BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia zinemaldiak indarrean ekin dio 17. edizioari. Maila zinematografiko itzela, aretoak lepo Euskalduna Bilbaon, Hasera Ekitaldi hunkigarria, nazioarteko eta etxeko protagonista asko, hitzaldi gogoangarriak... Kartel iragarleko irudiak erakusten duen bezala, gori-gori.

Hasera Ekitaldian WOP Mendi Film Saria jaso eta eskertu zuten Euskal eta Nafar mendi federazioetako kideek: Miren Eizmendi presidente izendatu berria eta Martin Montañes ardura horretan aurrekoa nafarren ordezkaritzan, eta Zigor Egia presidentea eta Ricardo Hernani presidente-ordea euskal federazioaren izenean. 100 urte dira Federación Vasco-Navarra de Montañismo sortu zenetik.

Ekitaldi horretan bertan, Kazuya Hiraide eta Kenro Nakajima alpinista japoniarren oroitzan eginiko keinua ere oso berezia izan zen, hunkigarria. Hiraideren alargunak, Sokoh Etoh eta haien seme-alabak alboan zituela eskertu zien keinua Euskaldunara bertaratu zirenei eta antolakuntzari.

Lepo bete zen Euskaldunako Auditorioa, milatik gora lagun lehen saio bereziaz gozatzeko. Eta larunbat eta igandez ere, sekulako giroa bizitu da gainontzerako aretoetan, bai zine-saioez gozatzeko, eta baita erakusketak eta hitzaldiak jarraitzeko ere. Etxeko protagonista ugari, tartean Marta Gómez eta Paula Iglesias ‘Flying Hands’ aurkeztuz Aniqa Bano protagonista pakistandarra bertan zela, Janire Etxabe eta Hodei Zambrano ‘Haize Lerroak’ filmarekin, Mikel Lizarralde eta Maite Arroitajauregi Mursego ‘Zazpi’ filmarekin, edota Alfonso Garcia eta bere ‘Una mirada atrás, el arte de equipar’ filmako protagonista eta ekoizpen taldea. Nazioarte mailan, azpimarra Eliza Kubarskaren ‘The Last Expedition’ aurkezpenean, Erri de Luca idazle-poeta-eskalatzailea ‘L’etá sperimentale’ filmarekin, Hélias Milleriux ‘Nuptse, l’inaccessible absolu’-rekin, edota ‘Marmolada, Madre Roccia’ filmako Matteo Maggi eta Cristiana Pecci zuzendariak.

Silvo Karo alpinista handiaren ‘Fast & Light’ eta Sebastián Álvaro dibulgatzailearen ‘Mis Montañas’ liburuen aurkezpenak gogoangarriak izan dira. Eta aldi berean, ‘Tximist Everest 1974’ eta euskal mendizaletasunean emakumeen ekarpena goratzen duen ‘Gailurretan izan gaitun’ erakusketek sekulako arrakasta izan dute.

Oro bat, hasera itzela, datorrenari begirako energia. Gaurtik ostegunera bitarte, Kanpaleku Nagusia aldatuko da, Euskalduna Bilbaotik BBK Aretora. Arratsaldeetan bina saio eguneko, 17:30ean eta 19:30ean, pelikula on asko, eta gonbidatu interesgarriak haiek aurkezteko. Zinegileak: Bertrand Delapierre, Iñigo Grasset, Amaia Lejarreta, Luke Kane, Yohan Guignard, Ander Salsamendi, Aitor Intxaurraga… eta protagonistak: Natxo Gonzalez eta Garazi Sanchez surflariak, Janire Etxabe dantzaria, eta beste hainbat.

Sarrera salmenta, gaurkorako, agortzear dago, baina artean badaude eserlekuak BBK Aretoko emanaldiez gozatzeko: mendifilmfestival.com.