Imanol Pradales Lehendakaria, eta ezker eskuin Jabier Baraiazarra (Mendi Film jaialdiko zuzendaria), Ibon Gaztañazpi ('Errio' filmaren egilea), Nagore Urdapilleta ('Errio' filmako protagonista eta arraunlaria) eta Gorka Baraiazarra (Mendi Film jaialdiko zuzendari ordea)
Bilbo, 2025eko abenduak 12. Imanol Pradales Lehendakaria bera ere ikusleen artean zela -Ibon Gaztañazpi lagunaren ‘Errio’ ikustera etorrita-, aste barruko egunek jaialdiaren joera onari eutsi diote. Mendi Film oso zabalduta dago jendartean, perfil oparoko ikusleen bilgunea da, eta egunez egun jaialdiak gora egiten jarraitu du.
‘The road we never road’ eta ‘Tras la huella noruega’ pelikulek arrera beroa izan dute. Antoine le Menestrel izan da aste barruko izarretako bat, ‘Batisseurs de reves athomiques’ pelikula eta ‘Folambule’ liburua aurkeztuz. ‘Harri orri arkatz’ pelikularen estreinaldia ere berezia izan da oso, Jon Herranzek zuzendutako lana Expocroquis proiektuaren ginga borobila izan da.
Eta hala, 18. edizioa azken txanpan sartu da. Gaur, ostirala, eguneko azken saioan (19.45) Catherine Destivellek jaialdiko omenaldi nagusia jasoko du, WOP Mendi Film Saria. Liburu editore da orain, eta lehen munduko eskalatzailerik eta alpinistarik puntakoenetako bat, eta mendiko balioen transmisioan izan duen eraginagatik omenduko du jaialdiak .
Oscar sarietan dokumental onenaren hautagaitzan sartzear dauden bi pelikulek parte hartuko dute gaur eta bihar Mendi Filmeko Sail Ofizialean: ‘Girl climber’ eta ‘Champions of the Golden Valley’. Esan beharrik ere ez dago, denen ahotan daudela bi pelikula hauek bertako sarietarako faboritoak aipatzerakoan. ‘Champions of the Golden Valley’ Afganistanen dago oinarritua, eta han burutzen den eski lehiaketa soil bezain eredugarri bat du ardatz, atzean tokiko gerrak eta errefuxiatuen tristurak daudela; gaur, ostirala, proiektatuko da, WOP Mendi Film Sariaren saio berean. ‘Girl climber’, berriz, Emily Harrington eskalatzailearen istorioa da, Estatu Batuetako Yosemiteko El Capitan horman ‘Golden gate’ bidea kateatzen nozitutako istripuak eta gozatutako garaipenak biltzen dituena.
Hiru egunetan, ostiraletik igandera, 15 pelikula berri proiektatuko dira, tartean igande eguerdian (12etan) ikusle gaztetxoenei eta familiei zuzendutako Mendi Magikoa saioko animaziozko 3 filmak.
Eta pelikulez harago, gaur, ostirala, mendiko zinemagintzaren industriaren inguruan burutuko den Mendi Pro saioak ere oso itxura erakargarria du: Ben Sturgulewski eta Katie Stjerholm zuzendari eta ekoizlearen Master Classa ‘Champions of the Golden Valley’ pelikulak Oscar sarietara begira jorratu duen bideari buruz, Mendi Filmek eta Bizkaiko Foru Aldundiak sustatzen duten Bekaren proiektu irabazlea ezagutaraziko da, eta mahai inguru interesgarri batekin amaituko da, ekoizpenak aurrera atera ahal izateko finantzaketa nola bilatu aztertuko duena.
Nazioartean sona handia izango duen beste mahai inguru bat ere asteburuko ekitaldi azpimarragarrienen artean ageri da: ‘Laboratorio Donne 9b+ / Femenino plural’, mendia eta feminismoa ardatz dituena.
Mendi Filmeko 18. Edizioko sarien banaketak eta pelikula sarituen etenik gabeko saioek emango diote amaiera jaialdiari, igande arratsaldean.


Asteburu honetako gonbidatuak: Catherine Destivelle, Ben Sturgulewski, Riccarda de Eccher, Lucia Guichot, Nieves Gil, Mikel Zabalza, Gentzane Osaba
Ostirala 12
· Catherine Destivelle: WOP Mendi Film saria (19.45eko saioa)
· Ben Sturgulewski eta Katie Stjernholm: ‘Champions of the Golden Valley’ Master Class-a (10.00etan) eta pelikularen proiezioa (19.45ean)
· Mendi Pro saioko mahai ingurua Billy Choik gidatuta: Crystal Merryl, Michael Brown, Elena Goatelli eta Ángel Esteban (12.00)
· Mikel Saez de Urabain, Jose Maria Andrés de la Torre, Rubén Pérez eta Alex Kammerlander alpinisten ‘Bhagirathi III’ nazioarteko estreinaldia (17.30)
Larunbata 13
· ‘Akuarela experimentala’ workshopa Eli Azurmendi eta Chema Agustinen eskutik (9.00)
· Nagore Eceiza zuzendariaren ‘Izarren zaunka’ pelikularen nazioarteko estreinaldia Iker Uranga eta Mikel Saez de Urabain protagonistekin (12.00)
· ‘Laboratorio Donne 9b+ / Femenino plural’ mahai ingurua: Riccarda de Eccher, Elena Goatelli, Gentzane Osaba, Lucia Guichot, Nieves Gil eta Irati Zabala (16.00)
· Julen Elorza eta Luis Arrieta zuzendari euskaldunen ‘Cantos y Flores’ eta ‘Sustraiak. Raíces perdidas’ pelikulak (17.00)
· Alfonso Garcíak Atxarteko eskalada iñauteriaz eginiko ‘Un día al año’ pelikularen nazioarteko estreinaldia (19.45)
Igandea 14
· ‘Koloretako mendiak’ workshopa Laura Araneguiren eskutik (10.00)
· Mendi Magikoa haurrentzako eta familientzako saioa: animaziozko 3 film labur + Les Bobé Bobé antzerki konpainia + Eriz magoa (12.00)
· Lucia Guichot eta Nieves Gilen hitzaldia ‘Compañeras de cordada, Eternal Flame’ eta segidan Mikel Zabalzaren ‘Entre el cielo y la tierra’ liburuaren aurkezpena (12.00)
· Sari Banaketa ekitaldia eta lehen Non Stop saioa pelikula sarituekin (17.00)
· Bigarren Non Stop saioa pelikula sarituekin (19.45)




















