Nora Sarasola (BBK), Lorea Bilbao (BFA), Eduardo Martínez (Mendi Film), Xabier Ochandiano (Bilboko Udala) eta Jabier Baraiazarra (Mendi Film)
Bilbo, 2019ko ekainak 24. Bizkaiko Foru Aldundiak, Bilboko Udalak, BBK Fundazioak eta Mendi Filmek lau urteko lankidetza akordioa sinatu dute egitasmoa aro berri batera begira sendotuz.
Sokadaren izena: BBK MENDI FILM Bilbao Bizkaia.
Kideak:
- Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara eta Kultura Saila
- Bilbao Ekintza, Bilborako ekonomia eta gizarte aberastasunaren sorrera sustatzen duen udal erakundea
- BBK Banku Fundazioa
- Mendi Film Festival Elkartea
Lankidetza akordioa
BBK Fundazioaren Bilboko Sala BBK-n egin da gaur goizean lankidetza akordioaren aurkezpen ekitaldia. Ondoko ordezkariek hartu dute parte:
- Lorea Bilbao, Euskara eta Kulturako Foru Diputatua
- Xabier Ochandiano, Bilboko Udaleko Ekonomi Garapen, Merkataritza eta Enplegu Saileko Zinegotzi Ordezkaria
- Nora Sarasola, BBK-ko Gizarte Ekintzako Zuzendaria
- Eduardo Martínez, Mendi Film Festival-eko Presidentea
- Jabier Baraiazarra, Mendi Film Festival-eko Zuzendaria
Oinarri sendoak hauspotzeko indarra
2008an sortu zen Mendi Film Festival, lehen lau edizioak Gasteizen egin ziren, eta 2012az geroztik Bilbon ospatu da. Azken zazpi edizioetan jaialdira hurbildu diren lagun kopurua hirukoiztu egin da, 2018an 12.000 ikuslera iritsiz, etenik gabeko gorakadan. Iaz, Mendi Tour pelikula emanaldi ibiltaria batuta, 26.000 ikuslek gozatu zuten Mendi Filmen eskaintzaz.
Mendi Film Festival Euskal Herriko mendizaletasunaren enbaxadore eta erreferentzia da nazioartean. Espainia osoko 50etik gora agertokitara iristen da Mendi Tourra, autonomia erkidegoan %70etatik pasaz. Frantzia eta Mexikora ere hedatu da, tartean euskal zinemagile eta kirolarien filmak eramanaz. Eta, egun, Jabier Baraiazarra International Alliance for Mountain Film-eko Presidentea da, mundu osoko 20 herrialde ordezkatzen dituzten 27 zinemaldik osatzen duten elkargoa. Mendi Film Festival 2011z geroztik da bertako kide.
BBK MENDI FILM Bilbao Bizkaiak sekulako proiekzioa du. Eta gaur aurkeztu den lankidetza akordioak, ilusio zakua oparo betetzeaz gain, aipatutako oinarri sendoak hauspotzeko indar handia ematen dio.
‘Top of Africa’ Mendi Filmen 12. edizioko kartelaren irudia
BBK MENDI Film Bilbao Bizkaia Christian Pondella argazkilari estatubatuarraren ‘Top of Africa’ irudiarekin batera aurkeztu da. CVCEPHOTO mendiko jardueren nazioarteko argazkilaritza lehiaketan irabazi du ‘Mendi Film Festival Kartela’ saria, 12. edizioko irudi nagusia bihurtuz. Donostiako Club Vasco de Camping Elkarteak eta Mendi Filmek hirugarren urtez deitu dute sari hori.
‘Top of Africa’ Kilimanjaro (Tanzania) mendian hartutako argazki ikusgarria da. Will Gadd izotz eskalatzaile kanadar ezaguna ageri da Afrikako gailurreko glaziar arrastoetan azkenetakoa den izotz horman jardunean. Bere ederrean, klima aldaketari buruzko hausnarketa gordin eta beharrezko bat.
WOP Saria 2019: Nives Meroi eta Romano Benet
Juanjo San Sebastián (WOP Saria 2018), Eduardo Martínez (Mendi Film), Mikel Renteria (WOP), Jabier Baraiazarra (Mendi Film)
Ekitaldi honetan bertan, 2019ko BBK MENDI FILM Bilbao Bizkaiko albiste nagusietako bat aurreratu da: Nives Meroi eta Romano Benet alpinistak izango dira 12. edizioko omendu nagusiak, WOP Saria jasoz.
Hamalau zortzimilakoak oxigeno laguntzarik gabe eta altura zamaketaririk gabe osatu dituen bikotea da. Duela 25 urte egin zuten beren lehen zortzimilako espedizioa, eta 2017an itxi zuten hamalau gailurren zerrenda. Tartean, geldiune bat, sokada eta bikote honen giza balioak goratzen dituena: Romanok gaixotasun larri bat jasan zuen, 2009ko Kangchenjungako espedizioan bete-betean azaleratzen hasi zena, eta Nivesek erabaki zuen senarra osatzen zen bitartean ez zuela bere kabuz jarraituko goi-mendietako erronkekin. Hezur-muin transplante bi jaso eta gero, jarri zen osatu bidean Romano, eta hala eutsi zioten berriro munduko hamalau gailur garaienak egiteko proiektuari.
Mendizaletasunaren giza balioen defentsa eta transmisioa saritzen ditu WOP-The Walk On Project Fundazioa Sariak. Mendi Film Festivalen aurreko edizioetako omenduak hauek izan dira: Josep Manuel Anglada (2015), Sir Chris Bonington (2016), Peter Habeler (2017), eta Juanjo San Sebastian (2018), Jeremy Collins-en Drawn filmaz batera (2014).
Sarrera eskaintza berezia
Hau guzti hau ospatzeko, BBK MENDI FILM Bilbao Bizkaia jaialdiaren 12. edizioko lehen sarrerak salgai jarriko dira ekainaren 26 eta 27an, 48 orduz, eta kopuru mugatuan. Abenduan izango dituzten prezioen erdian erosi ahal izango dira sarrerak!.
Aukera paregabe horretaz baliatu ahal izango dira MendiZale komunitateko kideak. Hemen hartarako esteka: www.mendifilmfestival.com