BBK Mendi FIlm BIlbao-Bizkaia nazioarteko mendi zinemaldiaren 12. edizioa bihar, hilak 6 ostirala, abiatuko da Euskalduna Jauregian egingo den Hasiera Ekitaldiarekin.
Bertan Ostatnia Góra (The Last Mountain) filma proiektatuko da, aurtengo Sail Ofiziala zabalduko duen lan poloniarra, Krzysztof Wielicki alpinista handiak eta haren zuzendari Dariusz Zaluskik aurkeztuko dutena.
Mendia, abentura, muturreko kirolak eta natura gaiak jorratzen dituzten 60 filma ikusiko dira 10 egunotan Bilbon, eta hainbat hitzaldi eta erakusketa ere izango dituzte zaleek eskura. Bilbo, mendia eta zinema munduko ardatz bihurtuko da.
Atariko lez, gaur bertan hasi dira lehen gonbidatuak bertaratzen. Cholitak emakume eskalatzaile boliviar indigenak izan dira lehenak. Cholitas filmako protagonistak diren lau emakume, Dora Magueño Machaca, Cecilia Llusco Alaña, Lidia Huayllas Estrada eta Elena Quispe Tincuta (bosgarrena, Ana Lia Gonzales, bihar batuko da), beren Aconcaguako erronka erakusten duen filmaren mundu mailako estreinaldia aurkeztera etorri dira.