Kurt Diemberger, Donostiako Nazioarteko Mendi Zine Lehiaketan (1983) eta Dariusz Zaluski, BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaian (2019)
Kurt Diembergerrek badu segida emango dionik: Dariusz Zaluski. “Zortzimiletako zinemagile” goitizena zor zaie biei, eta aitortza hori egiten dion sari bera jasoko dute denbora tarte txikian, IAMF-Mendiko Zinemaren Aldeko Elkargoaren (International Alliance for Mountain Film) Sari Nagusia.
Dariusz Zaluski 2021eko saritua da. Zinemagile poloniar doitua eta alpinista zaildua, ‘Ostatnia Gora (The Last Mountain)’ filma aurkeztu zuen Bilbon 2019ko Mendi Film-en, bi sari irabaziz: Zuzendari Onenaren saria eta Mendiko Film Onenarena. 2018ko neguko K2-ko espedizio poloniarraren bizipen, barne-gatazka eta balentriak erakusten ditu filma bikain horrek, Krzysztof Wielicki lider zela, eta tartean Denis Urubko edota Adam Bielecki bezalako puntako alpinistak alboan zituela; haien artean espediziokide bat gehiago izan zen Zaluski, batez ere filmagintzaren ardura hartuta. Goi mendiekin lotutako 15 filma egin ditu, eta alpinista nahiz zinemagile gisa estimu handia du: aipatutakoez gain, Andrzej Zawada, Simone Moro, Gerlinde Kaltenbrunner, Piotr Pustelnik, Piotr Morawski, eta prestigiozko beste hainbat alpinistekin lan egin izan du.
Zaluskik 62 urte ditu, eta bete-betean ari da Himalaiako langintzetan, goi-mendietan. Diembergerrek, 89 urterekin, testigantza eta eskarmentua ditu orain erakusgai, bere jakintzaren kutxak asko baitauka emateko. Broad Peak (1957) eta Dhaulagiri (1960) gailurretara igotzen historiako lehenak izan ziren espedizioetan protagonista izan zen, baina kurrikuluan badu harro egoteko beste arrazoirik: mendiko zinemagile eta idazle emankorra izan da oso, eta horregatik “Zortzimiletako zinemagile” ezizena eman izan zaio. 2018an jaso zuen austriarrak IAMF Sari Nagusia, Bilbon, Mendi Filmen 11. edizioan programatuta Sala BBK aretoan egin zen ekitaldi beroan.
Kurt Diemberger, Jabier Baraiazarra eta Eduardo Martinezekin, Mendi Film Zuzendaria eta Presidentea (2018)
Euskal Herria eta euskaldunak estimuan ditu Kurt Diembergerrek. Zenbatetan jantzi ote du Pedrotxo Otegi eta haren emazte Carmenek behin oparitutako kaikua, Errenteriako eta Donostiako armarriak josita zituen hura. Pedrotxo Otegi Eusko-nafar Alpinismoko Federazioko Presidente izan zen 1957tik 1967ra, Andeetako ikurrinaren aferak garaiko gobernu frankista ernegatu eta Federazioa indargabetua izan zen arte; Angel Sopeñaren agintaldiko lekukoa hartu zuen Otegik, eta bere agintaldian mendizaletasunaren ikuspegiari berritua eman zion Euskal Herrian: sona handiko nazioarteko alpinistak ekarri zituen hitzaldiak eta emanaldiak eskaintzera, euskal belaunaldi gazteei eredu eta makulu berriak erakutsiz. Izar haietako bat zen Diemberger, geroztik 70. eta 80. hamarkadetan makina bat aldiz Euskal Herrira bisitan itzuli zena.
Mendi zine lehiaketa Donostian
Donostiako mendi zine lehiaketa izan zuen, esaterako, jomuga kuttunetako bat. Filma berriekin bertaratu zen hainbatetan: ‘Diamir Les Envoutes de Nanga Parbat’, ‘K2, La Montaña de los Italianos’, ‘Everest East Face’, ‘K2, lo Spigolo Nord’… 1982an epaimahaiko kide ere izan zen. Lehiaketaren lagun fidel bihurtu zen, eta hala eutsi zion Donostiako sugarra 1985ean itzali zen arte.
Zazpi urtez mendi munduko erreferente ziren alpinista eta mendizaleak hartu zuten parte Donostiako lehiaketan. Inspirazio eta informazio iturri bihurtu ziren euskal mendizaleentzat, eta filma haien bidez alpinismoan eta eskaladan ematen ari ziren joera berriak zein ziren ikusi ahal izan zuten saioetara joaten ziren milaka ikusleek. Esaterako, kirol eskaladak eskalada tradizionalaren aurrean zekarren iraultzaren berri izan zuten Sebastian Alvaroren ‘Nueva Dimensión’ (1981) filmean Manuel Martínez ‘El Musgaño’ La Cabreran (Madrid) era librean eskalatzen ikusiz, edota Jean Paul Janssen-en ‘La Vie au Bout des Doigts’ (1983) filmean Patrick Edlingerrek nola eskalatzen zuen miretsiz.
Kurt Diemberger, Sebastián Álvaro, Jean Afanassieff, Renato Casarotto, Julie Tullis, Bernard Germain, François Valla, Gilles Chappaz… hainbat izan ziren bertatik bertara ikusi ahal izan ziren mendi munduko pertsonaia ezagunak Donostiako agertokietan: Miramar eta Astoria zinemak, nahiz Gipuzkoako Aurrezki Kutxa Probintzialeko eta Donostiako Aurrezki Kutxa Munizipaleko aretoak.
Mendiko zinemaren inguruko kultura han hasi zen errotzen hainbat zaleren artean, zinemagile arrakastatsuenen arrastoan sartu ziren, hala nola: Leo Dickinson, Jean Marc Boivin, Denis Ducroz, Gerhard Baur, Patrick Vallençant… Garai haietako influencerrak, pisuzko erreferenteak, ziren, eta jarraitzaile andana erakarri zuten. Gertuko egileen talentua agerian jartzeko ere balio izan zuen Donostiako erakusleihoak: Javier Garreta, Suso Rodriguez, Jordi Pons, Martin Garcia Garmendia… 35 mm-ko eta 16 mm-ko filmen garaia zen, eta baita Super 8-a mendian baliabide arin eta erabilgarri bat bezala ikusten hasi zenekoa.
Kurt Diemberger eta Julie Tullis, Donostiako mendi zine lehiaketan (1985, David Hernandezek utzitako argazkia)
IAMF sarituak eta Euskal Herria
Donostiako nazioarteko mendi zine lehiaketa eta IAMF Sari Nagusia, estuki lotuta daude, azken hau sortu zenerako lehena desagertu zela 17 urte pasa baziren ere. Donostian 80ko hamarkadan filmak aurkeztu zituzten hainbat egilek, IAMF-ren aitortza jaso dute gerora, milurteko berrian: esaterako, Gerhard Baur-ek estreinatu zuen IAMF Grand Prize saria 2002an; Donostian lau filma aurkeztu zituen zinemagile alemaniarrak eta haietako batekin 1983ko Urrezko Aritza irabazi, ‘Der Weg Ist Das Ziel – La Tragedia del Eiger de 1936’. Leo Dickinson saritu zuen IAMF-k 2003an, eta Donostian bi Urrezko Aritza irabazi zituen britainiarrak, ‘Dudh Kosi – Relentless River of Everest’ (79) eta ‘Eiger’ (84). Sebastián Álvarok 2008an jaso zuen IAMF saria, Donostiako lehiaketan ezagutu zuen euskal jendarteak egile madrildarra, denboraren joanean “Al Filo de lo Imposible” telebista saioarekin mendiko zinemari sekulako ekarpena egin zion zuzendaria. Azkenik, 1983an Donostiako lehiaketako epaimahaikide izen zen Gilles Chappaz zinemagile eta Montagnes Magazine aldizkariko erredaktore frantziarrak, 2017an jaso zuen IAMF saria.
1979tik 1985era egin zen Donostiako Mendi Zine Lehiaketak arrasto sakona utzi zuen geurean, eta baita mundu zabalean ere. Garai hartan Italiako Trentoko zinemaldia zen erreferentea, 1952an sortua, eta baita Suitzako Les Diablerets ere, 1969an abiarazi zutena. Ameriketako Banff eta Telluride hasi berriak ziren artean, 1976an eta 1979an. Donostiakoa antolatzen hasteko eredua Trento izan zen. Mendiko espedizio bat bailitzan, Gregorio Ariz izan zen hura bisitatuz lehen ikuskaketak egin zituena, Euskal Herriko Mendizaleen Elkargora ekarri zituen hango berriak, eta Antxon Bandres EHME-ko presidente zela, 1978ko urriaren 28an euskal mendi elkarteetako presidenteen batzarrean aurkeztu zen publikoki Donostian zinema lehiaketa bat antolatzeko egitasmoa. Ordurako David Hernándezi egin zitzaion ardura hartzeko proposamena, eta honek Iñaki Egaña gonbidatu zuen soka-taldea osatzeko. 2018ko abendurako bete-betean ari ziren ideia hura gorpuzteko lanetan, eta Trentora ere jo zuten informazio eta pista eske. Donostiako nazioarteko mendi zine lehiaketako zuzendaria izan zen Hernández, eta zuzendari teknikoa Egaña, lehen sei ediziotan, eta aholkulari lanetara erretiratu ziren lehiaketaren zazpigarren eta azkenean, 1985ean.
Zazpi urtez Donostia, eta Euskal Herria, mendi kulturaren ardatz bihurtu ziren, nazioartean Trento eta Diablerets-en pare jartzeraino, edota zenbaiten ustez haien aurretik ere kokatuz. Debozioz betetako ikusleen emaria eta berotasuna azpimarratzen ziren, geroz eta gehiago ziren beren filma berriekin euskal kostaldera etorri nahi zuten zinemagileak. Mendiko zinemaren industrian Euskal Herria mapan nabarmendu egin zen.
Mendi zinemak izan zuen beste agertokirik Donostiako lehiaketa desagertu ondoren ere: Gipuzkoan bertan, lehiaketa izaerarik gabe, Mendi Zinema Zikloa antolatu zen (1987an hasita), Gasteizen Mendi eta Eski Zinema Astea (1980an sortua), Iruñean Anaitasuna Mendi Jardunaldiak (1980), Bilbon BBK Mendiko Jardunaldien Astea (1994), eta herriz herri, mendi elkartez elkarte, hainbat ekimen mendiko kulturaren inguruan.
Mendi Film 2008tik Gasteizen lehendabizi eta Bilbon gero
Mendi Film Festival, 2008an sortu zen, Gasteizen, lehiaketa formatuan, nazioarteko mendi zinemagintza onena eta berriena, zinemagile sonatuenak eta bogan zeuden atletak biltzeko euskal jomuga berria. Lau edizioren buruan, 2012an, Bilbora lekualdatu zen, eta harrez geroztik bertan ospatzen da, abenduan.
Mendi Filmen, jada, IAMF lehen lerroan kokatzen da, harreman sendoa dago bien artean. Mendi, 2011tik da elkargoko kide, eta Jabier Baraiazarra zuzendaria, IAMF-ko presidentea ere bada 2018az geroztik. Denboran urrunekoak eta elkarrekin lotura gabeak izanik ere, Donostiako lehiaketak eta Mendi Filmek, detaile asko dituzte amankomunean. Mendin ere IAMF Saria jasotako zinemagile askok parte hartu izan dute, maiz Gasteiza edo Bilbora bertaratuz: Keith Partridge, Lapied sendia (Anne eta Erik bikotea eta Véronique alaba), Alastair Lee, Pavol Barabas, Michael Brown, Sender Films eta Sherpas Cinema ekoiztetxeak…
Berdin gehitu litezke zerrenda oparo batera, Mendi Filmen bildutako izen ezagunak, mendia, zinemagintza, literatura eta orobat Mendiko Kulturaren ordezkariak: Jimmy Chin Oscar sariduna, Bernadette McDonald mendi gaietako idazle erreferentea, Jim Herrington argazkilari prestigiotsua, Tommy Caldwell, Adam Ondra, Herve Barmasse, Karina Hollekim, Sean Villanueva, Nico Favresse, Denis Urubko, Adam Bielecki, Krzysztof Wielicki, Ali Sadpara, Catherine Destivelle, Lynn Hill, Leo Houlding, Antoine Le Menestrel, Krystle Wright, Geraldine Fasnacht, Marianne Chapuisat, Jean-Ives Fredriksen, Jean Troillet, Jordi Corominas, Aymar Navarro… Tokiko izen handiak ere bai: Juanjo San Sebastian, Alberto Iñurrategi, Juan Vallejo, Mikel Zabalza, Edurne Pasaban, Juanito Oiartzabal, Alex Txikon, Felipe Uriarte, Gregorio Ariz, Txomin Uriarte, Pou anaiak, Patxi Usobiaga, Irati Anda, Ekaitz Maiz, Mikel Linazisoro, Esparta anaiak, Mikel Sarasola… Eta tamalez jada geure artean ez dauden hainbat ere: Dean Potter, Sean Leary, David Lama, Hansjorg Auer, Erhard Loretan, Xabier Erro, Alberto Zerain, Antxon Arza, Dario Barrio, Álvaro Bultó…
Jimmy Chin Bilboko Metroan egin zuen argazki erakusketan (2013)
Mendi zinemagintza bultzatu eta sustatzeko aterpeak dira IAMF eta Mendi Film, zentzu globalean bata eta Euskal Herritik abiatuta bestea. Dariusz Zaluski eta Kurt Diemberger dira horren testigu freskoenetakoak, edota Sebastián Álvaro bera ere bai: aurten, abenduaren 3tik 12ra egingo den BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia jaialdiaren The Walk On Project Saria hark jasoko du, mendiko balioak lau haizetara zabaltzen egindako lanaren aitortzan. Chris Bonington, Peter Habeler, Josep Manuel Anglada eta Eli Verges, Nives Meroi eta Romano Benet, eta Juanjo San Sebastian ageri diren zerrenda distiratsura batuko da.
Goi mendietako zinemaldiak itsas mailan, “A High Mountain Film Festival at Sea Level”, lehen bezala orain ere, mendi zinemagintzako ordezkari onenen bilgune izaten jarraitzen du Euskal Herrian.
ARITZA – ROBLE DE ORO
1979: ‘Dudh Kosi – Relentless River of Everest’, Leo Dickinson
1980: ‘Annapurne, Premiere 8000 a Skí’, Bernard Germain
1981: ‘Aventure au Cervin’, Jean Marc Boivin
1982: ‘Ou Vas Tu Basile?’, Denis Ducroz
1983: ‘Der Weg Ist Das Ziel – La Tragedia del Eiger de 1936’, Gerhard Baur
1984: ‘Eiger’, Leo Dickinson
1985: -HUTSIK-
2008: ‘Cerro Torre: Ritmo Latino en la Cara Oeste’, Ramiro Calvo
2009: ‘Au de la des Cimes’, Remy Tezier
2010: ‘The Pinnacle’, Paul Diffley
2011: ‘180º South’, Chris Malloy
2012: ‘Erhard Loretan, Respirer l´Odeur du Ciel’, Benoit Aymon
2013: ‘Beyond the Edge’, Leanne Pooley
2014: ‘Valley Uprising’, Peter Mortimer, Nick Rosen, Josh Lowell
2015: ‘Unbranded’, Phillip Baribeau
2016: ‘Freedom Under Load’, Pavol Barabas
2017: ‘Dirtbag. The Legend of Fred Beckey’, Dave O’Leske
2018: ‘Becoming Who I Was’, Moon Chang-Yong & Jin Jeon
2019: ‘Treeline’, Jordan Manley
2020: ‘Hillary – Ocean to Sky’, Michael Dillon