2020ko Mendi Tour zirkuitua, Mendi Filmeko pelikula onenen sorta, Donostiako Antzoki Zaharrean abiatuko da bi eguneko programazioarekin, urtarrilaren 26an eta 27an, asteartea eta asteazkena, Donostia Kultura eta Club Vasco de Camping Elkartea-CVCE-ren eskutik.
Lekukoa Zangozak hartuko du, urtarrilaren 29an eta otsailaren 5ean, Karmengo Entzutegian. Mendi Jardunaldiak antolatu ditu beste behin Zangozako Udalaren Kirol Patronatuak, eta haien baitan eskainiko dira aipatu proiekzioak Karmengo Entzutegian.
Mendia, abentura, muturreko kirolak eta natura gaiak jorratzen dituzten pelikula zoragarriekin osatu da bietako programazioa, beste behin. Mendizale, zinemazale, eta orohar publiko zabalarentzat gomendagarriak diren lanak dira guztiak.
MENDI TOUR DONOSTIA
10.ez egingo da Mendi Tourra Donostian. CVCE-k eta Mendi Filmek 2012an abiatu zutena zirkuituko hitzordu aitzindarietako bat da. Tarte horretan sona handiko pelikula eta protagonistak aurkeztu dira Antzoki Zaharreko pantailan: Cholitas emakume mendizale boliviarrak, Tommy Caldwellen The Dawn Wall, Jeff Lowe-ren Metanoia, Freedom Underload Tatra mendietako zamaketariak, Yosemiteko eskalada historiaren Valley Uprising, The Swiss Machine Ueli Steck-ena, Cerro Torre David Lamarena, Jurek Jerzy Kukuczkarena…
BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia 13. edizioan nabarmendutako 5 pelikula proiektatuko dira aurten. Horietatik 3 sarituak izan ziren joan zen abenduko Mendi Filmen, eta Mikel Sarasola kayaker eta dokumentalistak ‘etxean’ The Tears of Shiva estreinatu eta aurkeztuko du.
Sarrerak Antzoki Zaharreko leihatilan daude salgai, saio bakoitza 6 euroan. 18:45ean hasiko dira saioak, eta aforoa mugatua izango da.
MENDI TOUR SANGÜESA/ZANGOZA
Zangozan ere ibilbide oparoa du Mendi Tourrak, aurten 8. edizioa, eta Karmengo Entzutegira bertaratuko direnek badakite jada mendiko zinemagintzarik onenaz eta berrienaz gozatu ahal izango dutela.
BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia 13. edizioan nabarmendutako 5 pelikula proiektatuko dira hemen ere. Horietatik 3 sarituak izan ziren joan zen abenduko Mendi Filmen. Azpimarratzekoa da, Nafarroan lehendabiziko emanaldia izango duela Arriesgarse a Vivir pelikulak, alpinista ezagunak tarteko direla: Mikel Zabalza, Alberto Iñurrategi, Juan Vallejo, Juanjo San Sebastian, eta Nives Meroi eta Romano Benet.
Sarrerak Karmengo Entzutegiko on-line plataforma bidez eskuratu daitezke, saio bakoitza 3 euroan. 19:00etan hasiko dira saioak, eta aforoa mugatua izango da.
DONOSTIA: Urtarrilak 26, asteartea (18:45)
ZANGOZA: Urtarrilak 29, ostirala (19:00)
Sari Nagusia Mendi Film 2020
Edmund Hillary-ren azken espedizio handia gogora dakarren pelikula: Ozeanoko itsas uretatik abiatu eta Ganges ibai sakratuan gora Hamilton Jet motordun txalupetan eginiko bidaia, Himalaiako Akash Parbat mendi tontorra bataiatzen amaitzeko. Michael Dillon zuzendari australiarraren lana da, Hillary ongien ezagutu zuen dokumentalista.
Mendi Film 2020 Sail Ofiziala
Freeskia Columbia Britainiarrean, droneak erabiltzen munduko txapelduna denak sortutako irudi zirraragarriekin. Anthony Bonello zuzendari kanadarrak ibilbide luzea du Mendi Filmen.
DONOSTIA: Urtarrilak 27, asteazkena (18:45)
ZANGOZA: Otsailak 5, ostirala (19:00)
Ikusleen Saria Mendi Film 2020
1975ean Chris Boningtonek zuzendutako espedizio britainiarrak “The Hard Way” bidea sortu zuen Everesteko hego-mendebaldeko isurian, munduko gailurrera iristeko biderik gogorrena izan bide dena. 1988an Eslovakiako espedizio batek estilo alpinoan osatzeko saiakera egin zuen, mailarik goreneko aktibitatea. Hura dakar gogora Pavol Barabas eslovakiarrak, Mendi Filmen hainbat pelikula aurkeztu eta 2016an Freedom Underload-ekin Sari Nagusia irabazitako zuzendariak.
Epaimahaiaren Saria Mendi Film 2020
Antoine Le Menestrel goi mailako eskalatzailea da, mundu osoak aitzindari eta erreferente bat izatea aitortzen dio. Egun, 55 urterekin, eskalada nola bizi duen eta garai bateko kontuetatik nola eboluzionatu duen agertuko du Benoît Regord frantziarraren lanean.
THE TEARS OF SHIVA (Donostia)
Mendi Film 2020 Sail Ofiziala
Mikel Sarasola kayaker eta zuzendari donostiarraren lana da, nazioarteko lehen emanaldia Mendi Filmen egin ostean, ‘etxean’, Donostian, estreinatzeko tenorean da. Nepalgo Karnali ibai sakratuko ur lasterrak jaisteko espedizioa burutuko du beste hiru espezialistekin, eta han presa erraldoiak eraikitzeko proiektu handinahiaren aurka egingo dute.
ARRIESGARSE A VIVIR (Zangoza)
Mendi Film 2020 Zabalandi saila (lehiaz kanpo)
Alberto Iñurrategi, Juan Vallejo, Mikel Zabalza, Juanjo San Sebastián, Nives Meroi eta Romano Benet alpinistak eta Didac Costa nabigatzailea 2T ezizenaz ezaguna den haur batekin eta bere familiarekin -The Walk On Project-elkartu dira, gaixotasun neurodegeneratibo larri bat tarteko dela. Elkarrekin gogoeta egiten dute natura, gure hauskortasuna, oztopoak gainditzeko gaitasuna, arriskuak, grinak, norberarekiko leialtasuna, konpromisoa, elkartasuna, talde indarra, heriotza eta zorionaren bilaketaren inguruko kontakizun hunkigarri eta biluzi batean, bizitzeko arriskua hartuz.
*Jatorrizko bertsioetan eskainiko dira pelikulak, azpitituluekin lagunduta