BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia 12. edizioko lehen erakusketak ikusgai daude Metro Bilbao eta Euskal Trenbide Sarea-ETS geltokietan.
Christian Pondella argazkilariaren Izotz Azpian erakusketa, eta CVCEPHOTO mendiko jardueren argazki lehiaketaren 2019ko edizioko 20 argazki onenak. dira ikusgai daudenak.
Egileek bisita gidatuak eskainiko dituzte abenduaren 7an, larunbata.
Beneath The Ice - Izotz Azpian
Egilea: Christian Pondella
Non: Metro Bilbao - Abando geltokia
Noiz arte: 2019ko abenduak 31
Groenlandiako izotz-eremu barrunbeetara eginiko bidaia da argazki erakusketa hau. Christian Pondella argazkilariak ─CVCEPHOTO'19 BBK Mendi Film Kartela sariaren irabazlea─ eta Will Gadd eskalatzaileak sakon murgiltzen den moulin edo izotz-zulo ikusgarri bezain beldurgarri bat aurkitu dute. Izotz azaleko urak hara isurtzen dira, ezin jakin noraino edo non zabaltzen den gero, bide emanaz esplorazioari. Pitzatutako hormak karraskan ari dira. Ehunka tona izotz, aienean. Jakinduria, esperientzia eta trebezia erabiliz sartuko dira abenturan protagonistak. Eta saria liluragarria da. Halako leku harrigarri batean, argazki kamera nahiz sakelako bat duen edonork atera dezake argazki eder bat, eta argazkilari profesionalak hori gainditzeko bideak aurkitu behar ditu: dinamikoa izan, egoera aztertu eta sakontasuna eman, lehen planoa erabili, puntu ertaina, emozioa iradokitzen saiatu, ikuslea irudian sartu, lerro eta itzal dramatikoak marraztu eskalatzailearen bueltan, eta argiarekin jolastu.
CVCEPHOTO 2019
Non: ETS-Metro Bilbao Zazpikaleak/Casco Viejo geltoki intermodala eta San Nikolas plaza
Noiz arte: 2019ko abenduak 15
Azken urteotako ohiturari jarraituz, CVCEPHOTO lehiaketan saritutako 20 argazkiak Sala BBKn izango dira ikusgai Mendi Film jaialdian zehar. CVCEPHOTO Donostiako Club Vasco de Camping Elkarteak antolatutako Mendiko Jardueren Nazioarteko Argazkilaritza Lehiaketa da. Argazki horiek berak, formato handian, Euskal Trenbide Sarearen (ETSren) Zazpikaleak/Casco Viejo geltokiko sarreran ere ikusgai egongo dira. Izan ere, bisitaldi gidatua antolatuko da abenduaren 7an, larunbatean. 2019ko Sari Nagusia Ralf Gantzhorn argazkilariaren Innominata lanak irabazi zuen, bigarren saria Petr Piechowiczen The Rock Town izan zen eta hirugarrena Jose Allende Marcosen Marble Ice. BBK Mendi Film Kartela Saria, berriz, Top of Africa lanak irabazi zuen, Christian Pondellarena, aurtengo BBKMFeko gonbidatu berezietako bat. Lau sari horiek eta Ohorezko Aipamena jaso zuten beste 16 argazki dira CVCEPHOTO erakusketaren muina.