Bilbo, 2017ko abuztuak 14. Mendi zinemagintzako film onenak eta gaur-gaurkoenak biltzen dituen Mendi Tourrak  badu udako bertsioa, eta toki paregabean egingo da: Mundakan.


Datorren larunbatean, hilak 19, Talaiako Frontoian, gauez, 22:00etan hasita, sei laburmetraia eskainiko dira, zein baino zein eder eta potenteago, mendia, eskalada, alpinismoa, sky-lineak, mendi bizikletako jaitsierak, eta surfa ere, uztartuz, filmatzeko eta ediziorako sormen handiko teknikak erakusten dituztenak guztiak.
Urdaibaiko itsas-adarra ilunak hartu orduko, beraz, izarpean eta gau-giro bikainarekin, Mendi Film Festivalean azken bi edizioetan gozagarri izan diren sei lan ikusiz disfrutatuko dute bertaratzen diren guztiek. Sarrerarik ez da ordaindu beharko, nahikoa izango da garaiz ibili eta eserlekua hartzearekin... edo norberak berea ere ekar dezake, edo saioa zutunik lagunartean ere jarraitu. Edonola izanda ere, plana borobila da!
Mundakako Udalak babestu du Bilbao Mendi Film Festivalak antolatutako kultur ekitaldi hau, eta lehendabiziko edizioa du. Busturialdea-Urdaibain, beraz, Mundaka izan da Mendi Tourra hartzen lehena Arratzurekin batera (maiatzean). Zineuskadik kolaboratzen du ekitaldi hauekin guztiekin.
Jatorrizko bertsioetan eskainiko dira laburmetraiak, haietako hiru ingelesez, bat alemana eta ingelesa nahastuz, beste bat frantsesa eta ingelesa, eta seigarren batek ez du narraziorik. Lan guztiek dituzte azpidatziak euskaraz eta gaztelaniaz. 

MUNDAKA MENDI TOUR programazioa:

 

Abuztuak 19 larunbata (22:00)

ANNAPURNA III UNCLIMBED
2016, Austria, 12 min
Zuzendaria: Jochen Schmoll
JB: en/ger AZP: es/eu
David Lama, Hansjörg Auer eta Alex Blümel austriarrak, inoiz inork egin gabeko erronka batean: Annapurna III-an hegoekialdeko pilarea.

METRONOMIC
2015, Frantzia, 15 min
Zuzendaria: Vladimir Cellier
JB: fr  AZP: es/en
Artista bilkura Verdongo haitzarteetako skyline-tan, musika erritmo biziz lagundutako uztarketa magikoa.


DARKLIGHT
2015, AEB, 8 min
Zuzendaria: Mike Brown
'Darklight' (Argi iluna) filmarekin, ikusleek argi eta koloredun mundu berri bat ezagutuko dute. Graham Agassiz, Matt Hunter eta Matty Millas biker profesionalak Utahko hegoaldeko paisaietan eta Pazifikoko ipar-mendebaldeko Ewok basoetan ibiliko dira gauez, ilargipean.

THE COAST
2014, AEB, 7 min
Zuzendaria: Skip Armstrong
JB: en AZP: es/eu
Ezaguna denak misterioarekin bat egiten du bi munduren arteko zubian. Peters Hayden-i kostaldean bizitzeak munduko beste inon aurkitu ezin duen oreka ematen dio.

THE MYSTERIES

2015, AEB, 8 min
Zuzendaria: Skip Armstrong
JB: en AZP: es/eu

Krystle Wrightek amets batetik sortutako irudipen bat du: basamortu paraje batean hegaka dauden BASE jauzilari batzuen gaineko bista. Itzartzean argazkilari abenturazale horrek irudipena errealitate bilakatu nahiko du. Eta hala, bere ametsa obsesio bihurtuko da.


DODO’S DELIGHT
BMFF 2016 Kirola eta Abentura Film Onena

2016, AEB, 28 min
Zuzendariak: Sean Villanueva-O'Driscoll, Josh Lowell, Nick Rosen eta Peter Mortimer
JB: en AZP: es/eu

Erritmoz eta umorez jositako abentura, big wall eskalada eta nabigazioa uztartzen dituena, Baffin Irlan.