BILBAO MENDI FILM FESTIVAL-EK 'MERU' PELIKULAREKIN HASIKO DU BERE ZORTZIGARREN EDIZIOA
20 herrialdetako 130 pelikula baino gehiago jaso ondoren, Bilbao Mendi Film Festival-ek 43 lan izango ditu lehian sail ofizialean
Lehen aldiz proiektatuko da 'Meru' Europako Mendi-Zinemaldi batean
Bilbao, 2015eko azaroaren 3an. Bilbao Mendi Film Festival-ek hasiera emango dio bere zortzigarren edizioari abenduaren 11an, Euskalduna Jauregian, Jimmy Chin-ek eta Elizabeth Chai Vasarhelyi-k zuzendutako 'Meru' pelikularekin. Film hau lehen aldiz aurkeztuko da Europako Mendi-Zinemaldi batean. Pelikula Donostiako Zinemaldiko azken edizioan proiektatu zen “Savage Cinema” sailaren barruan, eta Sundance-ko Jaialdian (AEB) dokumental onenaren saria eman zioten ikusleek.
Gainera Bilbao Mendi Film Festival-ek ondo ezagutzen du Jimmy Chin, 2013ko edizioan 'Into the Mind' pelikula bertan aurkeztu, eta bere ibilbide profesionalari buruzko maisu-klasea eskaini baitzuen.
'Meru' filmak pertsonaien bizitza-erronkan eta adiskidetasun harremanetan sakondu egiten du eliteko hiru eskalatzaileren istorioa kontatzeko (Conrad Anker, Jimmy Chin bera eta Renan Ozturk). Euren iraganaren, barruko deabruen eta naturako elementu gogorrenen kontra borrokatu beharko dira Meru mendiko “marrazo-hegala”, azkeneraino inoiz igo ez den Himalaiako gailur arriskutsu eta zailenetarikoa, igotzen saiatzeko.
Maiatzean izena emateko epea zabaldu zenetik, Bilbao Mendi Film Festival-ek 133 pelikula jaso ditu, iaz baino hamar gehiago, jaialdiak profesionalen artean duen harrera onaren erakusle. Gainera kontinente guztietako 22 herrialdetatik heldu dira lanak, Espainia izanik film gehien bialdu dituena, 27rekin, eta Estatu Batuak bigarrena, 24rekin.
Hainbeste pelikularen artean aukeraketa egitea ez da batere erraza izan, ez delako soilik pelikula kopurua handitu, lanen kalitateak ere gora egin du. Azkenean 13 herrialdetako 43 film proiektatuko dira sail ofizialean.
Iaz ez bezala, jaialdiaren nahietako bat beteko da aurtengo edizioan, “bertako produkzioa sustatzea eta euskarari garrantzia ematea, beti ere kalitateari eutsita”. Hori dela eta, Euskadin produzitutako lau pelikula aukeratu dira eta horietatik bik euskara dute jatorrizko hizkuntza.