Catherine Destivelle, Lynn Hill, Josune Bereziartu, Edurne Pasaban, Bernadette McDonald, Katie Ives... Bilbao Mendi Film Festivalaren 10. edizioan indar berezia izango duten izarrak. Beste hainbaten artean, eskalatzaile, alpinista, idazle eta editore horiek nabarmenduko dira jaialdiaren lehen egunetan, mahai inguruak eta banakako hitzaldiak emanaz.

 

Destivelle eta Hill lagun onak dira oso, 80. hamarkadan munduko onena nor izango aritzen ziren nazioarteko lehen eskalada lehiaketetan. Gaur egun oraindik sekulako miresmena sortzen duten jarduerak egin zituzten, berdin eskaladan nahiz alpinismoan, gizonezkoen pare jarriz eta baita haien gaindi ere. Bereziartu eta Pasaban mundu mailako marken jabe dira, eskaladan eta himalayismoan itzal handikoak, eta 'etxeko' aitotza jasoko dute Mendi Film Festivalean. Haiekin batera arituko dira Bernadette McDonald eta Katie Ives idazleak. McDonald mendi literaturgintzako egilerik sarituenetako bat da, oparoa da oso bere obra, eta Mendi Film Festivala ondo ezagutzen du behin baino gehiagotan izan baita geure artean -tartean Freedom Climbers liburua aurkeztuz-. Ives, Alpinist Magazine mendiko gaien inguruko aldizkari entzutetsuko editore nagusia da, munduan erreferente den aldizkaria, Bilbao Mendi Film Festivalaren nazioarteko media partnerra azken edizioetan.

Bilboko Udala, Bizkaiko Foru Aldundia, Emakunde eta Euskal Mendi Federakundearekin elkarlanean antolatu dira emakumeok protagonista izango direneko ekitaldiak Bilbao Mendi Film Festivalean.

 

CATHERINE DESTIVELLE: 1985etik 1988ra munduko kirol eskalatzailerik onena izan zen, Hill-ekin lehian maiz. 90. hamarkadan Alpeetako hiru hormatzar ezagunenak (Eiger, Grandes Jorasses eta Matterhorn/Cervino) neguan bakarka eskalatu zituen.

LYNN HILL: 80. hamarkada amaierako munduko kirol eskalatzailerik onena, Destivellerekin lehian maiz. 1993an Yosemiteko El Capitan hormaren The Nose bidea era askean osatu zuen lehen eskalatzailea izan zen, eta urtebete beranduago egunean bertan era askean eskalatu zuen lehena ere.

JOSUNE BEREZIARTU: 9. zailtasun graduan sartu zen lehen emakumea, bere obra gorena 9a/a+ zailtasuneko Bimbaluna bidea izan zen (Suitza, Sant Loop, 2005). Hartara iristeko, haitz eskaladan emakumezkoen hainbat marka ezarri zituen, maiz gizonezkoen pare: 8c (Honky Tonky, 1998), 8c+ (Honky Mix, 2000), 9a (Bain de Sang, 2002/Logical Progression, 2004), eta bistaz 8b+ (Hidrofobia, 2006), osatzen lehen emakumea izan zen.

EDURNE PASABAN: 14 zortzimilakoak osatzen lehen emakumea -21.a orokorrean- (2001 Everest-2010 Shisha Pangma).

BERNADETTE McDONALD: mendi literaturako munduko erreferentzia nagusietako bat, eta Banff Center for Mountain Culture sortzailea. Berriki Voytek Kurtykari buruzko Art of Freedom liburua argitaratu du. 

KATIE IVES: Alpinist Magazine-eko editorea -Bilbao MFFaren nazioarteko media partnerra-, beste hainbaten artean Best American Sports Writing saria jaso zuen iaz eskaladari buruzko bere artikulu batek.

 

Abenduak 9, larunbata (Sala BBK 17:15)

WOMEN AT THE TOP Panel talk / Mahai ingurua

Catherine Destivelle, Lynn Hill, Josune Bereziartu, Edurne Pasaban, Katie Ives eta Bernadette McDonald

 

Abenduak 10, igandea (Sala BBK 12:00)

MOUNTAIN STORY TELLERS Panel Talk /Mahai ingurua

Catherine Destivelle, Katie Ives eta Bernadette McDonald

Lara Izagirrek zuzenduta (zine zuzendaria: Un otoño sin Berlín, Next Stop Greenland)

 

Abenduak 10, igandea (Sala BBK 17:15)

FROM BOULDERING TO HIGH MOUNTAIN ASCENTS Mendi Talk

Catherine Destivelle

 

Abenduak 11, astelehena (Sala BBK 19:30)

CLIMBING FREE Mendi Talk

Lynn Hill