Urteurrenen 2017an hasi dute lankidetza ofiziala Bilbao Mendi Film Festivalak eta SUA Edizioak argitaletxeak eta haren El Mundo de los Pirineos aldizkariak. Argitaletxea sortu zutela 30 urte bete dira, aldizkariaren lehen alea duela 20 urte argitaratu zuten, eta duela 10 urte egin zen lehen Mendi Film Festivala Gasteizen.
Argitaletxea eta aldizkaria marka erreferenteak dira, urteen indarragatik eta batez ere jorratzen dituzten edukiengatik. Mendifilm, bere aldetik, nazioarte mailan aitortza handia lortu duen jaialdia da.
Euren ildo nagusietan ezaugarri bateragarri asko dituzte: mendia, natura eta kultura zaletasuna, haien dibulgaziorako grina, eta komunikazio euskarrien bidezko jendarteratzea.
Mendi Film Festivalak Bilbon duen egoitzan, Zabalgune plazako udal eraikinean, Base Camp bilgunea prestatuko du 10. edizioko egunetan, abenduaren 8tik 17ra. SUA-ren eta El Mundo de los Pirineos-en urteurrenetako erakusketez batera, Montañas de Risa erakusketa jarriko da bertan ikusgai, Norberto Fernandez Serranok egindako komiki liburu arrakastatsuaren binetekin osatua. SUAren hainbat aldizkari eta argitalpenekin liburutegi bat ere sortuko da, irakurketa txoko eta guzti, bertaratzen direnek nahieran gozatu dezaten.
Eta jaialdiko bigarren larunbatean, abenduaren 16an, Sala BBK-n eta 12:00etan hasita, Panel Talk-a egingo da. SUA Edizioak argitaletxearen eta El Mundo de los Pirineosen historiaren errepaso bat egingo dute haien arduradunek, eta ‘Mapas Pirenaicos’ kartografia bilduma digitalizatuaren app-een aurkezpena egingo du Miguel Angulok, kartografiagintzan dagoen egile emankor eta puntakoenetakoa bera. Android eta IOS sistemadun smartphone-etarako 3D irudiak eskaintzen dituzte Face Au Sud enpresak egindako app horiek. Piriniotako kartografian mugarri garrantzitsua da, eta Europan aplikazio berritzailea.