Henna Taylor zuzendaria eta Quinn Brett protagonista BBK Mendi Film Bilbao Bizkaiko photocallean
"An Accidental Life" pelikulak irabazi du BBK Mendi Film Bilbao Bizkaiko Sari Nagusia. Henna Taylorrek zuzendutako lana da, eta Quinn Brett eskalatzailea du protagonista eta ardatz. Quinn Brett-ek eskalada istripu larria jasan zuen El Capitanen, Yosemiten, 2017ko urriaren 11n. Gertatutakoaren berri konta dezake, mirariz eutsi baitzion bizirik, baina gerriz behera elbarri geratu zen eta horri aurre egiten ikasi behar izan du geroztik. Bera eta Henna Taylor, biak, izan dira Bilbon pelikula aurkezten, eta Epaimahaikideak ez ezik, Mendi Filmeko ikusleak ere poltsikoratu ditu beren istorioak.
Guztira 16 sariz osatutako palmaresa eman da ezagutara Sala BBK aretoan egin den Sari Banaketa ekitaldian, 2022ko abenduaren 18an. Sail Ofizialean aurkeztu diren 56 pelikuletatik, 13k jaso dute garaikurren bat, eta haien artean banatu dira 25.200 euro diru-saritan.
BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia 15. edizioko Sariak
- Sari Nagusia: “Eguzkilore” garaikurra eta 6.000 euro | AN ACCIDENTAL LIFE
- Zuzendari Onena: “Eguzkilore” garaikurra eta 3.000 euro | Sébastien Montaz-Rosset eta Davina Beyloos Montaz-Rosset | DE L’OMBRE Á LA LUMIÉRE-FROM SHADE TO LIGHT
- Gidoi Onena: “Eguzkilore” garaikurra eta 2.000 euro | NOT ALONE
- Argazkilaritza Onena: “Eguzkilore” garaikurra eta 2.000 euro | EPHEMERAL
- Epaimahaiaren Saria: “Eguzkilore” garaikurra eta 2.000 euro | THIS IS BETH
- EITB Saria Euskarazko Film Onenari: “Eguzkilore” garaikurra eta 2.000 euro | AGUR ARTZAI
- Soinu Banda Original Onenaren Saria: "Txalaparta" garaikurra eta 1.200 euro | CREATION THEORY | Konpositoreak: Griff Washburn & Goth Babe
- Mendiko Film Onena: “Eguzkilore” garaikurra eta 1.200 euro | DE L’OMBRE Á LA LUMIÉRE-FROM SHADE TO LIGHT
- Eskaladako Film Onena: “Eguzkilore” garaikurra eta 1.200 euro | ALPINE TRILOGY (DOGGYSTYLE)
- Kultura eta Natura Film Onena: “Eguzkilore” garaikurra eta 1.200 euro | PASANG- IN THE SHADOW OF EVEREST
- Kirol eta Abentura Film Onena: “Eguzkilore” garaikurra eta 1.200 euro | TÒFOL CASTANYER, EL CORREDOR INFINIT
- Film Labur Onena: “Eguzkilore” garaikurra eta 1.000 euro | JOY
- Ikusleen saria: “Eguzkilore” garaikurra eta 1.000 euro | EGOLAND
- Gazte Saria Film Labur Onenari: “Eguzkilore” garaikurra eta 200 euro | AGUR ARTZAI
- Epaimahaiaren Aipamen Berezia | EGOLAND
- Epaimahaiaren Aipamen Berezia | SAVAGE WATERS
Albert Pascual, Josué Vergara, Iratxe Fresneda, Laura Zumiani eta Lisa Stolze epaimahaikideak
SARI NAGUSIA
“An accidental life”
Filmak era bikainean kontatzen du pertsona batek nola gaindi ditzakeen erronka harrigarriak, nola berreskura dezaken bizipoza eta nola aurre egiten dien gutako gehienok ohikotzat edo segurutzat jotzen ditugun gauzei.
Zuzendariak oreka egokia aurkitu du protagonistaren historiaren argilunak kontatzerakoan, bere begirada hurbileko eta konfidentzialari esker.
ZUZENDARI ONENAK
“De l´ombre a la lumière” – Sebastién & Davina Montaz-Rosset
Zuzendariek asmatu dute ikuspegi egokia hartzen, eta, ikuspegi horretatik muturreko alpinismoaren sentimendu indartsuak harrapatzen. Hala, modu ezin eraginkorragoan eraikitzen dute kontakizuna.
GIDOI ONENA
“Not alone”
Mendiak baditu bere arriskuak, eta gertaera traumatikoak sor ditzake. Trauma horiek gainditzeko bideak eta moduak aurkitzea zein garrantzitsua den azpimarratzen du filmak, eta alpinismoan kapitulu berri eta zoragarri bat zabaltzen du.
ARGAZKILARITZA ONENA
“Ephemeral”
Filmak zinemaren esentzia, muina, nabarmentzen du: kameraren posizio egokiak bat egiten du filmatu beharreko eszenaren une gorenarekin. Baldintza makurrek filmazioa ikaragarri zaildu arren, sekuentzia distiratsuak lortzen ditu egileak.
EPAIMAHAIAREN SARIA
“This is Beth”
Eskaladaren munduan, argaltasuna eta trebetasun fisikoa oso loturik daude perfekzioaren kontzeptuarekin. Beth-ek tabu hori apurtzen du, eskalatzeak sortzen duen plazer hutsa berreskuratuta.
EITB SARIA EUSKARAZKO FILM ONENARI
“Agur artzai”
Joan badoan denbora eta desagertzen ari den horren aztarna modu poetikoan, sotilean eta minimalistan islatzeko gaitasun paregabea erakutsi du zuzendariak.
SOINU BANDA ORIGINAL ONENAREN SARIA
“Creation Theory” Konpositoreak: Griff Washburn & Goth Babe
Irudiak eta musika elkarren oso lagun direla erakusten duen adibide bikaina da filma; soinu-banda da ekoizpen honen pultsua.
MENDIKO FILM ONENA
“De l´ombre a la lumière”
Film honek aukera paregabea eskaintzen digu eskalatzailearekin egoteko bai igoeran zehar eta bai igoeratik harago. Haren pentsamenduen korronteak argiranzko barne-bidaian garamatza, tartean beldurretik, etsipenetik eta klaustrofobiatik igarota.
ESKALADAKO FILM ONENA
“Alpine trilogy (Doggystyle)”
Filmak istorio entretenigarri eta umoretsu bat sortzen du, eta bi eskalatzaile handik eskuratutako lorpenen berri ematen du ikuspegi itxuraz aske eta dibertigarri batetik. Mendiz mendi modu jasangarrian bidaiatzen dute bi eskalatzaileok, musika lagun.
KULTURA ETA NATURA FILM ONENA
“Pasang: in the shadow of Everest”
Film hunkigarri honek, lekukotzetan eta artxiboko materialean aberats, Pasang Lhamu Sherparen bizimodu iraultzailearen berri ematen du. Belaunaldi ugariren ispilu izaten jarraitzen du Pasangek.
KIROL ETA ABENTURA FILM ONENA
“Tòfol Castanyer: El corredor Infinit”
Eskuzabaltasuna, umiltasuna, lan gogorra eta ahalegin etengabea, horiek dira kirolari handi baten nortasuna eta historia hezurmamitzeko motorrak. Filmak modu hurbilean eta eraginkorrean kontatzen du nolakoa den prozesu hori.
FILM LABUR ONENA
“Joy”
Zinematografia ederrarekin, natura babestearen garrantzia erakusten digu filmak, eta, horren paraleloan, emakumezko baten historia berezi eta erreferentziala kontatzen du.
EPAIMAHAIKIDEEN AIPAMEN BEREZIA
“Egoland”
Stop motion film baten lan zehatz eta arretatsua, musika zaindua eta alpinismoaren munduan dagoen egoa erakusteko modu ironikoa, horra film hau azpimarragarri egiten duten bereizgarriak.
EPAIMAHAIKIDEEN AIPAMEN BEREZIA
“Savage waters”
Zinematografia nabarmenaren azpian, filmak altxor bat gordetzen du: abentura maite duen familia baten historia, munduaren esplorazioa bizimodutzat harturik.
GAZTE SARIA FILM LABUR ONENARI
Film labur honek jardun tradizional baten azken bristadak erakusten ditu, Gorbeiako abeltzaintza estentsiboaren azken ostikoak, abeltzainaren beraren iragan-minetik, baina baita historiaren egile eta narratzailearen begirada gaztetik ere (malenkoniatsua orobat). Filmak protagonistaren beraren bizimodua jorratzen du, eta itxura batean azkenetan den artzain lanbidearen muina ere erakusten du.
Seguruenera, elkarren osagarri diren bi ikuspegi horiek eta egileak gaiarekiko duen hurbiltasunak egiten dute “Agur Artzai” hain biribila, gidoi eta estetika aldetik mimo handiz ondua. Julen Zubieteren ikuspegiak modu zintzoan eta batez ere enpatikoan islatzen du jorratutako gaia, eta kameraren erabilera sotilak indartu egiten du ikuspegi hori. Plano pausatuak, eta dilatazioaren erabilera kontrolatua.
Zinema ikasle eta batez ere pertsona garen aldetik, “Agur Artzai” gogoan izango dugu luzaroan.
ECPVko epaimahai gaztearen lantaldea.