MENDI TOURRA ESTREINAKOZ IZANGO DA ASTURIASEN
Bilbao Mendi Film Festivalek Pola de Sierora bidaiatuko du joaneko edizioan ikusitako pelikula onenetarikoekin: “Valley Uprising” eta “Afterglow”
Ekainaren 19an, 20:00etan, pelikulak Teatro Auditorion proiektatuko dira jatorrizko bertsioan, ingelesez, gaztelaniazko azpitituluekin, eta sarrera librea izango da leku guztiak bete arte
Zaragozan eta Canet D´En Berenguer herrian (Valentzia) egindako geldialdien ostean hauxe da Mendi Tourrak estatu espainiarrean aurten egingo duen hirugarren emanaldia
“Valley Uprising” filmak pelikula onenaren Sari Nagusia eta Ikusleen Saria irabazi zituen BILBAO MENDI FILM FESTIVALEKO azken edizioan, eta pelikula erakargarriena izango da POLA DE SIEROKO MENDI TOURREAN, ekainaren 19an.
“Valley Uprising” 2014ko eta 98 minutuko, eta Nick Rosenek eta Peter Mortimerrek zuzendutako film estatubatuarra da. Pelikulak Yosemiteko haranean egindako eskaladaren historia kontatzen du narrazio trebe baten bitartez, sekuentziak artxiboko irudiekin eta eskalatzaile handien elkarrizketekin nahastuta. Alde serioago bat ere sartzen du, Estatu Batuetako kontrakulturaren historiako pasarte garrantzitsuenak eta garai haretako arazo politiko eta sozialak aipatzen dituelako. Hala ere, aldi berean, dibertigarria eta erabat entretenigarria da hasieratik bukaerara arte. Metraje luzeko film hau ikusle guztiei zuzentzen zaie, eskalatzaileei eta eskaladan adituak ez direnei ere.
“Valley Uprising” pelikulaz gain, “Afterglow” metraje laburreko filma ere proiektatuko da Pola de Sieron.
Edertasuna, misterioa eta eski akrobatikoan munduan dauden lau izar garrantzitsuenak dira laburmetrai honen osagaiak. “Afterglow”k horien nahasketa indartsua eskaintzen digu Columbia Britainiarrean eta Alaskan gauez grabatutako irudietan. Octocopter dronek, azken belaunaldiko kamerek eta LED argiak jantzita daramatzaten eskiatzaileek ilunabarreko distira orain arte ikusi ez dugun moduan erakusten dute. “Afterglow” Nick Waggonerrek zuzendutako 2014ko 12 minutuko ekoizpen estatubatuarra da.
Bi pelikulak jatorrizko bertsioan, ingelesez, eskainiko dira, gaztelaniazko azpitituluekin.
Pola de Sieroko Kirol-Patronatuaren laguntzaz, emanaldia 20:00etan hasiko da TEATRO AUDITORIOn (Belarmino García Roza kalea, 5). Sarrera librea izango da leku guztiak bete arte.
Hauxe da MENDI TOUR POLA DE SIEROKO programazioa:
· “Afterglow” (AEB, 2014, 12’, jatorrizko bertsioan, ingelesez, gaztelaniazko azpitituluekin)
· “Valley Uprising” (AEB, 2014, 98´, jatorrizko bertsioan, ingelesez, gaztelaniazko azpitituluekin)