BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia zinemaldiko pelikula onenak batetik bestera zabaltzen dituen Mendi Tour zirkuituak joan den asteburuan eskaini ditu urteko azken emanaldiak Liában-Potesen eta Sopelan, batean zein bestean aforoak betez. Kultura ekitaldientzako urte zaila izan da, baina Mendi Tourrak ondo baino hobeto gainditu du.
8.500 ikuslek gozatu dute aurten Mendi Tourrarekin mendiko zinemagintza pantaila handian ikusiz, eta ekitaldi bakoitzeko bataz beste 250 ikusle bildu dira. Oraindik goiz da 2019ko erritmora itzultzeko, baina aurten jada hitzorduetako asko berreskuratu dira.
Lehen urte erdian Euskal Herrian programatzera mugatu zen Mendi Tourra, eta udaz geroztik zabaldu da kanpora, Valentziako Canet d’en Berenguer, Madrid, Kanaria Handiko Las Palmas eta La Aldea de San Nicolás, Aragoiko Teruel eta Kantabriako Liébana-Potesera.
38 hiri eta herri izan dira Mendi Tourraren geltoki 2021ean. Zine eta kultura aretoetako pantaila handietan proiektatu dira iazko BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia zinemaldiko pelikula onenak, mendiko zinemagintzako ale onenak.
AGURAIN AMURRIO ANTZUOLA ANTZUOLA–PUNTAIK PUNTA ARRASATE AZPEITIA BASAURI BILBAO-SANTUTXU CANET D’EN BERENGUER DONOSTIA-SAN SEBASTIÁN EIBAR ELGOIBAR ERRENTERIA |
ESKORIATZA GETARIA HONDARRIBIA IGORRE IRURTZUN IZABA / ISABA LA ALDEA DE SAN NICOLÁS LAS PALMAS LEIOA MADRID MALLABIA MARKINA-XEMEIN ORIO |
OTXANDIO PAMPLONA-IRUÑA PORTUGALETE POTES (LIÉBANA) SOPELA TERUEL TOLOSA URNIETA VITORIA-GASTEIZ ZALDIBAR ZARAUTZ ZANGOZA-SANGÜESA |
Donostian eta Leioan hamargarren edizioa burutu da jada, eta zerrenda horretan Tolosari batu zaizkio. 2022an Gasteiz eta Arrasate izango dira 10 edizioa beteko dutenak. Agertoki berriak ere batu dira: Irurtzun, Izaba, La Aldea de San Nicolás, Otxandio, Portugalete, Teruel eta aurten Antzuolan ospatu den Puntaik-Punta Debagoienako jaialdia.
‘Out of the Blue’, ‘Free As Can Be’, ‘L’Escaladé Libéree’, ‘Everest – The Hard Way’, ‘Aterpean Ateri’, ‘Mendian Hil, Hirian Hil’ edo ‘Charge 2’ pelikulak izan dira gehien errepikatu direnak programazioetan. Horiek eta Tourrean parte izan diren besteak Mendi Filmen Mendi Tour On Line eskaintzara gehituko dira, Vimeon eta FILMIN plataformanko Mendi Filmen atalean.
2022ko Mendi Tourra atontzen hasteko garaia dela esan nahi du horrek. Laster, abenduaren 3tik 12ra, ospatuko den BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia zinemaldiko 14. edizioko 52 pelikuletatik osatuko da eskaintza, ikusle eta Mendi Zaleek mendiko zinemagintza onenaz gozatzen jarraitzeko aukera izan dezaten.