Olas de Hielo


Abenduak 15ean, osteguna, bisita gidatuak eskainiko dituzte Jose Maria Alvarez-ek Rekalde Aretoko OLAS DE HIELO erakusketan (10.00) eta Eñaut Izagirrek Zabalgune eraikineko INCOGNITA PATAGONIA erakusketan (16.00).

 OLAS DE HIELO

Islandiako paisaiaren indarrak erakarrita, irla hegoaldean dauden  Mýrdalsjökull eta Vatnajökull glaziarretan barrena ibili zen J.M.Alvarez 2002ko uztailean. Handik 14 urtera, eta Bilbao Mendi Film Festivalera begira, han egindako argazkien kopiak landu ditu. Mendi gaiak jorratzen dituzten argazkiotan, eta oro har bere obran, argazki hartze bakarraren irmotasuna eta ondorenean esku hartzerik ez izatea bilatzen ditu J.M. Alvarezek. Argazkigintza tradizionalera emanda dago guztiz, bere kabuz eta maisuki moldatzen da argazkien prozesuak eskulan hutsez eginez. Proiektu honetako argazkiak zuri-beltzeko teknika esperimentalak eta Ilfochrome (lehen Cibachrome) positibo-positibo kolore sistema erabiliz egin ditu.

Jada iraganekoa den bizipen bat gaurkotutako ikuspegitik begiratzeak, eta lurralde izoztu honen ezagutzak, aurkikuntza estetiko batetara darama artista. Osotasunaren begietan barrena ikusi behar dugu paisaia sentikor hori. Izotz Olatuak erakusketako irudien batasunak eta armoniak ikusleari forma eta izpiritua, ikerketa artistikoa, eta egile honen historia pertsonala, era idealean lotzen dituen obra bat eskaintzen dizkio.

 

INCOGNITA PATAGONIA

 

Incognita Patagonia alor anitzeko esplorazioa da: eskalada, glaziarren kartografia, eta Cloue izotz zelaiaren zeharkaldia (Hoste irla, Hegoamerikako hego puntan) uztartzen dituen ikerketa historikoa. Mendizaletasunaren ikuspegitik, Patagoniako eremu ezezagun batean egiteke zegoen erronka bat. Eñaut Izagirre, Ibai Rico eta Evan Milles dira espediziokideak, National Geographic-en Gazte Esploratzaileen programak eta Bilbao Mendi Film Festivalak babestutako abentura honetan.