar eskalatzailea, Janire Etxabe dantzari bertikala eta Jordi Corominas alpinista.

 

WOP eta Mendi Film, fideltasunaren sokada

WOP-The Walk On Project Fundazioa, hainbat jardueraren bidez gaixotasun neuro-degeneratiboen aurka borrokatzen duen enpresa soziala da. 

BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia zinemaldia nazioarteko erreferentea da bere arloan, eta 18. edizioa beteko du aurten, abenduan.

Mendi Filmen azken 11 edizioetan WOP Mendi Film Saria eman dute eskutik, sokadan. Ibilbidea eta mendizaletasunaren balioen defentsa eta dibulgazioan eginiko ekarpena aitortzen dituen saria da, eta gertuko nahiz nazioarteko pertsona eta erakunde esanguratsuek jaso izan dute.

 

WOP Mendi Film Sariaren Palmaresa:

·       Euskadiko eta Nafarroako mendi federazioak (2024)

·       Edurne Pasaban (2023)

·       Eduardo Martínez de Pisón (2022)

·       Sebastián Álvaro (2021)

·       Fundación Baltistán Fundazioa (2020)

·       Nives Meroi e Romano Benet (2019)

·       Juanjo San Sebastián (2018)

·       Peter Habeler (2017)

·       Sir Chris Bonington (2016)

·       Josep Manuel Anglada (2015)

·       ‘Drawn’ filma - Jeremy Collins (2014)

 

Xabier Ormazabal Beka babesterakoan ere sokadaren indarrean eta fideltasunean oinarritu dira. Mendizaletasunaren balioak gazteengan txertatzea helburu eredugarria dela iruditzen zaie, eta bat egiten dute horrekin.

Mendi Filmek, bere aldetik, Bizkaiko Foru Aldundiarekin batera badu ikus-entzunezko beste beka bat ere, filmak egiteko laguntza ematen duena: Mendi Film Beka.