BILBAO MENDI FILM FESTIVALEK IZENA-EMATEKO EPEA ZABALDU DU 2015EKO EDIZIOAN PARTE HARTU AHAL IZATEKO 

Mendiko zinemaren euskal jaialdiak zortzigarren edizioa izango du aurten, Bilbon, abenduaren 11tik 20era, eta lanak jasotzeko epea zabalik egongo da irailaren 30era arte

 

Bilbao Mendi Film Festivalek, mendi, abentura eta muturreko kirolei buruzko euskal zinemaldiak, zortzigarren edizioaren barruko sail ofizialean lehiatu ahal izateko izena-emateko epea ireki du. 

Irailaren 30era arte mendiarekin lotura duten ikus-entzunezko lan mota guztiak bidali daitezke

Mendi zinemaldira. Kontakizuna mendian garatzea edo edukiak mendiarekin zerikusia izatea da pelikulek bete behar duten baldintza. Gaiak, beraz, askotarikoak izan daitezke: alpinismoa, eskalada, mendiko eta abenturako kirolak, eskia, muturreko kirolak, ekologia, ingurumena, etnografia, etabar. 


2013ko urtarrilaren 1etik aurrera egindako ekoizpenak baino ezin izango dira aurkeztu lehiaketara. Jaialdiko Hautaketa Batzordeak aztertuko ditu bidalitako lan guztiak. Izena-emateko eta dokumentazioa bidaltzeko helbide elektroniko hau erabili daiteke: This email address is being protected from spambots. You need JavaScript enabled to view it.

Sektorearen erreferente

2008an martxan jarri zenetik (orduan Gasteizen), asko hazi da Bilbao Mendi Film Festival eta nazioarte mailan erreferente bilakatu da mendiari, abentura eta kirolari lotutako zinemaldien barruan. Denbora gutxian garapen ikaragarria izan du eta sektoreak duen elementu erakargarri bihurtu da.

Iaz 7.300 ikusle izan zituen eta 47 pelikula izan ziren lehian. Jaialdiak hainbat izarren bisita izan zuen gainera, besteak beste, Rebecca Martin National Geographiceko Espedizio Kontseiluko zuzendariarena, David Breashears Hollywoodeko abenturazale eta produktorearena, Estatu Batuetako Jeremy Collins, Kolonbiako Patricia Ayala, Poloniako Bartek Swiderski, Alemaniako Sebastian Mez eta Frantziako Mathieu Le Lay zuzendari eta artistena; Alberto Iñurrategi, Juan Vallejo, Mikel Zabalza, Jordi Corominas, Hansjörg Auer, Remi Thivel, Iker eta Eneko Pou, Edurne Pasaban eta Alberto Zerain eskalatzaile eta alpinistena; eta Montxo Armendariz bezalako zinegileena. Nafarrak omenaldia jaso zuen ‘Tasio’ bere pelikularen 30. urteurrenean.    

Bilbao Mendi Film Festivaleko 2014ko edizioan ikusi ahal izan ziren lan onenak berriz ere ikusgai izango dira Mendi Tourreko hurrengo etapetan, Hernanin (apirilaren 22an), Arrasaten (maiatzaren 5ean) eta Donostian (maiatzaren 11an eta 14an).