BILBAO MENDI FILM FESTIVALEN ERAKUTSITAKO MENDI ETA ABENTURAKO ZINERIK ONENAREN AUKERAKETA BAT IZANGO DU IGORREK
MENDI AMESGARRIAK IGORRE egitasmoak, MENDITOURRAK Igorren egingo duen geldialdiak, bost pelikula programatu ditu bi jardunalditan, martxoaren 6an eta 13an, herriko Kultur Etxeko Lasarte Aretoan, arratsaldeko zazpi t´erdietan
Lehenengo jardunaldian, martxoaren 6an, IGORRE MENDITOURRAK “Afterglow” eta “Valley Uprising” pelikulak eskainiko ditu, eta bigarren jardunaldian, martxoaren 13an, “Mission Antarctic”, “2T on Paiju Peak” eta “Drawn” izango dira ikusgai
“Valley Uprising” filmak pelikula onenaren Sari Nagusia eta Ikusleen Saria irabazi zituen BILBAO MENDI FILM FESTIVALEKO azken edizioan, eta pelikula erakargarrienetakoa izango da IGORREKO MENDITOURREAN, lehen jardunaldian, martxoaren 6an, ostiralean.
“Valley Uprising” 2014ko eta 98 minutuko, eta Nick Rosenek eta Peter Mortimerrek zuzendutako film estatubatuarra da. Pelikulak Yosemiteko haranean egindako eskaladaren historia kontatzen du narrazio trebe baten bitartez, sekuentziak artxiboko irudiekin eta eskalatzaile handien elkarrizketekin nahastuta. Alde serioago bat ere sartzen du, Estatu Batuetako kontrakulturaren historiako pasarte garrantzitsuenak eta garai haretako arazo politiko eta sozialak aipatzen dituelako. Hala ere, aldi berean, dibertigarria eta erabat entretenigarria da hasieratik bukaerara arte. Metraje luzeko film hau ikusle guztiei zuzentzen zaie, eskalatzaileei eta eskaladan adituak ez direnei ere.
Lehen jardunaldian “Valley Uprising”ekin batera, “Afterglow” ere proiektatuko da Igorren. Edertasuna, misterioa eta eski akrobatikoan munduan dauden lau izar garrantzitsuenak dira metraje laburreko film honen osagaiak. “Afterglow”k horien nahasketa indartsua eskaintzen digu Columbia Britainiarrean eta Alaskan gauez grabatutako irudietan. Octocopter dronek, azken belaunaldiko kamerek eta LED argiak jantzita daramatzaten eskiatzaileek ilunabarreko distira orain arte ikusi ez dugun moduan erakusten dute. “Afterglow” Nick Waggonerrek zuzendutako 2014ko 12 minutuko ekoizpen estatubatuarra da.
“Valley Uprising” ingelerazko jatorrizko bertsioan proiektatuko da, gaztelaniazko azpitituluekin. “Afterglow”, bestalde, ingelerazko jatorrizko bertsioan proiektatuko da, euskarazko azpitituluekin. Abenduko zinemaldian eta Mendi Tourrean ere euskararen presentzia handitzearen aldeko apustua egiten ari da BILBAO MENDI FILM FESTIVALeko antolakuntza. Euskaraz egiten diren azpititulu kopuruen igoera BILBAO MENDI FILM FESTIVALek ZINEUSKADIrekin duen kolaborazio-akordioaren ondorioa da. ZINEUSKADIk sostengu estrategikoa eskaintzen die ikusentzunezko euskal sektoreko enpresa eta profesionalei euren hedapen eta garapenean, Estatu eta Europa mailan, eta nazioarte mailan.
IGORREKO MENDI TOURREKO bigarren jardunaldiak, martxoaren 13an, era guztietako pelikulak eskainiko ditu: “Mission Antarctic”, “2T on Paiju Peak” eta “Drawn”.
Guido Perrinik zuzendutako 38 minutuko “Mission Antarctic” pelikula frantziarrarekin hasiko da bigarren jardunaldia. Xavier de Le Ruek mundu bukaerara egindako espedizioaren istorioa da. Freerideko munduko txapelduna, Lucas Debari lankidearekin batera, paradisu berri baten bila ibili zen. Nabigazioaren, alpinismoaren, snowboardaren, bizitza basatiaren eta ezusteko aurkikuntzaren nahaste bat da kontakizuna.
Ondoren “2T on Paiju Peak” filmak gaia aldatuko du eta emozio-ukitua jarriko arratsaldeari. Lana Walk On Projectek produzitu du, arruntak ez diren gaixotasun neurogegeneratiboen ikerketan laguntzen duen fundazioak. Karen Solek zuzentzen du 27 minutu dituen eta ausardia eta konpromisoari buruz mintzatzen den pelikula hau. Alberto Iñurrategik, Juan Vallejok eta Mikel Zabalzak Paiju Peak igotzeko egin zuten saiakera WOP fundazioko jatorri, historia eta baloreekin gurutzatzen da, pasioz eta emozioz beteriko ibilbidean.
Martxoaren 13ko emanaldia “Drawn” filmak itxiko du. Pelikula hunkigarri honek BILBAO MENDI FILM FESTIVALeko Gidoi Onenaren Saria eta mendizaletasunaren giza-balioen defensa eta transmisioari WOP Fundazioak eskaintzen dion Saria irabazi zituen.
“Drawn” 2014ko ekoizpen estatubatuarra da eta Jeremy Collins eskalatzaile eta artista du zuzendari, produktore eta protagonista. Lagun bat elur-jausi batean hil eta gero, Collinsek lau urtetan egindako bidaia kontatzen du pelikulak. Lau norabide jorratu zituen: Venezuelatik Txina eta Mongoliara, Kanadatik Yosemiteko haranera. Bidean bere marrazteko koadernoa bete zuen, eta ikasi zuen zertarako jaio den eta bizitza honetan nor izan eta nora joan nahi duen. Arte eta abenturaren nahastea den Drawn pelikulan adiskidetasunari eta familiari buruzko istorio bat kontatzen da, modu erabat originalean.
“Mission Antarctic” , y “Drawn” ingelerazko jatorrizko bertsioan proiektatuko dira gaztelaniazko azpitituloekin. “2T on Paiju Peak” pelikula, berriz, gaztelaniazko jatorrizko bertsioan proiektatuko da.
Soilik zazpi ediziotan BILBAO MENDI FILM FESTIVALek mendi zinemaldietan nazioarteko erreferentzia izatea lortu du, eta beste urte batez MENDITOURRAREN alde egiten du, euskal herrietan barrena jaialdiko pelikularik onenak zabaltzeko asmoz. Ia 50 filmek parte hartu zuten jaialdiaren azken edizioko sekzio ofizialean.
Hauxe da IGORREKO MENDITOURREKO programazioa:
MARTXOAREN 6a, OSTIRALA
• “Afterglow” (kirol eta abentura laburmetraia, AEB, 2014,12’, ingelesez+azpitituluak euskaraz).
• “Valley Uprising” (eskalada luzemetraia, AEB, 2014, 98’, ingelesez+azpitituluak gaztelaniaz).
MARTXOAREN 13a, OSTIRALA
• “Mission Antarctic” (kirol eta abentura, metraje ertaineko filma, FRANTZIA 2012, 38’, ingelesez+azpitituluak gaztelaniaz).
• “2T on Paiju Peak” (mendia, metraje ertaineko filma, ESPAINIA, 2014, 25’, gaztelaniaz).
• “Drawn” (eskalada, metraje ertaineko filma, AEB, 2014, 40’, ingelesez+azpitituluak gaztelaniaz).
IGORRE MENDITOURRAK Gandazabal Mendi taldearen eta Igorreko Kultur Etxearen babesa dauka, baita Zineuskadiren laguntza ere. Bi jardunalditan egingo da Igorreko Kultur Etxearen Lasarte Aretoan (Elexalde 8, Igorre), 19:30etan. Auditoriumak 300 lagunentzako lekua dauka eta sarrerak doakoak izango dira.