EMMOA euskal mendizaletasunaren ondarearen jagole nagusia da, altxor historikoak eskuratu eta gordez, balioak transmitituz, zabalkundea indartuz eta hori guztia ikertzeaz arduratuz. 2013an eratu zen, Gasteizen, 1924an Federación Vasco-Navarra de Montañismo sortu zeneko garaian jada aipatzen zen ametsa gorpuztuz.
Euskal mendizaletasuneko eragile esanguratsuak daude EMMOAren lidertzan, urteak daramatzate mendiko kulturaren sustapenean lanean, eta boluntario talde zenbaiten ezinbesteko laguntza dute.
• Txomin Uriarte: EMMOAko egungo Presidentea, Pyrenaica aldizkariko editorea 30 urtez, eta Everesteko Tximist espedizioko kidea.
• Antxon Iturriza: mendiko kronista 1976az geroztik, euskal mendizaletasunean espezialista den historialaria eta idazlea.
• Patxi Cortazar: arkitektoa eta mendizale amorratua.
• Mari Jose Lasa: euskal mendizaletasunaren esparruan eragin handiko pertsona eta ekintzailea, Antxon Bandresen alarguna (Euskal Mendizale Federazioko presidente ohia). Euskal Mendizale Federazioa (EMF-FVM), Nafarroakoa (MEKNF-FNDME) eta Mendi Film, EMMOA patronatuko kideak dira.
Liburutegia, dokumentu biltegia, hemeroteka, fototeka, objektu historikoak, elkarrizketak, eta erakusketak dira EMMOA-ren funtsak, euskal mendizaletasunaren historiako ondare anitz eta paregabea.
• Euskal mendizaletasunaren historiako protagonistek emandako 900 pieza ditu, katalogatuta eta argazkiekin.
• Mendiari eta mendizaletasunari buruzko 4.500 liburu, tartean Kartajanarik emandako 1.500 liburu (himalayismoari buruzko munduko bildumarik onenetakoa).
• 5.000 argazki digitalizatu, XX. mendearen hasieratik gaur egun arteko testigantza.
• Euskal Herriko eta Espainiako argitaletxeek eta klubek argitaratutako 50 mendi-aldizkari-bilduma baino gehiago, etengabe eguneratuz.
• 1922az geroztik prentsan argitaratutako mendizaletasunari buruzko orrien aleen gordailua, baita 1976az geroztik euskal egunkari guztietan argitaratutako mendizaletasun orrien bilduma osoak ere.
• Euskadiko Filmategiarekin lankidetzan, film historikoak berreskuratzea eta digitalizatzea erraztu da, hala nola 70eko hamarkadako Javier Garretaren bilduma edo Fernando Larruquerten "Agur Everest".
• Euskal Mendizale Federazioaren 1924tik 1970era bitarteko artxibo ofizialak katalogatu eta digitalizatu dira. Euskal mendizaletasunari buruzko dokumentazio historiko aberatsa ere bildu eta aztertu da.
• Sei erakusketa iraunkor eta lau erakusketa ibiltari, 40tik gora erakustoki izan dituztenak.
EMMOA IMMA-International Mountain Museums Alliance kide da 2025az geroztik. Egiten ari den lanaren aitortza eta konfirmazioa da izendapen hau, eta nabarmentze are handiagoa ematen dio nazioarte mailan nola Euskal Herrian bertan. Hain zuzen ere, proiektu hau herritik eta herriarentzat sortua izan da, eta IMMAko batzorde eragileak Euskal Mendi Museoa onartzeko erabakia hartzerako garaian eragin handia izan zuen horrek. Euskal alpinista ezagunek eta mendi munduko gainerako goi mailako kirolariek babesa eman diote proiektuari, eta mendi klub askoren eta lau lurraldeetako federazioen babesa ere badu.
IMMA 2015ean sortu zen Nazio Batuen onarpenarekin, eta Turinen du egoitza nagusia (Italia), Museo Nazionale della Montagnan. 13 kidek osatzen dute, eta EMMOA ondoko museo eta/edo dokumentazio zentroen zerrendako parte da: Turin, Trento eta Sondrio (Italia), Chamonix eta Chambéry (Frantzia), Banff (Kanada), Zakopane eta Jelenia Góra (Polonia), Sabadell (Katalunia), Berna (Suitza), Pokhara (Nepal) eta Brasov (Errumania).
IMMAk mendiko kulturaren kontserbazioaren, azterketaren eta sustapenaren alde lan egiten du, lankidetzan proiektu komunak gauzatuz. Klima-aldaketaren, gizarte eraldaketaren eta mugimendu politikoen gaur egungo testuinguruan ezarrita dauzka erronka eremuak. EMMOA-k bete-beteko kide gisa parte hartuko du helburu horietan, hango eta hemengo ereduak indarrean jarriz.