Bilbao Mendi Film Festivalek 'Karakorum' erakusketa aurkeztu du gaur
Bilbao Mendi Film Festival-ek, Baltistan Fundazioarekin batera, Mikel Alonso argazkilari bilbotarraren ‘Karakorum’ erakusketa aurkeztu du gaur, jaialdiarekin lotuta antolatzen diren ekitaldien barruan
Erakusketa Rekalde Aretoan ikusgai egongo da abenduaren 4tik urtarrilaren 10era arte, doakoa izango da eta Hushe bailarako jendearen bizitza, paisaia eta jendea erakutsiko du
Bilbao, 2015eko abenduaren 3an. Hushe Haranean giza garapena bultzaten duen eta gobernuz kanpoko erakundea den Baltistan Fundazioak Bilbao Mendi Film Festival-ekin batera, Mikel Alonso argazkilari bilbotarraren ‘Karakorum’ erakusketa aurkeztu du gaur. 30 argazkik osatuko dute erakusketa, batzuek formatu handian, Hushe bailarako jendearen bizitza eta paisaia nolakoak diren azalduz. Bilboko Rekalde Aretoko prentsaurrekoan izan dira Jose Manuel Ruiz (Baltistan Fundazioko Presidentea), Mikel Alonso (argazkilaria), Pilar Kaltzada eta Lorena Fernandez ('Doce Miradas' elkartearen kideak), Alberto Iñurrategi alpinista eta Jabier Baraiazarra (Bilbao Mendi Film Festivaleko zuzendaria).
Haran horretan 30.000 pertsona inguru bizi dira, Hushe ibaiaren ertzetan zehar sakabanatuta dauden herrixketan, Baltistanen, Pakistanen. Granitoko pareta handiek inguratutako herri txikiak dira; K2, Gasherbrum edota Broak Peak bezalako munduko ‘zortzimilako’ batzuetara heltzeko igarobideak.
Baltistan Fundazioko boluntarioei lagunduta, etxean, kalean eta eskolan hartutako emakume eta neskatoen argazkiak jasotzen ditu erakusketak. Fundazioak neskato eta mutikoen arteko berdintasuna eta orokorrean genero berdintasuna sustatu du urteetan. Fundazioko kideei esker egin ditu argazki gehienak Mikel Alonso bilbotarrak. Argazkiak, emakume eta gizonen arteko berdinatsuna bultzatzen duen 'Doce Miradas' elkartearen kideek idatzitako testuekin lagunduta agertzen dira erakusketan.
Helburua persona hauek nola bizi diren islatzea da, zertan lan egiten duten, euren herriak, etxeak, eskolak, orohar, nola bizi diren munduko lekurik ederren baina aldi berean zail eta hunkigarrienetariko batean.
Bestalde, Baltistan Fundazioak gaurko aurkezpena aprobetxatu nahi izan du abendua eta martxoa bitartean 50 euroko bonuen kainpaina bat martxan izango dutela azpimarratzeko. Bonu hauetatik ateratzen duten dirua Baltistan eskualdeko neskatoak eskolatzeko erabiliko dute. 2016ko kurtsorako helburua 600 neska eskolaratzea izango da. Hortik dator, hain zuzen ere, aurtengo kanpainaren izenburua: 600 BONU-600 NESKA.
Erakusketa doan bisitatu daiteke abenduaren 4tik urtarrilaren 10era Bilboko Rekalde Aretoan. Bilbao Mendi Film Festival-en egitarauaren barruko ekitaldia da.
'Karakorum' argazki erakusketa
Noiz: 2015eko abenduaren 4tik 2016ko urtarrilaren 10era
Lekua: Rekalde Aretoa
Ordutegia: Asteartetik larunbatera: 10:00-14:00 eta 17:00-20:30
Igande eta jai-egunetan: 10:00-14:00
Astelehenetan: Itxita
Doako sarrera
SAMINA BAIG-en HITZALDIA
Bilbao Film Festivalek eta Baltistan Fundazioak elkarrekin antolatutako ekintzen artean ere nabarmentzen da Samina Baig alpinistak Rekalde Aretoan abenduaren 9an 19:00etan eskainiko duen hitzaldia.
Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Bilboko Udalaren babesarekin, Baltistan Fundazioak, BMFF-en laguntzarekin, “Beste begirada batzuk” izenburua daraman hitzaldi-zikloa antolatu du. Islama praktikatzen duten edo islamaren munduarekin lotzen diren kulturen kide diren, eta eguneroko albisteeetan protagonista izaten direnengandik aldenduta erreferente eta eredu bihurtu diren pertsonen bizitza-lekukotasunak azaltzea da helburua. Hau da, Islamarekin lotutako beste ikuspegi eta errealitate batzuk agerian jartzea da hitzaldi hauen xedea.
Samina Baig Khayal, 1990eko irailaren 19an jaiota, lehen emakume pakistandarra eta herrialde horretako hirugarren pertsona izan da Everesta eskalatzen. Mendi horretara igo den emakume musulman gazteena ere bada, 21 urterekin igo baitzuen. Samina Zazpi Gailurrak (kontinente bakoitzeko gailurrik altuena) igo dituen lehen emakume pakistandarra eta lehen emakume musulmana ere izan da.
Samina Baig-ek abenduaren 9ko hitzaldia eskainiko du eta gainera Bilbao Mendi Film Festivala bisitatuko du 'Beyond the Heights' pelikularen protagonista gisa. Pelikula Sala BBK-n aurkeztuko da abenduaren 15ean 17:00etako saioan.