• Bai Sala BBK-n bai Golem Zineman saio asko bete dira, badirudi aurten ere Bilbao Mendi Film Festivalak gora egin duela

  • Epaimahaikideak larunbatean, arratsaldeko 19.30etan, emango du ezagutzera bere erabakia

Bilbo, abenduak 14. Bilbao Mendi Film Festivaleko 9. edizioa aurrera doa eta berriz ere mundu mailako mendi zinemaldi onenen artean dago. Horrela diote gonbidatu eta protagonistek, bai bertakoek, hala nola, Jon Garaño zuzendariak (epaimahaikide) edota Mikel Sarasola kirolariak (zuzendari eta protagonista); baita atzerritarrek, Pawel Wysoczanski zuzendari poloniarra, Paul Bride argazkilari kanadarra edota Jennifer Jordan zuzendari estatubatuarra.
Pelikulez gain, ostegun honetan argazki erakusketen bisita gidatuak egingo dira. Goizeko 10.00etan, Rekalde Aretoan, Jose María Alvarez argazkilariak bere erakusketa Olas de hielo egiteko erabiltzen dituen teknika bereziak azalduko ditu.
Arratsaldeko 16.00etan, Zabalgune eraikinean, Eñaut Izagirrek Incognita Patagonia espedizioaren argazki erakusketaren bisita gidatua egingo.  Proiektu hau National Geographikekin batera eraman du aurrera, “Gazte ikertzaileen” beka lortu ondoren. Bihar proiektu eta espedizio hau hurbiletik ezagutzeko aukera egongo da.
Bi bisitek sarrera librea dute.


Honez gain, epaimahaikideek bere erabakia ezagutzera emango dute larunbatean 19.30etan. Ordu horretan ere igandeko programazioa publikatuko da, pelikula irabazleak proiektatu direneko non stop saioak.

Osteguna 15, 17:00etan ondorengo filmak proiektatuko dira:
Mira: Korrikalari arrakastatsua izatera heldu nahi duen gazte nepaliarra da Mira. Nepalgo neskek jasan ohi dituzten oztopoen gainetik, amets hori burutu ahal izateko gainditu behar izan dituen erronka guztiak kontatzen ditu gazte honek.
Solo Base: David Fusté eta Turko eskalatzaileek hegan egitea dute amets, eta hori gauzatze aldera BASE jauzilari bihurtuko dira, paraxuta dutelarik segurtasunerako tresna bakar. Davidek natura eta animaliekiko duen errespetua ere agertzen du, inguruan duenaren parte izanez antolatuz bere bizimodua. David Fusté, protagonista, gure artean izango da.

19:30ean:
Common Ground: Hansjörg Auer, Jacopo Larcher, Siebe Vanhee, Iker Pou eta Eneko Pou eskalatzaileek Siberiara bidaiatu zuten 2015eko uztailean Chukotka lurralde iheskorra esploratzeko asmoz. Eskalada bide berriak bilatu eta zabaltzea da euren asmoa. Teknikoki ezaugarri desberdinak dituzten bost eskalatzaile batu egingo dira horma handiekiko duten pasioa elkarbanatzeko. Iker eta Eneko Pou izango dira, baita zuzendaria ere, Jordi Canyigueral.
Jean Troillet, toujours aventurier: Jean Troilletek haren bizitzaren errepasoa egingo du: 50 urte alpinismoari emana, 40 urte espedizioak eginez, 30 urte Himalayan 8.000 metrotik gora eskalatuz... 27 gonbidatu agertuko dira ezustean, bisita egingo diote, anekdotak kontatuko dituzte, barre egingo dute, isiltasun uneak egongo dira, eta guztia uztartuz gizaseme libre eta gartsu baten iragana ezagutuko dugu, artean, 68 urterekin, berdin jarraitzen duena. Jean Troillet eta Sebastien Devrient, zuzendaria, bertaratuko dira.

Golemen kasuan, 18:00etan The Mysteries eta Península Mitre filmeetaz gozatzeko aukera egongo da. 20:00etan Boys in the Bugs eta Airman lanen emanaldia izango da.

Festibala handitasunez bukatzeko, asteburua ekintzez nahiz izen handiko protagonistez beteta dator. Ostiralean, 17:00etan ondorengoak ikusgai izango dira:
Guilt Trip: Salomon taldea errudun sentitzen da, munduan barrena bidaiatzen du elur bila, eta bitartean klima aldatzen ari da. Groenlandiako gailur galdu batean eskiatzeko asmoz eginiko espediziora klima aztertzen diharduen zientzialari bat gonbidatuko dute. Itsas mailaren gorakada ulertzen laguntzeko datuak biltzea da helburua.
The Trail to Kazbegi: Lau abenturazale munduko mendilerro basatienetako batean murgiltzear juxtuko osagarriekin: bakoitzak norbere bizikleta eta 10 egunez bizirauteko adina janari. Zer gerta liteke? Bide horretan betiereko adiskidetasun loturak sortuko dira, eta argi geratuko da bizitza, mendian, beste edonon baino hobea dela.
4634 Perception: Bere ikuspunturik basatienaren bila, Géraldine Fasnacht-ek wingsuit-aren mundua irauliko du jauzitik haratago hegan eginez. Zer behar da altura berrietara iristeko? Hegan egiten duten haiei buruz ustez dakiguna guztiz apurtuko du Géraldinek. Géraldine Fasnacht presente izango da.

19:15eko saioan:
Operation Moffat: Gwen Moffat-en bizitza kontatzen du filma honek, mendiko gidari izaten lehen emakume britainiarra. Gwenek bere paisaia gogokoenetakoak erakutsiko ditu. Nahiago ditu mendiak pertsonak baino, eta abentura segurtasuna baino. Claire Carter zuzendaria aretoan izango da.
Tom: Tomek 6 urte baino ez zituen haren ama, Alison Hargreaves eskalatzaile britainiar ezaguna, K2an hil zenean. Hala ere bizitza osoa eskaini dio mendizaletasunari. Haren azken helburua Alpeetako sei ipar hormak eskalatzea da, oraindaino inork burutu gabeko erronka. Angel Esteban eta Elena Goatelli zuzendariak bertan izango dira.

Golem Zinema aretotan, 18:00etan The Highway eta Samuel in the clouds ikusi ahal izango dira, eta 20:00etan Solo Base eta 3000 Cups of Tea.

Larunbatean, 11:00etan lehiaketa kanpoko filmeen txanda izango da. Gauzak horrela, Incógnita Patagonia, Akabuko Martxea eta Mendi short lehiaketa amateurraren irabazlea emitituko dira.

15:00etan sail ofizialeko filmeetara itzuliko gara:
Last Base: Aita izateko zorian dagoen BASE jauzilaria da Joachim, eta horregatik azken saltoa bere lagunik onenarekin, Øyvind-ekin, partekatu nahi du. Ekaitza gerturatzen denean, ordea, bien arteko adiskidetasuna kinkan jarriko da, Øyvind-ek itzuli egin nahi baitu eta itxuraz ez baitago Joachim geraraziko duenik.
E.B.C. 5.300m: Everesteko oinarriko kanpalekua urtero bi hilabetean muntatu eta desmuntatzen da. Gidariak, sukaldariak, gonbidatuak… batuz, 1000 bat lagun bildu daitezke bertan. Oinarriko kanpalekuko bizitza erakusten du film honek, eta turismo mota hori kontrolatzeko premiaz hausnarketa eragin nahi du.
Imaginador: Euskal Herriko eta Pirinioetako paisaiak ondo ezagutzen dituenik bada, hori Santi Yañiz da. Bi pasio ditu berak: mendia eta argazkilaritza. Eta haietan bietan oinarritutako bizi filosofiaren inguruko hausnarketak eta irudiak bildu ditu bere ibilbide profesionalean. Santi Yaniz bera eta Xabier Zabala, zuzendaria, bertaratuko dira.
Paddle for the north: Kanadako erreka galduenetakoak esploratzeko asmoz abentura bidaia batean murgilduko dira sei gazte. Lehen Nazioetako familia baten istorioek, ordea, harri eta zur utziko dituzte. Peel Watershed eremuari buruzko eztabaida ingurumena babestetik haratago bizimodu baten inguruko eztabaida dela jabetuko dira.

17:15ean:
Freedom Under Load: Tatras mendietako zamaketarien azken belaunaldiari buruzko lana. Zergatik hautatu zuten bizimodu hori, eta zergatik jarraitzen dute Europako azken Mohikanoak izaten. Eta bide batez, baliteke gutako bakoitzak soinean daramagun zamaz zerbait deskubritzea.
I forgot myself somewhere: Baltistan-eko bi emakumek hezkuntza izateko eta bizitzan aurrera egiteko borrokatu behar dutena kontatuko dute. Baina bestalde, horrek kontra egiten du haien idiosinkrasiarekin, bere buruaz ahaztera eragiten diena, familia eta etxea zaintzera eramaten diena, baita baldintza txarretan lan egitera.  Iker Elorrieta zuzendaria eta Alberto Sota ekoizlea eszenatokian izango ditugu.

Egunari bukaera emateko, 19:30etan, Sir Chris Bonington mendizale arrakastatsuari omenaldia egingo zaio WOP saria emanez. Izan ere, mendiaren inguruko baloreen aldeko jarrera erakutsi du eta alpinismoaren munduan egindako ekarpenak handiak izan dira. 82 urte baditu ere, oraindik jardunean dirau.