Bilbo, 2018ko otsailak 28. Mendi Tour hilabetea izango da martxoa, orotara 10 geltokirekin. Mendi Film Festivaleko ale onenak, mendiko zinemagintzako alerik gaur gaurkoenak ikusteko aukera zabala eskainiko da Gipuzkoa, Araba, Bizkaia, Val d'Aran eta Asturiasko hainbat herritan. Eskutik hazi eta hazi ari dira Mendifilm jaialdia eta haren urte osoko zirkuitu ibiltaria, Mendi Tourra.

Gipuzkoan Eibar, Tolosa eta Eskoriatzan eskainiko dira saioak, hiru klasiko jada. Eibarren laugarren edizioa du Mendi Tourrak, eta martxoaren 6an eta 7an egingo da Coliseo Antzokian. Tolosakoa, Mendi Tourretan lehena izan zena, zortzigarren edizioa da, eta aurreko urteetan bezain arrakastatsua izateko xedez egingo da martxoaren 12, 13 eta 14an: iaz 1.500 zine eta mendi zale bildu ziren Leidorren. Eta Eskoriatzan hirugarren urtez erakutsiko dira mendi gaiei buruzko filmak martxoaren 13an eta 15ean. Gipuzkoa da Mendi Tour gehien hartzen dituen lurraldea: hurrengo hilabeteetan egingo dira Donostia, Hondarribia, Urnieta, Hernani (Orona), Zarautz, Errenteria, Azpeitia, Zumarraga,... Mendi Tourrak.

Araban bi Mendi Tour berri eskainiko dira datorren astean: martxoaren 7an Agurainen, eta 8an Amurrion. Gasteizkoa aurreko astean egin zen eta 1.300 ikusle bildu ziren lau egunetan Vital Fundazioaren Dendarabako aretoan. Plaza fidela da gasteiztarra, gogoan hartu behar da Mendi Film jaialdia han sortu zela 2008an eta bertan egin ziren lehen lau edizioak. Bada, Vital Fundazioak urrats bat aurerra egin eta lurraldera hedatzeko apustuari babesa eman dio aurten eskaintza Agurain eta Amurriora zabalduz.

Bizkaiko Mendi Tour saioak Igorren, Bilboko Santutxun eta Zaldibarren egingo dira martxoan. Bosgarren edizioa beteko du Igorrekoak, Ganzabal Mendi Taldearen eskutik, hilaren 9an eta 16an. Santutxuko saioak Bilboko Udalak sustatzen duen Bidaiarien Txokoa zikloan egingo dira beste behin, seigarren urtez jada, hilaren 14an eta 16an. Eta Zaldibarkoa bigarren edizioa izango da, hilaren 15ean. Gero etorriko dira Leioa, Mundaka, Basauri,... eta beste hainbat Mendi Tour Bizkaian.

Espainian ere geroz eta hedatuago dago Mendi Tourra. Aurten jada Reinosan (Cantabria) eta Canet d'en Berenguer-en (Valentzia) burutu da, eta martxoan Kataluniako Val d'Araneko Vielhan eta Asturiasko Cangas de Onís-en egingo dira Mendi Tour saioak, hilaren 9an eta 10ean lehena, eta 31ean bigarrena. Pirinio bete-betean, lehen edizioaren iazko arrakastari segida eman nahi zaio Vielhan aurten. Cangas de Onísek, berriz, estraineko urtea du, eta Europako Mendien Parke Nazionalaren mendeurreneko ospakizunen baitan egingo da. 

2018an lau Mendi Tour saio egin dira, Zangozan, Reinosan, Gasteizen eta Canet d'en Berenguerren. 2.000 ikusle bildu dira guztira lehen txanpa honetan, aintzat hartzeko kopurua oso, mendi zinemagintzak duen tiradizoaren erakusle. Izan ere, nazioarteko ekoiztetxe eta zuzendari onenen gaur gaurko lanak ikusteko aukera aparta eskaintzen du Mendi Tourrak: Fred Beckey edota Chris Bonington eskalatzaile eta alpinista mitikoen biografiak, Mountain bezalako super-ekoizpenak, The Frozen Road-en pare kontatzen diren abentura itzelak, The Last Honey Hunter-en moduko dokumental zoragarriak, Ben Sturgulewski zuzendariaren laburmetraiak, euskal ikutuko ekoizpenak -Aurrera, Zortzi Yukon, Al Otro Lado de la Cuerda-,... 

IKUS MARTXOKO MENDI TOUR PROGRAMAZIOAK

 

Mendi Tour 2018

 

Zangoza: Urtarrilak 12 eta 16
Reinosa: Otsailak 3 eta 4
Vitoria-Gasteiz: Otsailak 19, 21, 22 eta 23
Canet d'en Berenguer: Otsailak 24
Granada: Martxoak 5 eta 6
Eibar: Martxoak 6 eta 7
Agurain: Martxoak 7
Amurrio: Martxoak 8
Vielha: Martxoak 9 eta 10
Igorre: Martxoak 9 eta 16
Tolosa: Martxoak 12, 13 eta 14
Eskoriatza: Martxoak 13 eta 15
Santutxu: Martxoak 14 eta 16
Zaldibar: Martxoak 15
Cangas de Onís: Martxoak 31
Hondarribia: Apirilak 7 eta 8
Vigo: Apirilak 12 eta 13
Urnieta: Apirilak 13
Camargo: Apirilak 17 eta 18
Leioa: Apirilak 18 eta 19
Iruñea: Apirilak 23, 24, 26 eta 26
Orona (Hernani): Maiatzak 9
Zarautz: Maiatzak 16 eta 24
Burgos: Urriak 8, 9 eta 10
Madrid: Urriak 15, 16, 17 eta 18
Errenteria: Azaroak 8 eta 9
Álora: Azaroak 16 eta 17
Basauri: Azaroak 20
Potes: Azaroak 23 eta 24