Udako eskaintza Iruñean arrakastaz itxi ostean, hemen da Mendi Tourraren Udazkeneko egutegia zabaltzeko eskaintza. Momentuko mendia, abentura, muturreko kirolak eta natura gaiei buruzko pelikula onenak Durangon, Zarautzen eta Zaldibarren gozatu ahal izango dira datozen egunetan.
Irailaren 24an, Durangoko San Agustin Kulturgunean (19:00), Kirolene Kirol Irakaskuntzen ikastetxe publikoaren eta Durangoko Udalaren babesarekin eskainiko dira hiru pelikula saio bakarrean: Harria Herria lan euskalduna, eta 2019ko Mendifilm jaialdian sarituak izan ziren Climbing Blind eta Home.
Sarrera 2 eurotan eskuratu daiteke. Aurresalmenta Durangoko Museoan ari dira burutzen, eta saio egunean bertan 18:00etan zabalduko dute San Agustin Kulturguneko txarteldegia (San Agustinalde kalea, 12).
Urriaren 1ean eta 8an, berriz, Zarautz eta Zaldibarren egingo dira Mendi Tour saioak, bietan laugarren edizioa betez.
Zarautzen Pagoeta Mendizale Elkartea eta Udaleko kirol departamentua dira babesleak, eta saioak Modelo Aretoan eskainiko dira (20:00). Bideolan ekoiztetxe zarauztarraren Elur Goritan da programatu den pelikuletako bat, eta bertako Iker Larrañaga eta Jon Goikoetxea izango dira lanaren Zarauzko estreinaldia aurkezten. Horrez gain, pelikula bikainak programatu dira: mundu guztian sariak irabazten ari den Cholitas emakume indigena boliviar mendizaleen istorioa, Hans Kammerlander alpinista handiari buruzko Manaslu lan zirraragarria, Nebula Mendifilmeko film labur onena, eta Harria Herria. Sarrerak, bakoitza 5 eurotan, saio egunean bertan eskuratu ahal izango dira aretoko txarteldegian bertan.
Zaldibarren bertako Elizateko Udala da Mendi Tourraren babesle nagusia. Saioak, aurreko urtean bezala, Zaldibarko Liburutegi Zaharrean eskainiko dira (18:30). Mendifilmen saritutako Nebula eta Home pelikulez batera, sail ofizialeko parte izan ziren Harria Herria, Allein (Alone) eta The Undamaged pelikulak programatu dira, eskalada, alpinismoa, piraguismoa edota argazkilaritza gaiak gailenduz.
Udaberrian egitekoak ziren Zarautz eta Zaldibarko emanaldiak, baina Covid-19aren pandemiari aurre egiteko neurriekin bat eginez bertan behera utzi ziren. Orain, osasun neurri eta berme guztiak ziurtatuta, aurrera egiteko moduan dira, mendiko zinemaren zaleentzat eta kalitatezko zinea gustuko duen ororentzat askatasun haizea eta inspirazioa ekarriz.
Urrian bertan, Mendi Tourrak beste bi geltoki ere izango ditu: Sopelan urriaren 22an, eta Markina-Xemeinen urriaren 25ean.