Hautatu hizkuntza
2025, Frantzia, 69min
Zuzendaria: Véronique Anne y Erik Lapied
EUSKADI MAILAKO ESTREINALDIA
Véronique, Anne eta Erik Lapied Gran Paradiso mendiguneko fauna aztertzen eta irudietan biltzen aritu izan dira 18 urtez. Ohiko bideetatik aldendu eta tokiko bizidunen eremuetara jo izan dute, haien arrastoak eta ohiturak dokumentatu eta, animalia-eszena paregabeak eskuratuz euren kamerekin. Halakoetan, gizakiaren eta naturaren arteko harremana poesia hutsa bihurtzen da, eta mendiko fauna-zinemagileen lana azaleratzen da.
2025, Espainia, 12min
Zuzendaria: Jon Mendizabal Roa
NAZIOARTEKO ESTREINALDIA
Oskar Etxebarria (GAES) eta Carlos Arranz (Takomano) espeleologoak Itxina mendigunearen barrunbeetan murgilduko dira, Gorbeiako bihotzean. Lurrazpian ezkutaturiko mundu bat da, barrutik hutsa, eta sarbidea ur putzu estu batean duena. Zerk erakartzen ditu haitzuloetako urpekari hauek bertara? Haien grina, obsesioa eta naturarekiko duten sentimendu sakona ezagutuko ditugu.
2024, Erresuma Batua, Sierra Leona, Liberia, 20min
Zuzendaria: Jude Kriwald
ESTATU MAILAKO ESTREINALDIA
Jude Kriwald britainiarrak Golako oihan tropikal trinkoan zehar, Liberian, bizikletaz egindako bidaia aparta, esploratu gabeko paisaia batean barrena. 53 kg-ko zama zeraman bizikletaz oztopo ugari gainditu behar izan zituen: jausitako zuhaitzak, zubi gabe geratutako arroilak, eta bizi-arriskuko uneak. Non daude erresistentziaren, auto-aski izatearen eta giza espirituaren mugak? Judek maiz galdetu zion bere buruari ea "benetan posible al zen ibilbide hura osatzea”.
2024, Herbehereak, 6min
Zuzendaria: Lisette Wansink
ESTATU MAILAKO ESTREINALDIA
Bazen behin izotz-eskalatzaile bat mendira irten eta etxera itzuli ez zena. Axie ausarta bere zaldun armatuaren bila aterako da haien bi zakur saltxitxek lagunduta, Wunder Dachsies-ak. Stop-motion film laburra, Marianne van der Steen eta Dennis van Hoek izotz-eskaladako txapeldun holandarrengan inspiratua.
2025, Austria, 54min
Zuzendaria: Johannes Mair
ESTATU MAILAKO ESTREINALDIA
2023ko irailaren 20an, Jakob Schubertek arrasto berria ezarri zuen eskaladan, Norvegiako Flatanger-en B.I.G. lehen aldiz kateatuta, aurretik Project Big izenez ezagutzen zen lerroa. Adam Ondrak hamarkada bat aurrerago hornitu zuen bide hori, eta munduko zailenetako bat izatea aitortzen zaio. 2022an, biek, Schubertek eta Ondrak, indarrak batu eta bidea kateatzeko eginahala egin zuten, lortu gabe. Tematuta, Schubert hurrengo urtean itzuli zen filmazio talde batekin batera, eta arrakasta bideratu zuten saiakerak zuzenean eman zituzten streaming bidez.
2024, Frantzia, 45min
Zuzendaria: Antoine Le Menestrel
ESTATU MAILAKO ESTREINALDIA
Antoine Le Ménestrel buru duten ATHOM-eko eskalatzaile-dantzarien abentura, diziplina eta jatorrien gaindi dagoen proiektu poetiko eta anaiarteko batean dantza eta eskalada uztartuz. Kultur Olinpiada proiektuari buruzko dokumentala, Paris 2024ko eta Frantziako Kultura Ministerioaren "inspirazioa, sorkuntza eta desgaitasuna" deialdiaren irabazlea.
2025, EEBB, 47min
Zuzendaria: Ben Knight y Berne Broudy
ESTATU MAILAKO ESTREINALDIA
Greg Durso eta Allie Bianchi mendiko txirrindulari egokituek Vermonteko (Ameriketako Estatu Batuak) txirrindulari komunitatearen babes, laguntasun eta grinak hauspotuta egiten diete aurre beren ezintasunetatik eratorritako oztopoei. Desgaitasunari aurre egiteaz batera, ahaldundu egiten dira, umorez, jarreraz eta determinazio handiz. Mendiko bidezidorrak ezintasunengatiko diskriminazioari aurre egiteko lasterbideak dira haientzat. Horrela, komunitatea sendotzen dute, beste edozein tokitako txirrindularientzat eredu dira.
2025, Espainia, 40min
Zuzendaria: Rubén Pérez Blázquez
EUSKADI MAILAKO ESTREINALDIA
Mikel Saez de Urabain, José María Andrés de la Torre "Chemari", Rubén Pérez "Ino" eta Alex Kammerlander, elkar ezagutzen ez duten lau alpinista beterano, Indiako Himalaiara joango dira Bhagirathi III-ren hego-mendebaldeko pilarea eskalatzera (6.454 m). Zazpi egun pasatuko dituzte horman zintzilik, ekaitzak eta hotz izugarria jasanez eta beren buruak mugaraino eramanez. Gailurretik haratago, ordea, lorpenik handiena lagun gisa elkartuta itzuli izana da.
2024, Argentina, 33min
Zuzendaria: Pablo Schiel
ESTATU MAILAKO ESTREINALDIA
70 urteko gizon batek mendiko eskia egitean izaten dituen beldurrak aztertzen ditu. Heriotza, desira eta denbora ageri dira abentura horren barne-gatazketan, azkena izan daitekeen abentura.
2025, EEBB, 27min
Zuzendaria: Julen Elorza
ESTATU MAILAKO ESTREINALDIA
Anaia hil eta zazpi urtera, harekin burutu asmo zuen amets bati eutsiko dio Karina Carsoliok: Boliviako Huayna Potosi, Illimani eta Sajama mendi ikonikoak igo eta jaistea ahalik eta lasterren, FKTak (ezagutzen den denborarik azkarrena) ezartzen saiatuz. Hillary Gerardi mendi korrikalari zaildua izango du bidaide. Kirol erronkaz batera, Karinak miña kanporatuko du, zauriak ixteko abagunea aurkituko du, eta espiritualki bere buruarekin eta Naturarekin bat egingo du.
2024, Afganistan, Alemania, EEBB, 81min
Zuzendaria: Ben Sturgulewski
ESTATU MAILAKO ESTREINALDIA
Afganistango Bamiyan mendiko herri urrutikoetan eskiatzeko zaletasuna piztu da. Mugimendu horren bihotzean Alishah Farhang dago, behinola eski alpinoan parte hartzen zuen lehen afganistandarra izateko ametsaz Neguko Olinpiar Jokoetarako hautagai izan zena. Hark gidatuta, egurrezko eskiekin eta bigarren eskuko ekipoarekin hornituta, etsaituta dauden herrietako gazteek bat egiten dute parekorik gabeko mendiko eskiko lehiaketa batean. Batasun eta itxaropen katalizatzaile indartsua bihurtzen da ekitaldia. Baina herrialdearen gainbehera harrigarriaren ostean, Alishah-k eta gazteek elur pistetan ikasitako irakaspenak baliatu beharko dituzte errefuxiatu gisa bizirauteko.
2025, Japonia, 130min
Zuzendaria: Junji Sakamoto
Junko Tabei Everest igo zuen lehen emakumea izan zen, 1975ean. Lorpen hark mundua liluratu zuen eta Junko Tabeiren izenak distira handia hartu zuen. Baina, aldi berean, itzal sakon bat ere sortu zen gertuko zituen lagun eta senideengan. Gaixotasun terminal batekin diagnostikatuta, Junko Tabeik mendira joaten jarraitu zuen bere azken urteetan, eta familia, lagunak eta ingurukoak irribarre batekin gonbidatzen zituen bere mundura. Mendizale, ama, emazte, gizaki... Zena zela ere, gailurretik harago zer ikusi ote zuen Junko Tabeik?
2025, Zeelanda Berria, 14min
Zuzendaria: Corinna Halloran
ESTATU MAILAKO ESTREINALDIA
Janina Kuzma eskiatzaile profesionalak haurdun geratzeko arazoak izan zituen ia bi urtez. 2024 hasieran iritsi zen haurdunaldi test positiboa, eta harekin batera galdera berriak ere sortu zitzaizkion: nola alda zezakeen haurdunaldiak mendiarekiko bere lotura? Mendiko gidari lana galduko luke? Atleta profesionala zenez, epaitua izan zitekeen? Ba, prezeski mendian aurkitu zuen bakeak lagundu zion beldur horiei aurre egiten. Bi atleta profesional, Leanne Pelosi snowboarderra eta Evelina Nilsson eskiatzailea, lagun zituela, Zeelanda Berriko Hegoaldeko Alpeetara jo zuen eskiatzera, eta han amatasunaren super-botereak deskubritu zituen.
2024, EEBB, 32min
Zuzendaria: Josiah Jones
EUSKADI MAILAKO ESTREINALDIA
Izotz-eskaladako denboraldia urtetik urtera laburtzen ari dela jabetuta, izotzean eta mixtoan eskalatzen aditua den Jeff Mercierrek, Islandiako paisaia glazial itzeletara jotzea erabakiko du. Etengabe aldatzen ari den ingurunean eta kontu handiz ibili beharreko eremuan murgilduz, Jeffek bere mugak bezala, izotz eskaladarenak ere urratu nahi ditu.
2024, Espainia, 63min
Zuzendaria: Ibon Gaztañazpi
Nagore Urdapilletak, Orio Arraunketa Elkarte historikoko arraunlariak, milaka aldiz zeharkatu ditu Oriako estuarioko urak, baina ez du erreparatu han ezkutatzen diren sekretuetan. Jakinmina piztuta, ordea, ibaian gora abiatuko da, historialariek, herritarrek eta kondaira-kontalariek gidatuta, estuarioaren arima ezagutzera. Antzinako hondartzak eta haitzuloak, balea ehiza, itsas diseinua eta untzigintza, burdinolak, izokin arrandegiak, basozaintza tradizionala… Estuarioaren historia, sekulako altxorra da.
2025, Italia, Pakistan, 31min
Zuzendaria: Andrea Cossu
ESTATU MAILAKO ESTREINALDIA
Stefano Ragazzo ez zen mendian jaio, baina harekiko pasioa tximista bat bezala piztu zitzaion, eta eskaladaren eskutik lautada atzean utzi zuen. Dolomitetako tradizioak inspiratuta, bakarkako eskaladak liluratu zuen, bere mugak gainditzeko modu bat. Erronka? Eternal Flame bidea, Pakistango Karakorum mendilerroaren bihotzean dagoen harkaitz-horma mitikoa. Pasioa, ausardia eta mendiekiko maitasuna uztartuz bidaia zirraragarria alpinismoaren mundura, muturreko abentura batean.
2025, Austria, EEBB, 83min
Zuzendaria: Jonathan Glassberg
EUSKADI MAILAKO ESTREINALDIA
Emily Harrington eskalatzaile profesionalak Everest eta Cho Oyu igo ditu, eta lehiaketa zirkuituan nagusi izan da Estatu Batuetako zailtasuneko txapelketa bost bider irabazita eta behin Munduko txapeldunorde izanda. Baina haren erronka handiena lorpen fisikoetatik haratago doa. Gizonezkoek menperatutako eskaladaren munduan bere ondarea sendotzeko gogoz, Yosemiteko El Capitan horman 24 orduko igoera osatu nahi du era askean. Yosemiteko mutilen klub mitikoaren aurrean, Emilyk ez du soilik emakume eskalatzaile onena dela frogatzen, eskalatzaile guztien artean onenetakoa dela baizik. Kito.
2025, Espainia, 55min
Zuzendaria: Jon Herranz
NAZIOARTEKO ESTREINALDIA
Hainbat eskalatzaile eta artisten begiradaren bidez, eskaladako krokisetan ematen den erabilgarritasunaren eta sormenaren arteko pultsioa agertzen du dokumentalak. Mapa bertikal horiek, ezinezko lerroez gain, ametsak eta abenturak ere irudikatzen dituzte. Dokumentu bakar eta berezi hauen garapena ezagutuko dugu, hastapenetako aztarna-krokisetatik abiatu eta gaur egungo marrazki landuetaraino, eta jomuga berriak deskubritzeko esplorazioan izan duen eragina aztertuko dugu.
2025, Frantzia, 35min
Zuzendaria: Alex Heitler
ESTATU MAILAKO ESTREINALDIA
Mendiko film intimoa, Victor de le Rue-ren barne-ahotsaren bidez kontatua, beldurraren eta obsesioaren artean kateatuta dagoen snowboarder eta abenturazalea. Muturreko freeride lehiaketen eta mendiko abentura basatien jokoan iaioa da, bai, baina oreka bilatu nahi du adrenalinaren eta familiaren artean, anbizioaren eta bakearen artean. Hau gizon batek mendiekin duen solasaldi zintzoa da, elkarrizketa eta harrokeriarik gabea. Azken finean, kontua ez da ibilbide onenarekin asmatzea, guztiz bizirik sentitzea baizik.
2025, Frantzia, 37min
Zuzendaria: Yannick Boissenot
EUSKADI MAILAKO ESTREINALDIA
Mongoliako Altaiko Tavan Bogd mendigunera jo dute Camille Armand, Pierre Hourticq eta Victor Daviet eskiatzaileek. Mendiak eta urrutiko lurralde ezezagunak esploratzea maite dute. Tavan Bogd edo ‘Bost Mendi Sakratuak’, sinbolismoz eta kondairaz betetako mendigunea da. Bi astez, yurta bat kanpaleku nagusi dutela, eskietan eta snowboardeko tauletan lurralde hura esploratzeko aukera izango dute. Baina, egiaz, zer da mendi hautan bilatzen dutena?
2025, Espainia, 77min
Zuzendaria: Mikel Urdangarin
NAZIOARTEKO ESTREINALDIA
Mikel Urdangarin musikariak bere belaontzi zaharberritua Galiziatik Euskal Herrira ekartzeko laguntza eskatu dio Unai Basurkori -munduari itzulia belaontzian eta bakarka osatu zuen itsas-gizona-. Itsas zeharkaldiaz batera, musikariaren barne bidaia ere martxan jarriko da. Olatuak harkaitzen kontra nola, talka gogorra gertatuko da antzinako bi munduren artean. Lehorretik itsas zabalera. Bi bizimodu aurrez aurre. Itsas bizitzak lehorrekoari erantzuten dio, baina lehorrean bertan ere bada kontrapunturik. Dokumentalean agertzen diren sortzaileen testigantzak dira horren erakusle: lehorreko itsaso dira.
2025, Espainia, 18min
Zuzendaria: Nagore Eceiza Mujika
NAZIOARTEKO ESTREINALDIA
Bi lagun Larraitzen daude, Mikel Saez de Urabainek Txindoki mendian liberatu berri duen bide bat eskalatzeko asmoz. Mikelek berak, bide berria izendatzeko inspirazioa aurkitu nahi du tokiko bake eta lasaitasunean. Iker Urangak, berriz, bere min kronikoetatik eta antsietatetik askatzea lortu nahi du.
2024, Espainia, 78min
Zuzendaria: Rodolfo Montero de Palacio / Mario de Benito
Javier López Pagazaurtundua garun-paralisia eta beste desgaitasun batzuk dituzten pertsonei ikusgaitasuna ematearen alde lan egiten duen pertsona da. Urbegi Fundazioaren ‘Lo Imposible’ saria irabazita, amets pertsonal bat betetzeko aukera eman zitzaion, eta Everesteko Kanpaleku Nagusiraino oinez igotzeko erronka hautatu zuen. Bide nekeza, gozatutakoa eta sufritutakoa parte berean, eta bizitza osoan amestutako azken sari bat: munduko mendi garaienak bertatik bertara sentitzea, eta horien bidez Garun Paralisia pairatzen dutenei ikusgarritasuna ematea.
2025, Frantzia, 40min
Zuzendaria: Mathieu Rivoire
EUSKADI MAILAKO ESTREINALDIA
2024ko udan, Liv Sansoz eta Zeb Roche K2 tontorrera igo ziren, 8.611 metrora, oxigeno artifizialik erabili gabe, eta amets zoro batekin: parapentean elkarrekin hegan egitea gailurretik salto eginda. Istorio hau K2 mendiaren edertasun basati eta gordinaren oda bat da, gailurrera igotzeko saiakeratik haratago.
2025, Frantzia, 52min
Zuzendaria: Pascal Barneville
EUSKADI MAILAKO ESTREINALDIA
Rokodromo pribatuen gorakadarekin, Olinpiar Jokoetara iritsita, eta bilakaera azkar batean murgildurik, eskalada kirolak paradoxa bati egin behar dio aurre: lokal itxietan duen arrakasta ez dator bat eskaladako gune naturalek dituzten arazoekin. Cédric Lachat eskalatzaile sonatuak eskaladaren bilakaera eta etorkizuneko belaunaldientzako ondarea zein den aztertzen ditu.
2025, Espainia , 59min
Zuzendaria: Mª Isabel Díaz Novo
Peterrek eta Anatik Le Moulin des Artistes zuzentzen dute Chamonix haraneko XVI. mendeko errota batean: eski-tailerra, arte-gunea eta ideologia antzekoa duten espiritu askeko lagunen topagunea. Le Moulin des Artistes-ek bizitza sormenari eskaintzen zaionean gerta litekeena erakusten digu, izan Peterrek eskuz egindako egurrezko eskiekin, izan Anatiren pinturekin nahiz musikarekin. Sormen espresioak helburu berriak bideratzen lagun dezake, komunitate iraunkor bat eraikitzeko balio dezake, eta hondamendiak gainditzeko kemena ere eman dezake.
2025, Frantzia, 25min
Zuzendaria: Pierre Cadot
ESTATU MAILAKO ESTREINALDIA
Peterrek eta Anatik Le Moulin des Artistes zuzentzen dute Chamonix haraneko XVI. mendeko errota batean: eski-tailerra, arte-gunea eta ideologia antzekoa duten espiritu askeko lagunen topagunea. Le Moulin des Artistes-ek bizitza sormenari eskaintzen zaionean gerta litekeena erakusten digu, izan Peterrek eskuz egindako egurrezko eskiekin, izan Anatiren pinturekin nahiz musikarekin. Sormen espresioak helburu berriak bideratzen lagun dezake, komunitate iraunkor bat eraikitzeko balio dezake, eta hondamendiak gainditzeko kemena ere eman dezake.
2024, Kanada, 11min
Zuzendaria: Chantal Caron
ESTATU MAILAKO ESTREINALDIA
Lurreko espezieen deiadarra, elementuen aurrean biziraun beharrak asaldatuta. Azken arnasa, Lurrak zapalduak izan baino lehen, edo, agian, alderantziz, biziari eusten dioten haize eta mareen aurkako borroka bat, iraungitzera iritsi aurretik.
2025, Frantzia, 38min
Zuzendaria: Bertrand Delapierre
EUSKADI MAILAKO ESTREINALDIA
Benjamin Védrines eskiak hartuta joango da Chamonixera Udaberri osoa han egiteko, penditza pikoetako maldetan jaitsierak egiteko aproposena den sasoia baliatuz. Esperientzia eta talentua uztartzen dituen bikotea osatuko du Nicolas Jean lagunarekin, eta erronka berri bat imajinatu eta burutuko dute: Mont Blanc-eko zeharkaldi osoa 3 egunetan, puntako 11 jaitsiera eginez.
2025, Frantzia, Italia, 50min
Zuzendaria: Bertrand Delapierre
EUSKADI MAILAKO ESTREINALDIA
Mario Colonel, duela 42 urtetik Chamonixen bizi den argazkilari eta alpinista profesionala, kazetaria eta liburu ugariren egilea, bere azken argazki kanpainan murgilduko da. Mont Blanc mendiguneko txoko ederrenak ezagutzen ditu, eta haiei eragiten dien klima-aldaketagatik kezkatuta, goi-mendiko bidaia bat proposatuko digu. Bidean pertsonaia ugari ezagutuko ditu, besteak beste, mendi-gidari zahar bat, filosofo bat, alpinistak, ingurumen-aktibistak, margolari bat, soziologo bat eta basozain bat. Haiekin, gertatzear dauden aldaketei buruz hitz egiten du, itxaropenerako tartea gordez.
2025, Espainia, 22min
Zuzendaria: Jesus Mari Lazkano
Mer de Glaceko paisaia, Mont Blanc mendigunean, denboraren joanean eraldatzen ari da. Gure egungo ikuspegitik ulertzen zaila den "tempo geologiko" bat dago, degradazio progresiboa erakusten duena, eta gu horren parte aktiboa gara. Europan gehien aztertu, margotu eta izendatu den glaziarra da Mer de Glace, hala egin dute Friedrich, Ruskin, Turner edota Violet le Duc bezalako artistek, eta ildo horretan, Jesus Mari Lazkanoren milaka marrazki originalekin islatzen ditu film labur honek izotzaren hazkunde aroen nahiz desagerpen aroen garapena paisaiaren arnasaldiak bailiran. Amaitzeko, paisaia horren behin betiko hondamendia eta bizitzaren kolapsoa islatuko dira.
2024, Italia, 44min
Zuzendaria: Alessandro Beltrame
EUSKADI MAILAKO ESTREINALDIA
Groenlandia ekialdeko ur hotzetan 300 kilometroko odisea epiko bat, lau abenturazaleren eskutik: Mateo della Bordella, Alex Gammeter, Silvan Schüpbagh eta Symon Welfringer. Drøneren mendiaren ipar-mendebaldeko horma eskalatzea dute helburu, 1.200 metroko altuera duen mendia eta aurrez saiakerarik ez duena. Eta haren oinarriraino kayaketan iritsi nahi dute. Ulises moderno hauek ez dabiltza konkista bila, aitzitik, esplorazio senari men egin eta abenturaren esentzia hutsa da behar dutena. Ausardia eta jakin-mina dituzte ezezaguna zaien mundu horretan murgiltzeko iparrorratzak.
2025, Espainia, 110min
Zuzendaria: Javier Álvaro Palomares
NAZIOARTEKO ESTREINALDIA
Juanito Oiarzabalek ez du aurkezpenik behar. 14 zortzimilakoak oxigeno artifizialik gabe igotzen hirugarrena izan zen, eta 14ei "bigarren buelta” emateko erronka bere eginda, guztira 26 zortzimilako igo ditu. Azken bi hamarkadetan, berriz, maiz ikusi dugu telebistako hainbat saiotan. Baina, benetako Juanito ezagutzen al dugu?
2025, EEBB, 60min
Zuzendaria: Dawn Kish
ESTATU MAILAKO ESTREINALDIA
John "Verm" Sherman boulderreko legendak, behinola izan zuen magia berreskuratu nahi du. Munduko bloke ospetsuena eskalatzea otuko zaio horretarako, zer hobe? Yosemiteko Midnight Lightning ikonikoa. Duela 25 urte eskalatu zuen, bai, baina ordutik hona blokea gogorragoa bihurtu da, eta Verm, berriz, bigundu egin da garagardo kupel galanta onduta eta hegazti argazkilaritzarekiko pasioari emanda. Adina (57 urte), pisua (90 kg), dozenaka lesio eta osasun-arazo ugari ditu kontra, baina marmarti bat izateaz gain, tematia eta irmoa ere bada, eta sasoian jartzeko prestakuntza zorrotz batek lagunduta, prest dago “gauerdiko tximistari” aurre egiteko.
2020, Frantzia, 43min
Zuzendaria: Davina Beyloos Montaz-Rosset & Sébastien Montaz-Rosset
Pertsonaia misteriotsu batek kaleko artistak eta mendizaleak errekrutatzen ditu Suitzako Oberlandeko mendi gailurretan proiektu liluragarri bat gauzatzeko. Maja eta Sebastian dira horietako bi, Bernako akrobata gazte talentudunak. Highline, akroyoga, spacenet, aireko oihal bertikalak, parapentea, wingsuit hegaldiak… Era guztietako osagaiak biltzen dituen odisea bertikal harrigarri horretan murgildu edo ez erabaki behar dute.
2024, Brasil, 15min
Zuzendaria: Gabriel Motta, Melissa Brogni
ESTATU MAILAKO ESTREINALDIA
Jaitsieretako skate-patinatzailea da Melissa. Haren lagun Pastranaren omenez, bideo bat editatuko du oroitzapenak, irudiak eta elkarrizketak berriro biziz, eta haren lagunen eta senideen bitartez iragana berreskuratuko du. Pastranaren une oroko presentziak isiltasuna betetzen eta denboraren ulermen sakonago bat barneratzen lagunduko dio.
2023, Espainia, 10min
Zuzendaria: Irene Iborra
EUSKADI MAILAKO ESTREINALDIA
Eguzkia pozarren irten da zerumugatik, eta paisaia zoragarri batek egin dio harrera. Gizakiak ere esnatu dira eta ohikoa egingo dute: zuhaitzak moztu, norabiderik gabe eraiki eta lotsarik gabe kutsatu. Haien pentsaerak eta jokamoldeak ingurumena arriskuan jartzen dute, planetarekiko errespetu falta handia dute. Ulertzen ez dutena da, egiten dutena egiten dutela, lehenago edo beranduago, haiengan ere eragina izango duela. Kosmosak, ordea, ez du hainbeste pazientzia izango…
2025, Erresuma Batua, 12min
Zuzendaria: Brain Hall
ESTATU MAILAKO ESTREINALDIA
Retro ibilkeraren edo atzeraka ibiltzearen lehen aipamenak 1817koak dira, baina 1931ean hartu zuen indarra, Plennie Wingo estatubatuarrak munduari bira emateko saiakera egin zuenean era horretan. Distantzia luzeenaren errekorra hark osatutakoa da: 8.000 milia (ia 13.000 kilometro). 1976an Lindsay Dodd britainiarra Leedsetik abiatu eta Kendalera joan zen atzeraka ibiliz, egun oso bateko errekorra ezarriz: 80 milia (128 kilometro) 24 orduan. 2024an, Ben Stewart britainiarrak, Kilimanjaro atzeraka ibiliz igo eta jaitsi zuen, zortzi eguneko marka ezarriz. Kirol honek indarra hartu ahala, ikusiko ote ditugu marka eta saiakera berriak Himalaiako gailurretan?
2025, Frantzia, 17min
Zuzendaria: Julien Caldarone
ESTATU MAILAKO ESTREINALDIA
eunion uhartean, Diagonale des Fous ultra-traila itxura bikainean osatuko du Martin Kern-ek, azkar eta determinazio handiz, dantzan ariko balitz bezala. Ahalegina, hori bai, muturrekoa da. Martinek bertan emozionalki bizitutakoak oinarri sendoa du entrenamendu-orduetan, bere esplorazio senean, eta liluratuta daukan ingurune horren deskubrimenduan.
2024, Pakistan / Herbehereak, 16min
Zuzendaria: Boris Peters
ESTATU MAILAKO ESTREINALDIA
Filmak naturaren neurrigabeko edertasunaren eta giza zaurgarritasunaren arteko kontraste nabarmena erakusten du. Karakorum mendilerroko glaziar batean burututako 18 eguneko espedizioa da oinarria, bidai gogorra, bai fisikoki eta baita mentalki ere. Boris Peters zuzendariak bi perspektiba jartzen ditu bata bestearen ondoan, kontrasteak sortuz, eta paisaiak erakusten duen gainkarga sentsoriala indartuz.
2025, Italia, 15min
Zuzendaria: Giulia Bertolazzi
ESTATU MAILAKO ESTREINALDIA
Munduko ultra-maratoi muturrekoenetakoa den Marathon des Sables-en parte hartzea da lau lagunen erronka: 250 km-ko lasterketa da, Saharako basamortuan egiten dena, autosufizientzian. Baina honako hau ez da kirol dokumental huts bat. Gizakiak muturreko baldintzetan dituen zaurgarritasuna, erresistentzia ahalmena, eta intimitatea agerian jartzen dituen bidaia mental eta sentsoriala ere bada.
2025, Espainia, 29min
Zuzendaria: Gorka Ipiñazar, Haizea Huegun
ESTATU MAILAKO ESTREINALDIA
Naturak eragin sakona du Gotzon Huegun eskultorearen sorkuntza-prozesuan. Bere begirada artistikoaren bidez, arteari buruzko gogoetak eta gizakien eta ingurune naturalaren arteko harremanaren pertzepzioa partekatzen ditu. Prozesuan, Gotzonen ibilbide eta garapen artistikoari buruz duen ikuspegia agertuko du bere alaba Haizeak, lankide ere badenak. Sorkuntza artistikoa inguruko munduarekiko sinkronia-ekintza bihurtzen da, eta bidaia horretan murgiltzeko gonbitea da hau.
2025, Eslovenia, 8min
Zuzendaria: Rožle Bregar y Rok Rozman
ESTATU MAILAKO ESTREINALDIA
Esloveniako Krka kare-ibaian arrantza egin nahi duten lau kayakistek raftinga aukeratuko dute ibaian behera egiteko. Gazteluz eta kanpai-hormez atondutako ibilguan zehar egingo dute arrantza, eta elkarren arteko lehia biziak eraginda, bidaiak presio handiko karga hartuko du.
2025, Espainia, 70min
Zuzendaria: Luis Arrieta Etxeberria
NAZIOARTEKO ESTREINALDIA
Hiba, Bachir eta Mananen istorioa da hau. Haurrak zirela beren herrialdeetatik migratu behar izan zuten eta, ondoan zainduko zituen pertsona heldurik ez zutela, Nafarroara iritsi ziren. Eskalada eta mendia deskubritu dituzte bertan. Arazoez ahazteko bide ematen die, aske sentitzen dira mendian nahiz eskalatzen, eta testuinguru horretan amets orori heltzeko gai direla sentitzen dute. Baina haien bideak apurka-apurka bereizten hasiko dira.
2025, Espainia, 14min
Zuzendaria: Joel Badia Vila
EUSKADI MAILAKO ESTREINALDIA
800 kilometroko bidaia itzela burutuko du Fernanda Maciel ultra-korrikalari brasildarrak Pirinioetako GR11 ibilbidea osatuz, berak bakarrik, inoren laguntzarik gabe. Hondarribian hasi eta Cap de Creusen amaituz, Kantauri itsasoa eta Mediterraneoa 12 egun eta 12 ordutan lotu zituen. Erronka, ordea, muturreko erresistentzia froga bat baino zerbait gehiago da: konpainiarik, kontsolamendurik eta kontakturik gabe, Fernanda bakardade sakon batean barneratuko da, isiltasuna lagun bihurtuko da, eta mendia ispilu.
2025, Austria, 8min
Zuzendaria: Marco Tribelhorn
ESTATU MAILAKO ESTREINALDIA
Arianna Tricomi, eskiatzaile profesionala eta hirutan Free Ride Munduko Txapelduna, lehiaketak alde batera uztekotan da. Mendiarekin duen harremanaz hausnartzeak eraman du horretara, etengabe berritzen ari den harremana. Etapa aldaketa horretan murgilduta, erronka berriak esploratuko ditu Kanadan, Japonian eta Alpeetan, freeride-aren edertasunaz gozatuz.
2023, Belgika, Frantzia, 11min
Zuzendaria: Rémi Durin
EUSKADI MAILAKO ESTREINALDIA
Burua beti hodeietan duen katagorri txiki bat da Alphonse. Asko gustatzen zaio haiei begiratzea, eta batzuetan argazkiak egitea ere bai. Bere pasioa ez du inork ulertzen, ez gurasoek ez bere lagunek. Baina hodeiak behatzea ez da batere lan erraza. Alphonsek adorea ere erakutsi behar du, esploratzaile handien pare...
2025, Suitza, 30min
Zuzendaria: Jochen Schmoll
EUSKADI MAILAKO ESTREINALDIA
Abiadura errekor berria Alpeetako Eiger, Mönch eta Jungfrau ipar hormetan, Nicolas Hojac suitzarraren eta Philipp Brugger austriarraren eskutik. Aurreko igoera errekorra Ueli Steckek eta Stephan Siegristek ezarri zuten 2004an. 2025eko apirilaren 5ean hobetu zuten Hojac eta Bruggerrek, ilunpetan eskalatuz, pauso zailak menderatuz, erlojuaren kontra lehiatuz eta Jungfrau gailurrera erronka hasi eta 15 ordu eta 30 minutura helduz, aurreko errekorra baino ia 10 ordu azkarrago.
2024, Espainia, 35min
Zuzendaria: Inigo Lamana
NAZIOARTEKO ESTREINALDIA
Agure batek, Zeelanda Berrian bizikletaz bidaiatuko du ametsetan. Lagun batek eta biek luzez eutsi zioten bidaia horren ilusioari, baina sekula ez zuten burutu ahal izan. Ametsean, herrialde hipnotiko bat egikaritzen da -glaziar distiratsuak, estepa amaigabeak, ibai basatiak eta mendi itzelak-, eta bidean pertsona interesgarriak ezagutu eta pasarte gogoangarriak bizituko dituzte. Filmak hainbat gai aztertzen ditu: oroimena, pasatzen utzitako aukeren zama, eta damuaren pisu emozionala. Gogoeta poetiko bat da, ametsak gauzatu egin behar direla erakutsi nahi duena, “balitz eta balego” horretan iltzatuta geratu gabe.