Bilbo, 2025eko abenduak 13. BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia zinema jaialdiaren 18. Edizioak badu palmaresa, 12 sariz osatutakoa. Crystal Merril (AEB) Mountainfilm Telluride-eko zuzendaria, Michael Brown (AEB) eta Elena Goatelli (Italia) zinegileak, Aleksandar Zarapchiev (Mazedonia) Echo Film Festivaleko zuzendaria, eta Carmen Martinez (Euskal Herria) Bizkaiko Koral elkarteko gerentea epaimahaikideek tinko egin dute lan, aurtengo Sail Ofizialean parte hartu duten 45 filmak aztertu eta azken ebazpena emateko.

Sari Nagusia ‘Champions of the Golden Valley’ filma estatubatuarrak irabazi du, Ben Sturgulewski zuzendariaren lana. Afganistango Banyam eskualdean kokatuta dago pelikula, eta han urtero egin ohi zen mendiko eski txapelketa berezi bat du ardatz. Hori, eta muturreko mugimenduek herrialdean eragindako gerraren basakeria, eta ondorioz errefuxiatuen nahigabeak. “Eskiatzeari buruzko film bat baino zerbait gehiago da. Gerraren basakeria, migratzaileek jasaten dituzten zailtasunak, beldurra eta bakardadea irudikatzen ditu, komunitatearen eta adeitasunaren boterearekin batera”, azpimarratu dute Epaimahaikideek. Filmak transmititzen dituen balioei zor, filma “bero, dibertigarri eta hunkigarria” bezala deskribatu dute.

Iaz New Yorkeko Tribeca  zinemaldian estreinatu zen pelikula da, eta harrez gero sari garrantzitsu asko jasotakoa mundu osoan barrena. Bilbon, Mendi Filmen, itxi du jaialdien etapa, eta orain Oscar sarietarako dokumental onenaren hautagaitzan jarri dute indarra Sturgulewskik eta pelikulako ekoizle Katie Stjernholm-ek. Bikote honek Mendi Filmeko agertokian aurkeztu zuen bere lana ostiral gauean, eta publikoak txalo zaparrada hunkigarria eskaini zien.

 

4 euskal zinegile 12 sarituen artean

Lau euskal zinegilek irabazi dute sariren bat. Aurten aurkeztutako 55 pelikuletatik 12k zuten euskal egiletza, eta nazioarteko erakusleiho honetan uzta oparoa jaso dute: Luis Arrieta nafarraren ‘Sustraiak. Raíces perdidas’ Kultura eta Natura Film Onena izendatu dute; Julen Elorza gipuzkoarraren ‘Cantos y Flores’, Kirol eta Abentura Film Onena; Mikel Urdangarin bizkaitarraren ‘Itsasora’ lanak Soinu Banda Onenaren saria jaso du; eta Nagore Eceiza eta Iker Uranga gipuzkoarren ‘Izarren Zaunka’ izan da EiTB Euskarazko Film Onena saria jaso duena.

Faboritoen izendegian agertzen ziren ‘Oiarzabal. Entre Juan y Juanito’, Emily Harringtoni buruzko ‘Girl Climber’, edota ‘Best Day Ever’, ere sarituak izan dira.

 

Sari-banaketa ekitaldia, igandean

Sari-banaketa ekitaldia, saridun asko bertan direla, abenduaren 14an, igandean, izango da, jaialdiaren azken egunean, 17:00etan hasiko den saioan.

Saio berean, eta sari-banaketaren ondoren, 'Champions of the Golden Valley' eta 'See What I Saw: Karakorum' filmak proiektatuko dira. Azken saioan, 19:45ean, 'Le Moulin des Artistes', 'Best Day Ever' eta 'K2 Mon Amour' film sarituak eskainiko dira.

 

PALMARESA eta JUSTIFIKAZIOAK

 

Grand Prize – Gran Premio – Sari Nagusia

Champions of the Golden Valley

Aurtengo Sari Nagusiaren irabazlea film bero, dibertigarri eta hunkigarria da, baliabide mugatuekin ere alaitasuna aurkitzea posible dela gogorarazten diguna, batez ere elur-maldak dauden inguruetan. Hau eskiatzeari buruzko film bat baino zerbait gehiago da ordea. 'Champions of the Golden Valley' filmak gerraren basakeria, migratzaileek jasaten dituzten zailtasunak, beldurra eta bakardadea irudikatzen ditu, komunitatearen eta adeitasunaren boterearekin batera. Filmaren mezu unibertsalak epaimahaiarengan arrastoa utzi zuen kredituak amaitu eta handik denbora askora ere.

 

Best Director – Mejor Director – Zuzendari onena

Jonathan Glassberg por Girl Climber

Jonathan Glassbergek, protagonistarekiko errespetu eta kontakizun liluragarri baten bidez, munduan bere lekua definitzeko borrokan ari den emakume baten erretratu indartsua sortzen du. Ikusten den eskalada jarduera sekulako erronka da, baina emakume gazte batek bere helburuak lortzeko egin behar duen bidaia pertsonala erakusteko baliabide bat baino ez da. Emily Harringtonek bere ametsak jarraitu ahal izateko estereotipoak nola hausten dituen erakusten du 'Girl Climber'-ek.

 

Best Script – Mejor Guion – Gidoi Onena

Oiarzabal. Entre Juan y Juanito

Filmak artxiboko irudi eta elkarrizketa kopuru ikusgarria antolatu eta zentzua ematea lortzen du. Gainera, Espainiako mendizale ospetsu eta polemikoenetako baten bizitzako berrogeita hamar urte baino gehiago laburbiltzen dituen kontakizun sendoa eskaintzen du.

 

Best Cinematography – Mejor Fotografía – Argazkilaritza Onena

See What I Saw: Karakorum

Film hau, azalpenik gabe, leku bat ezagutzeko gonbidapen deigarria da. Konposizio maisu batek gidatuta eta gizatasun samurra erakutsiz, ikusleak beren ikuspuntua aukeratzera gonbidatzen ditu, irudi bikainez gozatzen duten bitartean.

 

Jury Award – Premio del Jurado – Epaimahaiaren Saria

Best Day Ever

Mendian eta naturan ibiltzeak eskaintzen dituen pozaren eta askatasunaren erakusgarri delako. Txirrindularientzat, bizikleta ez da garraiobide huts bat, bizimodu bat baizik. ‘Best Day Ever’ filma auzolanaren indarraz ari da, bide irisgarriak eraikitzeko baliagarri izan den talde lanaren indarraz, kasu honetan.

 

Best Soundtrack – Mejor Banda Sonora – Soinu Banda Onena

Itsasora

Gutxirekin asko lor daitekeela erakusten du filmak, maisuki eta ezin hobeto integratutako soinu-bandari esker. Filmeko melodia gogoangarriak ahaztezinak bihurtzen dira. Argazki harrigarriarekin batera, 'Itsasora' filmaren soinu-banda itsasgizonen eta belaontzietako gizonen soinua da, itsasoaren bihotzetik zuzenean hartua.

 

EiTB Award for Best Basque Film – Premio EiTB a la Mejor Película en Euskera – Euskarazko Film Onenari EiTB Saria

Izarren zaunka            

Irudi bidezko poesia darion bidaia bat, abenturazale baten ohar filosofikoak, adiskidetasuna eta eskalada, soka berean biltzen dituena. Eskalada antidoto indartsua izan daitekeela erakusten du film labur honek, bereziki Euskal Herri zoragarrian.

 

Best Mountaineering – Mejor película de Alpinismo – Mendiko Film Onena

K2 Mon Amour

Liv Sansoz eta Zeb Rocheren bidez, 'K2 Mon Amour' filmak agerian uzten du unerik onenak ez direla gailurra lortzen denean gertatzen. Une horiek, nahi dugun lekuan eta guretzat garrantzitsuenak diren pertsonekin gaudenean gertatzen dira. Filmak maitasuna motor gisa aurkezten du, abenturaz betetako bizitza baten eragile, eta espedizio handi bat istorio intimo bat bihurtzen du.

 

Best Climbing – Mejor película de escalada – Eskaladako film onena

Old Man Lightning

John “Verm” Shermanen bizitza bizitzeko bidaia, agian ondoegi bizitzeko, gaztaroaren indarra alferrik galdu duela deskubritzen duen bitartean. Denborak giza gorputzean duen eragin geldiezinari buruz duen ikuspegi berezia partekatzen du. Erlojua atzera botatzeko ahaleginean bereak eta bi egiten saiatuko da era heroikoan, eta bidean garaipen gozoak ere lortuko ditu, baina aldi baterako lorpenak baino ez. Azkenean, Verm-ek, zorte piska batekin bizitzan onena bilatzen eta benetan gozatzen ikas dezakegula ikusten laguntzen digu.

 

Best Sport & Adventure – Mejor película de Deporte y Aventura – Kirol eta Abentura Film Onena

Cantos y Flores

Ultra lasterketak ez dira norbere trebetasunak probatzeko modu bat soilik; askorentzat, bakea, kontsolamendua eta helburura iristeko bidea dira. Cantos y Flores' filmean, Karina mendi lasterkariak atsekabea gainditu eta bere sustraiekin berriro konektatzea lortuko du. Mendian denbora pasatzea, batez ere lagunekin, sendagairik onena izan daitekeela gogorarazten digu.

 

Best Culture & Nature – Mejor Película de Cultura y Naturaleza – Kultura eta Natura Film Onena

Sustraiak, raices perdidas

Film indartsu honek eskaladan babesleku bat aurkitu duten hiru etorkinen bizitza erakusten digu, Ggizakiok berezko dugun pertenentzia beharra asetzeko modu bat aurkitu dute eskaladan. Mundu gero eta indibidualista eta kontserbadoreago batean, film honek zubiak eta harremanak eraikitzearen garrantzia azpimarratzen du, lankidetzarako eta komunitate-bizitzarako bide berriak irekiz.

 

Best Short Film – Mejor Cortometraje – Film Labur Onena

Le moulin des artistes

Bisualki liluragarria den film labur bat, artea dedikazioz eta debozioz bizitzeko erabaki ausarta irudikatzen duena. Erritmo leun eta hizkuntza bisual indartsu baten bidez, filmak eguneroko bizitzaren ontasunen eta konformismoa baztertzeko behar den ausardiaren arteko kontrastea agerian jartzen du. Ederki azpimarratzen du komunitateak kidetasun iturri gisa duen botere isila.