Donostian eta Ataunen indarrean ekin dio 2022ko Mendi Tourrak urteari, publikoaren erantzun bikainarekin. Hala, Zangozan eta Canet d'en Berenguerren egingo dira hurrengo bi geldialdiak: Zangozan 'Mendiak-1976' pelikularekin hilaren 28 ostiralean, eta Canet d'en Berenguerren hilaren 29 larunbatean Rotipet mendi elkartearen 10. urteurreneko egitarau oparoarekin. Bi egoitzetan 8. edizioa du Mendi Tourrak.
Zangozak bi eguneko Mendi Tourra hartuko du, urtarrilaren 28an eta otsailaren 4ean, ostiraletan, Karmengo Entzutegian (20:00). Mendi Jardunaldiak antolatu ditu beste behin Zangozako Udalaren Kirol Patronatuak, eta haien baitan programazio polita eskainiko da: ‘Mendiak-1976’ lehen saioan, eta film laburren dibertimendua bigarrenean. Sarrerak Karmengo Entzutegiko on-line plataforma bidez eskuratu daitezke.
Plaza berezia da 'Mendiak-1976' proiektatzeko, izan ere bertan errotutako Goikoa jakien enpresa 76ko espedizioaren babesleetako bat izan zen, eta baita orain egin den pelikularena ere. Mendi Filmen 2 sari irabazi zituen: Mendiko Film Onena eta Ikusleen Saria. Bilbon abenduan esterinatu zenez geroztik, eta aretoetan zabaltzen ari den honetan, kritika oso onak jasotzen ari da, eta besteak beste Iruñeako Golem zinemetan 6 astetik gora daramatza karteldegian. Zangozako hitzordura, gainera, pelikulako protagonista nagusietako bat bertaratuko da lana aurkezteko: Gregorio Ariz.
Canet d’en Berenguer-en, Valentzian, berriz, hilaren 29an, larunbata (18:00) egingo da Mendi Tourra, aurten 10 urte bete dituen Rotipet Clubaren ospakizun betean. Iaz udako gau eder batez, aire zabalean, hondartzan, eskaini ziren pelikulak, baina aurten berriro datak negura ekarri eta udal auditoriora itzuliko da. BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia 2021eko hiru pelikula saritu eskainiko dira: ‘Melting Landscapes Glaciares’, ‘Amagana’ eta ‘The Traverse’.
Eta saioaren bigarren zatian Sean Villanueva eta Nico Favresse eskalatzaile belgiar ospetsuek hitzaldi-emanaldi bana eskainiko dute: lehenak Patagonian Fitz Royko zeharkaldia bakarka osatu zuenekoa ekarriko du gogora, eta bigarrenak Sebastian Bertherekin batera Alpeetan osatu zuten eskalada trilogia: 'Sibergeier', 'Der Kaisers Neuer Kleider' eta 'End of Silence'.
Ospakizuna biribiltzeko, mendiko jardueren CVCEPHOTO argazki lehiaketako 20 lan sarituz osatutako erakusketa ere eskainiko da egunotan Canet d'en Berenguerren. Sarrerak notikumi.com bidez eskuratu daitezke.
URTARRILA
21 ATAUN (lehen edizioa)
24-25 DONOSTIA (11. edizioa)
28 (eta otsailak 4) ZANGOZA (8. edizioa)
29 CANET D’EN BERENGUER (8. edizioa)
OTSAILA
4 ZANGOZA (8.edizioa)
8-9-10 VIGO (3.edizioa)
9-10 LEIOA (11.edizioa)
21-22-23-24 IRUÑA (7.edizioa)
MARTXOA
1-2 eta 4 SANTUTXU-Bilbo (5.edizioa)
7-8-9 TOLOSA (12.edizioa)
10 AGURAIN (6.edizioa)
11-13 ESKORIATZA (7.edizioa)
14-16-17-18 GASTEIZ (10.edizioa)
15-22 EIBAR (8.edizioa)
17-24 ZALDIBAR (6.edizioa)
21-22 VALLADOLID (3.edizioa)
29-30 BURGOS (4.edizioa)
31 (eta apirilak 1) IGORRE (9.edizioa)
APIRILA
1 IGORRE (9.edizioa)
8-9 HONDARRIBIA (7.edizioa)
MAIATZA
10 ARRASATE (10.edizioa)
PROGRAMAZIOAK
ZANGOZA: Urtarrilak 28 (20:00)
Mendiko Film Onena
Ikuslegoaren Saria
Abentura bat, bidaia bat, oroimenean ahaztutako arrakasta bat. 1976an, Iruñeko gazte talde batek historia egin zuen Shakhaur (7.116 m) gailurrera iritsi zenean, Afganistanen. Lehenengo euskal zazpimilakoa izan zen. Baina gailurreko lorpenaren alaitasuna tristura bihurtu zen berehala, jaitsieran istripu bat gertatu baitzen: espediziokideetako bat hil egin zen eta beste bat larriki zauritu. Poloniako espedizio baten laguntzari esker, bigarrena bizirik salbatzea lortu zuten, eta gaurdaino iraun duen nafarren eta poloniarren arteko adiskidetasuna piztu zen.
ZANGOZA: Otsailak 4 (20:00)
Film Labur Onena
Lurreko glaziarrak etengabe ari dira urtzen, eta horrek eragina du klima-aldaketan. Hala ondorioztatzen da Antartidan, Argentinan, Txilen, Groenlandian eta Islandian eginiko azterketetatik. Itzulerarik gabeko aldaketa baten lekuko izaten ari gara, glaziarretan desagertzen den izotz partikula bakoitzak, ezezaguna den aldaketa batera garamatza poliki-poliki.
Mendi Film Bizkaia Ternua Beka 2021
Lagunak diren bi neska gaztek beste bi adiskide gidatuko dituzte haien mendiko lehen txangoan, eta horrekin euren arteko adiskidetasuna indartuko da.
Euskarazko Film Onena
Itziar Zabala Dimako eskalatzaile profesionalaren jaioterria eta kirol ibilbidea Bizkaiko paisaietan erroturik dago, beti ere, Baltzola babesgune izanda. Haren altzoan, Baltzolako erraietan, hasi eta segida duen istorioa da Itziar Zabalarena, pasioaren bihotz-minak gidari dituela, batzuetan gozo, besteetan garratz, baina beti aberats. Bihotz Gorosperen ahots eta kanten doinura egiten du amets eta kulunka, Itziarren arimak.
Mendi Film Sail Ofiziala
Islandia, suaren eta izotzaren lurraldea, munduan ur-jauzi gehien dituen lekuetako bat da; muturreko kayaka egiteko erreferentziazko lekuetako bat beraz. Hala ere, ez da kayak-zale asko biltzen han, zailtasun handiko ibaiak baitira, bertaratzeko zailak, eta Islandiako klima gogorra da, beraz oraindik esploratzeke dauden eremu asko daude. Mikel Sarasola, Aniol Serrasolses eta Aleix Salvat inork sekula jaitsi gabeko ur-jauzien bila menturatuko dira.
Epaimahaiaren Saria
Valentine Fabre eta Hillary Gerardi, goi-mailako bi atleta, Chamonix eta Zermatt lotzen dituen Haute Route ibilbidea geldialdirik gabe eskiatzen duten lehen emakumeak izateko erronkan murgilduko dira. Valentineren senarra zena, gizonezkoen errekorra egin eta handik gutxira zendu zen mendi istripu batean, eta haren oroitzari azken omenaldia eskaini nahi lioke Valentinek erronka honen bidez. Hillary, bidaia gogor eta emozional horretarako kide egokia da, nahiz eta mendiko eskian esperientzia gutxi duen, mendiko korrikalari profesionala izanik atleta zaildua da erronkari aurre egiteko.
CANET D’EN BERENGUER: urtarrilak 29 (18:00)
Film Labur Onena
Euskarazko Film Onena
Epaimahaiaren Saria
+ NICO FAVRESSE ‘Alpine trilogy / Doggy style’
+ SEAN VILLANUEVA ‘The Moonwalk Traverse’
*Jatorrizko bertsioetan eskainiko dira pelikulak, azpitituluekin lagunduta