Bilbao Mendi Film Festival eta Donostiako Zinemaldia eskutik aurten ere Savage Cinema saileko bosgarren edizioan.
Jennifer Peedom zuzendariaren Mountain filma pantailaratuko dugu. Mendizaletasunaz ari den lan bikaina, Willem Dafoe aktorearen narrazioak eta Australiako Ganbera Orkestraren soinu bandak are ederrago egiten dutena.
Zinemaldiko Prentsa Oharra:
Rory Kennedy eta Jennifer Peedom zuzendari prestigiotsuen film berriak; Serge Hazanivicious zuzendariaren ekoizpen frantsesa, Bérénice Bejo protagonistarekin; Indonesiako paradisu baten aurkikuntzaren historia, oraindik kontatzeke dagoen abentura bakanetako bat; Chris Burkard argazkilari prestigiotsuaren proiektu pertsonal bat; eta film biografiko bat, Kai Lenny surflariari buruzkoa. Horiek dira Savage Cinemaren bosgarren edizioko sei proposamenak. Lehiaketaz kanpoko sail hori, kirolean eta abenturan espezializatua, Red Bull Media House etxearen lankidetzarekin egiten da.
Peedomek, zeinak 2016an dokumental onenaren BAFTA sarirako izendapena lortu baitzuen Sherpa filmarengatik, Mountain aurkeztuko du, altuerako paisaiei eta halakoek miloika lagunengan sortzen duten lilurari buruzko oda bat. Gailurren edertasuna goresten duen film poetiko bat, Willem Dafoeren narrazioarekin eta soinu-banda bereziarekin. Bilbao Mendi Film Festival jaialdiarekin lankidetzan aurkeztuko da. Asmo handiko proiektu bat da, eta, Tout là-haut / To the Top filmarekin batera, genero berrietara irekiko du Savage Cinema saila; hain zuzen ere, sailean sartu den lehen fikzio-filma baita Serge Hazaniviciusek zuzendutako eta Bérénice Bejok protagonizatutako lan hori.
Paradisuaren bilaketa behin eta berriroko gaia da Savage Cinemaren programazioan. Aurten ere sailera itzuli da, oraindik kontatu gabe dagoen XX. mendeko abentura gutxietako batekin, Desert Point olatuaren aurkikuntzarekin (Secrets of Desert Point). Ira Opper ekoizle eta banatzaileak, akzio-kiroleko edukien alorreko aurrendariak, Bill Heickek grabatutako irudiak berreskuratu ditu 40 urtez isilpean gorde den surf-bidaia basati hari forma emateko.
Horrez gain, Chris Burkard argazkilariaren Under an Arctic Sky filmak esploratzeko modu berriak irudikatzen ditu, eta horietan, irudimena eta teknologia dira nirbana berriak aurkitzeko funtsezko bitartekoak.
Aparteko bizitzak jasotzen dituzten bi film biografikorekin osatu da programazioa. Take Every Wave(Sundance 2017) Rory Kennedy zuzendariaren biopic bat da, 2007an Ghosts of Abu Ghraib filmarekin Emmy bat irabazi eta Last Days in Vietnam zuzendu ondoren (film luze dokumental onenaren Oscar sarietarako izendatua 2015ean). Kennedyk Laird Hamilton aukeratu du filmaren ardatza izateko; izan ere, Estatu Batuetako herri-imajinarioan sartu den surflari bakanetako bat da. Hainbat kirolari gaztek hartu du haren erreleboa: esaterako, Kai Lennyk, diziplina ugarietan munduko txapelduna izan den gaztea. Paradigm Lostfilmak haren heldutasuna eta ozeanorekin duen lotura irudikatzen ditu.