EMMOA – Euskal Mendiko Museoaren Fundazioak urrats estrategiko berria eman du euskal alpinismoaren memoria zaindu eta zabaltzeko bere lan ildoan. Joan den maiatzaren 5ean lankidetza-hitzarmena sinatu zuen Mendietxe Museoarekin (Azpeitia), eta horri esker, bere ondare-funtsak museoaren eguneroko bizitzan integratuko dira, gutxienez hiru urtez, urteko alokairu erregimenean berriztagarri, 16.500 euroko kostuarekin.

Hitzarmenak lehen solairuan dauden bi areto uzten dizkio EMMOAri —Las Esclavas komentua izandako eraikinean—, eta bertan erakutsi ahal izango du bere ondare dokumental eta materialaren zati esanguratsu bat: objektu historikoak eta azken hamarkadetan euskal mendizaletasunaren erritmoa markatu duten erakusketak.


KONPROMISO PARTEKATUA: GURE ONDAREA ETA GURE HISTORIA BATERATZEN DITUEN ALIANTZA

Mendietxeren eta EMMOAren artean sinatutako hitzarmen honek, eta Azpeitiko Udala eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuaren laguntzarekin, euskal mendizaletasunaren ondarea Azpeitian kokatutako aldi baterako espazio batean ikusgai jartzea ahalbidetuko du 2026ko urtarriletik aurrera.


Hedatzen jarraitzen duen ondarea

2013an sortu zenetik, EMMOA buru-belarri aritu da euskal mendizaletasunaren ondarea berreskuratu, sailkatu eta zabaltzen. Gaur egun, honako hauek ditu:

• 900 pieza katalogatu eta argazkitan jasota, euskal mendizaletasunaren historiako protagonistek emandakoak.

• 4.500 liburu mendizaletasunari buruz, horietako 1.500 Kartajanarik emandakoak, himalayismoari buruzko bildumarik onenetakotzat jotzen dena.

• 5.000 argazki digitalizatu, XX. mendearen hasieratik gaur egunera arteko testigantza.

• Euskal Herriko eta Estatuko argitaletxe eta mendi elkarteek argitaratutako 50 aldizkari bilduma baino gehiago, etengabe eguneratzen.

• 1922tik egunkarietan argitaratutako orrialde alpinoak, eta 1976tik aurrera euskal egunkarietan argitaratutako mendiko artikuluen bilduma osoak.

• Euskal Filmotekarekin lankidetzan berreskuratutako film historikoak, hala nola Javier Garretaren (70eko hamarkada) bilduma eta Fernando Larruquerten Agur Everest.

• Euskal Mendizale Federazioaren artxibo ofizialak (1924–1970), katalogatu eta digitalizatuta, ikerlarientzako eskuragarri.

• Mendizaletasunari buruzko dokumentazio historiko aberatsa eta dagoeneko zendutako hainbat protagonisten elkarrizketa filmatuak.

• Sei erakusketa iraunkor eta lau ibiltari, 40 herri baino gehiagotan aurkeztuak.


EMMOAk, beraz, Mendietxe proiektuan euskal ikuspegi kultural propioa txertatuko du, jada nazioarteko material baliotsua erakusten duen museoa aberastuz, gure historiaren eta lurraldearen sustraietatik abiaturiko begirada batekin.


NAZIOARTEKO PROIEKZIOA, ERRO LOKALAK

Tokian tokikoa izanik eta boluntario sare baten lan eskergari esker pausoz pauso eraikia, EMMOA, mugak gainditzen dituen egitasmo sendoa da gaur egun.
Gaur egun IMMAko (Mendi Museoen Nazioarteko Aliantza) kide oso da, eta bere patronatuan du Mendi Film Festival, zeinak Mendi Zinema Nazioarteko Aliantzaren (IAMF) presidentzia izango baitu 2028ra arte.

Horrez gain, Euskal Herriko lau lurraldeetako eta Nafarroako mendi federazioak EMMOAren partaide dira, eta haiei gehitzen zaizkie mendi elkarte ugari, 50.000 pertsona federatu baino gehiago eta mendiko kulturaren erreferente nagusiak, memoria, nortasuna eta lurraldea lotzen dituen sare sendo bat osatuz.


MUSEOA ETA BISITAK

EMMOAren parte-hartzea Mendietxeko museografiaren bigarren fasearekin bat dator, eta horrek barne hartzen ditu esperientzia murgiltzaileak.

2026ko urtarriletik aurrera, hitzarmenean jasotzen den bezala, EMMOAren ondare historikoko funtsak jendaurrean erakutsiko dira Mendietxe Museoan.
Museoa bisitatzeko, EMF eta FNDMEren bidez federatutako pertsonek, baita EMMOAko bazkideek ere, %50eko deskontua izango dute museoaren sarreran, ondarea ezagutzeko eta gozatzeko aukera zabalduz.

Aliantza honi esker, EMMOA-k iraganaren eta orainaren arteko bideak marrazten jarraitzen du, euskal mendizaletasunaren historia eta balioak bizirik mantentzeko eta etorkizuneko belaunaldientzat gordetzeko.