Mendi Tourraren 10. edizioa, BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia zinemaldiko pelikula onenak erakusten dituen zikloa, Zangozan eta Donostian abiatuko da.
Mendi Tourrak urte osora zabaltzen du mendia, abentura, muturreko kirolak, natura eta ingurumen gaien inguruko zinemagintzaz gozatzeko aukera. Iaz, 2019an, esaterako, 50 hiri eta herritan aurkeztu ziren filmak, Euskadi eta Nafarroaz batera, Errioxa, Kantabria, Asturias, Galizia, Gaztela eta Leon, Madril, Extremadura, Andaluzia, Valentzia, Katalunia, eta Aragoin.
Iazko Mendi Film-eko pelikula sarituen maila, bikaina da, beraz 2020ko Mendi Tourrak osagarri ezin hobeak ditu ikusleak inspiratzeko.
- Bilbon Sari Nagusia irabazitako Treeline pelikula hunkigarria.
- Epaimahaiaren Saria eta jendearen maitasuna irabazi zituen Cholitas Boliviako emakume mendizaleen istorioa -zine areto komertzialetan ematen hasiko dira Iruñea eta Bilboko Golem-etan, urtarrilaren 24an-.
- Jesse Dufton eskalatzaile itsuaren balentriak erakusten dituen Climbing Blind Eskaladako Film Onena.
- Reuben Krabbe argazkilariaren erronka itzela kontatzen duen Film Labur Onenaren saria irabazitako Nebula.
- Euskal kultura eta dantza bertikala uztartzen dituen Harria Herria film poetikoa.
- … eta beste hainbat izango dira programazioak osatuko dituzten pelikulak.
Zangozan, bi ostiral jarraian egingo dira, hilak 24 eta 31, Karmengo Entzutegian (20:00); Kirol Patronatuaren bidez, Zangozako Udala da Mendi Tourraren sustatzailea.
Donostian, berriz, udaberriko ohiko datak aurreratu egin dira urtarrilera, eta datorren asteartean eta asteazkenean, hilak 28 eta 29, egingo dira saioak Antzoki Zaharrean (19:30). Donostiako Udala Donostia Kultura bidez, eta Club Vasco de Camping Elkartea dira sustatzaileak.
Filmak jatorrizko bertsioetan eskaintzen dira, azpidatziekin lagunduta, eta saioak Mendi Filmeko ordezkariek aurkezten dituzte, pelikulei eta Mendi Film zinemaldiari buruzko xehetasunak emanez, eta mendi zinemarekiko pasioa elkarbanatuz bertaratzen diren ikusleekin.
BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaiak zinemaldiaren magia, urte osora zabaltzen da. Mendiko pelikulen emozioa eta inspirazioa bertatik bertara esperimentatzeko aukera paregabea ematen zaie genero honen zaleei, eta baita ezagutzeko gogoz daudenei ere, gertuen dituzten aretoetara iristen baita Mendi Tourra.
Hemen, 2020ko Mendi Tour zirkuituko lehen geltokiak:
URTARRILA
24/31 Zangoza
28-29 Donostia
OTSAILA
12-13 Leioa
14/21 Igorre
16 Sondika
17-19-20-21 Gasteiz
MARTXOA
1 Eskoriatza
7 Canet d’en Berenguer
9-10 Eibar
9-10-11 Tolosa