Donostiako Zinemaldiko Savage Cinema sailaren gerizpean hainbat zuzendari, ekoizle eta protagonista bilduko dira aurten. Jennifer Peedom izango da horietako bat, Mountain filmako zuzendaria. Bilbao Mendi Film Festivalak eta Zinemaldiak eskutik ekarri dute film hau Euskal Herrira, eta orain Donostian bezala abenduan Bilbon erakutsiko dute.
Jennifer Peedom muturreko egoeretan dauden pertsonei egiten dizkien erretratu zirraragarri eta intimoengatik da ezaguna. Haren filmografian hainbat lan dira azpimarratzekoak: Sherpa (2015), dokumental onenaren BAFTA sarirako izendatua, beste sari batzuen artean; Miracle on Everest (2008), Living the End (2011) eta Solo (2008). Azken lan horrek dokumentalen zinema-jaialdi garrantzitsuenen sail ofizialetan parte hartu du; besteak beste, Sheffield eta Amsterdamekoetan, eta Australiako Zinema Institutuak dokumental onenaren saria eman zion. Horrez gain, Life at 7 (2012), Life at 9 (2014) eta Miracle in the Desert (2010) ere zuzendu ditu.
Hona hemen aurtengo Savage Cineman izango diren beste zuzendari eta protagonistak
Serge Hazanavicius, Tout là-haut filmaren zuzendaria
Serge Hazanavicius aktore gisa hasi zen lanbidean, eta 1986tik hogei bat antzerkilan eta hirurogeita hamar film antzeztu ditu, hala Frantzian nola atzerrian. 2000ko hamarkadaren hasieran bere proiektuak idatzi eta zuzentzeari ekin zion, film labur batekin hasita; ondoren, antzezlanekin eta bakarrizketa komikoekin jarraitu zuen. 2003an 84, Charing Cross Road eleberriaren antzerkirako egokitzapena zuzendu eta antzeztu zuen, eta arrakasta handia bildu zuen bai ikusleen eta bai kritikaren artean. Tout là-haut bere lehen film luzea da eta goi-mendiko eskiarekiko duen zaletasuna islatzen du.
Bérénice Bejo, Tout là-haut filmaren protagonista
Bérénice Bejok 90eko hamarkadan ekin zion bere ibilbideari, Frantziako telebistan eta zineman hainbat rol antzeztuz. Estatu Batuetako zineman 2001ean egin zuen debuta, A Knight’s Tale (Zaldun baten gorabeherak) filmean. Nazioarteko ospea Peppy Miller-en rolak ekarri zion, The Artist filmean. Kritikaren txaloak lortzeaz gain, emakumezko aktore onenaren saria eraman zuen Frantziako zinemaren Cesar sarietan, baita antzeztaldeko emakumezko aktore onenaren Oscarrerako izendapena eta kategoria bereko Urrezko Globoa ere. 2013an, emakumezko aktore onenaren saria eskuratu zuen Canneseko zinema-jaialdian Le passé filmeko rol protagonistari esker.
Kev Adams, Tout là-haut filmaren protagonista
Komediante gisa 2009an hasi zen lanean, Frantziako telebistan aurkezpenak eta antzezpenak eginez. Haiei esker, 2014an Soda telesaila protagonizatu zuen. Fiston eta Kidon komedietako antzeztaldean aritu zen, eta ondoren bere ibilbide zinematografikoa garatu zuen Les profs eta Les nouvelles aventures d'Aladin film arrakastatsuetan parte hartuz. 2016an Vincent Elbaz-ekin batera antzeztu zuen Edouard Pluvieux-en Amis publics filmean.
Kai Lenny, surflaria eta Paradigm Lost zuzendarikide
Kai munduko waterman osoenetakoa da, eta ur-kirol ia guztiak egiten ditu: kitesurf, windsurf, stand-up-paddle nahiz olatu handietako surfa, besteak beste. Munduko txapeldun titulu ugariren irabazle, Mauiko (Hawaii) iparraldeko kostaldean hazi eta 5 urterekin hasi zen surfean. Kirolari garrantzitsuak izan ditu mentore, besteak beste, Robby Naish, Laird Hamilton eta Dave Kelama, baina gazte xumea izaten jarraitzen du. Duela gutxi Puerto Escondido-n (Mexico) ospatu zen olatu handien txapelketa irabazi zuen.
John DeCesare, Paradigm Lost zuzendarikide
John DeCesare ia-ia bi hamarkadaz egon da akzio-kiroleko filmen abangoardian. Super 8ko kamera batekin, gillotina batekin eta zelo apur batekin hasi zen guztia. Teknologia zaharkituaren errautsetatik birsortutako fenix bat bezala, ekipamendu osoa zuen zuzendari digitala bihurtu zen John. Pixel guzti-guztiei etekin handiena aterata, denetarik filmatu du, eski, surf nahiz futbol.
Bill Heick, surflaria eta Secrets of Desert Point filmaren protagonista
Billen aita, William Heick, Ipar Amerikako kultura indigenei eta Afrika, Indonesia eta Ekialde Ertaineko lurralde urrunei buruzko argazki eta dokumental etnografikoengatik da ezaguna. Elkarrekin jardun zuten 60 urteetan, bidaiatzeko eta dokumental horietako askotan lan egiteko zortea izan zuen Billek. Zinematografiako eta telebistako errealizazioan izandako esperientzia horretaz gain, bere bizitzan surfa izan du lagun handiena, bai etxean, Kalifornian, eta bai mundu osoan zehar egin dituen konta ezin ahala bidaietan.
Savage Cinemako filmetarako sarrerak eskuragai daude Zinemaldiaren webgunean.