Egun ia 40.000 bazkide ditu EMF-Euskal Mendizale Federazioak. Federatu horien guztien artean nahiz publiko orokorrarengan ere mendizaletasuna sustatzeko helburuak batzen ditu EMF eta Mendi Film zine jaialdia.
Zigor Egia EMF-ko Presidenteak eta Eduardo Martinez Mendi Film Festival Elkarteko Presidenteak sinatu dute 2021eko hitzarmena. Ricardo Hernani EMF-ko zuzendaritza berriko kidea eta Jabier Baraiazarra Mendi Filmeko zuzendaria ere elkartu dira sinadura ekitaldian.
Ricardo Hernani (EMF), Eduardo Martínez (Mendi), Zigor Egia (EMF) eta Jabier Baraiazarra (Mendi) Bilboko Zabalgune eraikinean bildu dira.
Komunikazioan egingo du indar berezia EMF-k, Pyrenaica aldizkarian eta bere sareen bidez tarte zabala eskainiz Mendi Filmeko albiste eta gertakizunei. Ekarpen ekonomikoa ere egingo dio Mendi Filmi, aurtengo aurrekontuetako egokitzapenek bideragarri egiten duten neurrian, eta materiala ez den babesa ere eskainiko dio, mendiko zine jaialdi hau Euskal Herriko mendizaletasunarentzat interes berezikoa dela aintzat hartuz.
Mendi Filmek, bere 14. edizioko (abenduak 3-12) Hasiera Ekitaldiko sarreretan kode bidezko deskontua eskainiko die EMF-ko federatuei, eta zuzendaritzak -Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Federazioetako zuzendaritzek bezala-, toki berezia izango du jaialdiko emanaldi eta ekitaldietan. Nazioarteko mendiko zinemagintza onena eta gaur-gaurkoena eskainiko ditu, beste behin, Mendi Filmek Bilbon.