Goi-mailako profesionalak Bilbao Mendi Film Festival 2015-eko hitzaldi, mahai-inguru eta solasaldietan
Adam Ondra eskaladako munduko txapelduna, Rebecca Martin National Geographic-eko Espedizio Kontseiluaren Zuzendari Exekutiboa, Alberto Iñurrategi alpinista eta Eneko Atxa sukaldaria, hizlarien artean
Bilbao, 2015eko azaroaren 12an. Bilbao Mendi Film Festival-ek, abenduaren 11tik 20ra Bizkaiko hiriburuan zortzigarren edizioa izango duen Mendi eta Abentura Kirolen Nazioarteko Zinemaldiak, bere lehenengo asteburua, abenduaren 12an (11:30, BBK Sala) bi profesional handiren arteko solasaldiarekin irekiko du. Hiru izar Michelin dituen Eneko Atxa sukaldaria eta 14 ‘zortzimilakoak’ igo dituen Alberto Iñurrategi alpinista, era berezian mintzatuko dira eta oso ondo ezagutzen duten gai bati buruz hitz egingo dute: ‘Erronka’. Sarrerak 5 euroko prezioa izango du.
Arratsaldez (19:30, BBK Sala) Adam Ondrak, eskaladako egungo munduko txapeldunak ‘Slideshow – eskalatzaile baten bizitza’ konferentzia eskainiko du. Bere hastapenei buruz eta Patxi Usobiagaren gidaritzapean egin dituen azken urteei buruz egingo du berba. Sarrerak 8 euro balioko du.
Abenduaren 13an (11:30, BBK Sala) ‘Mendi Talk’-en txanda helduko da. Formakuntza eta dibulgazio hitzaldiak dira eta ikusleei galdera eta komentarioekin zuzenean parte hartzeko aukera ematen zaie. Aurten ‘Mendi Talk’-ek proiektuak izango dituzte ardatz. Lehenengo Rebecca Martin-ek, National Geographic-eko Espedizio Kontseiluaren Zuzendari Exekutiboak, erakundeak ematen dituen bekak aurkeztuko ditu: ‘The Young Explorers Grants Program’ eta ‘Expeditions Council’.
Gainera Bilbao Mendi Film Festival-en laguntzarekin National Geographic-en diru-laguntza lortu duen Eñaut Izagirre gazteak ‘Incógnita Patagonia’ bere proiektua nola garatu duen azalduko du.
Ondoren Dani Salas zuzendari eta errealizadoreak Dokumalia Producciones-en ‘Jugando a escalar’ dokumental-proiektua erakutsiko du. Bertan izango da, gainera, protagonistetako bat, 14 urteko Andoni Esparta bilbotarra, eskaladan etorkizun oparoa duena. ‘Mendi Talk’-etarako sarrera doakoa izango da.
‘Panel Talk: gidek hitza hartzen dute’ delakoan, abenduaren 15ean (19:30, BBK Sala) mendian espezializatutako Óscar Gogorza kazetariak Simón Elías eta Christian Ravier alpinistak mahai inguru atseginean gidatuko ditu hain ezaguna ez den ogibidearen zirrikitu guztiak erakusteko. Sarrerak 8 euro balioko du.
Abenduaren 19an (11:30, Sala BBK) Imanol Marrodan artista eta argazkilariak ‘Anboto, mundu higikor baten irudia’ mintzaldia emango du eta, sinadura saio bat barne, ‘Anboto’ gerturatuko du, liburu formatua hartu duen argitalpena, mendian eta inguruan bost urte baino gehiago iraun dituen esplorazio baten emaitza.
‘2T on Chamlang’ pelikularen estreinaldi mundiala
Aurreko ekintzez eta sail ofizialean proiektatuko diren 43 filmez gain, Bilbao Mendi Film Festival-ek hiru lan izango ditu lehiaketatik kanpo.
‘2T on Chamlang’, urriaren 19an Nepalgo mendia igo zuen eta Alberto Iñurrategi, Juan Vallejo eta Mikel Zabalza alpinistek eta Juanjo Otazu kameralariak osatutako WOPEAK espedizio arrakastatsuari buruzko pelikula BBK Salan estreinatuko da, 19:30etako saioan. Karen Solé Hughes-ek zuzendu du filma.
Horrez gain, BBK Salan, lehiaketatik at ere proiektatuko dira ‘Iraitz, le basque de La Grave’ (abenduaren 14an, 19:30etan) eta ‘Dominica’ (abenduaren 17an, 17:00etan) metraje laburreko filmak.