Bilbao Mendi Film Festivalaren azken edizioko pelikula onenak Gipuzkoan dabiltza batera eta bestera. Hurrengo lekukoa Beasainek hartuko du, ekainaren 3an, Tomas Salazar VIII AIZKORRIKO BIRA mendi martxaren inguruan sortutako egitarauan.
Beasaingo Mendi Tourraren lehen edizioa izango da, eta antolaketan Aizkorri Mendizale Elkarteak, Beasaingo Udalak eta Zineuskadik lagundu dute.
2016ko ekaina. BILBAO MENDI FILM FESTIVAL Gipuzkoan da berriro MENDI TOURraren eskutik. Mendia eta natura maite eta bizi dituztenentzat bezala, publiko orokorrari zuzendutako eskaintza da Mendi Tourra, Festivalaren azken edizioko pelikula onenak biltzen dituena.
Beasaingo Mendi Tourraren lehen edizioan lau pelikula eskainiko dira, ekainaren 3an, Usurbe Antzokian. Saioa 19:00etan hasiko da eta sarrerak bina eurotan eskura daitezke.
Bilbao Mendi Film Festivalak antolatu du ekitaldia Zineuskadiren laguntzarekin, eta Aizkorri Mendizale Elkartea eta Beasaingo Udala dira babesleak.
Mendi Tour Beasain saioko egitaraua:
BIZIMINEZ: 2015, Euskal Herria, 44 min, JB: EU, AZP: ES, Pablo Dendaluze. Josu Iztueta eta Antxon Arza, bi adiskide AEBko errepidean “amets txiki bat betetzen”. Errepideko zeharkaldia bera baino garrantzitsuagoa da barne bidaia: oroitzapen eta bizipen eder eta ez hain ederrak, jolasak, eta negarrez eta umorez gaindituko dituzten bidean aurkitutako oztopoak. Bizitzari buruzko gogoeta sakona, bi adiskideren erretratu zintzoa, bizimina transmititzen duen road movie hunkigarria.
2T ON CHAMLANG: 2015, Espainia, 30min, JB: ES, Karen Hughes. Bilbao Mendi Film Festival-ak primizian estreinatu zuen Karen Sole Hughes-ek zuzendutako filma, Alberto Iñurrategi, Juan Vallejo eta Mikel Zabalza alpinistek eta Juanjo Otazu kameralariak udazkenean Chamlang-era egindako igoerari buruzkoa. WOPEAK espedizioa Nepalgo mendi horren gailurrera iritsi zen urriaren 19an kontrako eguraldi iragarpena izan zuten arren. Tontorra erdiesteko joaldian atzera egiteko iradokitzen zuten hotz ikaragarriari eta haizeteei aurre egin behar izan zieten alpinistek.
PIZTU: Mendi Short irabazlea. 2015, Espainia, 5 min, JB: EUS, AZP: ES, Iñaki Urresti eta Mikel Urresti. Ziurgabetasunean murgiltzen den labirinto batean, eguzkiaren dirdira tarteka baino ikusten ez den toki batean, gure ametsak onartu eta lortzeko ahalegina ez da batere xamurra izango.
PANAROMA: 2015, Espainia, 29 min, JB: ES, Jon Herranz eta Gerard Peris. Edu Marín-ek bere bizitzako proiekturik zailena egingo du: "Panaroma", Alex Huber-ek 2007an irekitako bide ospetsua eskalatu 62 urte dituen bere aitarekin, Francisco Marín 'Novato'. Aita eta semea Dolomitetako bihotzean barneratuko dira eta euren bizitzaren agintea hartuko dute aurrekaririk gabeko kirol balentria bat lortzeko eta, beraz, eskaladako mito bihurtzeko.