Mendi Film Festival Elkarteak mendiko zinema sustatu eta zaintzea du helburu, baita zinema hori sortzen eta garatzen duen industria ere. Mendiko zinema ardatz hartuta, eskaintza bikoitza du: alde batetik, Mendi zinema jaialdia, abenduan egin ohi dena, eta bestetik, Mendi Tourra, urte osoko eskaintza ibiltaria.
Mendi zinema jaialdia, 2008an Gasteizen sortu zen, eta lehen lau edizioak han ospatu ostean, 2012az geroztik, Bilbon egiten da. Munduko txokorik ederrenetara bidaiatzeko aukera eskaintzen du, muturreko abenturak bizi, mendi eta horma tenteak eskalatu, elurretan malda liluragarrietan barrena irristatu, gailurrez gailur korrika egin, ibai basatietako ur lasterretan jolastu, bizikletan baso-bide berriak esploratu, oinez bazter ezezagun eta urrunetara iritsi, aire librean hegan egin, edota Lurreko barrunbeak esploratzeko aukera. Bizi dugun garairako gozagari ezin hobea, zine formatuan.
Mendia, abentura, muturreko kirolak eta natura jorratzen dituen zinemarik onena, nazioarte mailan puntakoena. Inspirazio iturri diren pelikulekin, ikusleak hunkitu eta ametsak pizten dira. Mendiko kulturarekin lotutako ingurumen eta gizarte gaien inguruan hausnarketarako gonbita luzatzen zaie. Barruan daramagun espiritu abenturazalea biziberritzen duen zinema.
Gainera, espazio paregabea eskaintzen du harremanak sendotzeko, protagonisten, sektoreko profesionalen eta ikusleen artean. Horretarako aukera paregabea eskaintzen dute antolatzen diren proiekzioek, hitzaldiek, erakusketek, tailerrek eta abarrek, bai eta profesionalei eta hartarako hautagai direnei zuzendutako ekitaldiek nahiz sustatzen diren beka laguntzek.
Mendi Tourra estatu osoan zehar egiten den emanaldi ibiltaria da, Mendi Filmeko azken edizioko filmik onenen aukeraketa bat bertatik bertara ikusi eta gozatzeko aukera eskainiz. Balioen transmisioa hedatzen du, eta abenduko zinema jaialdi nagusian bizi litekeen giroaren eredu da.
Mendi Film Elkartea IAMF-International Alliance for Mountain Film-eko kide da -2018az geroztik du lehendakaritza-, eta EMMOA-Euskal Mendi Museoko patronatuko kide ere bada.
BALIOAK
- Elkartasuna
- Natura eta ingurumenarekiko errespetua
- Konpromiso soziala
- Izaera integratzailea
- Apaltasuna
- Hurbiltasuna
- Kalitatea
- Berrikuntza
- Euskara/Euskal nortasuna zabaltzea
- Prestakuntza eta zabalkundea