SARRERAK

Mendi Film nazioarteko jaialdiko pelikula onenen zirkuitu ibiltaria Eibarko Coliseora itzuliko da martxoaren 15ean eta 22an, bi astearteetan. Mendi Tourrak ibilbide oparoa du bertan, aurten 8. edizioa ospatuko du, eta saioetara bertaratzen direnek mendiko zinemarik onenarekin gozatuko dute.

Mendiko, abenturazko, muturreko kiroletako eta naturako pelikula zoragarriek osatuko dute Eibarko programazioa. Guztiak dira obra gomendagarriak mendizaleentzat bezala baita zinezaleentzat nahiz publiko orokorrarentzat.

BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia zinemaldiaren 14.edizioan sarituak izandako 4 film eskainiko dira, tartean ‘Mendiak-1976’. Joan zen abenduan Mendi Filmeko Hasiera Ekitaldian estreinatu zenez geroztik, azken boladako pelikularik arrakastatsuena bihurtu da: Bilbon Publikoaren Saria eta Mendiko Film Onenaren saria irabazi zituen, Iruñeko Golem Baiona zinemetan 7 astez egon da karteldegian, 4100 ikusle bilduz, eta Mendi Tour zirkuituko emanaldietan ikusleen harrera bikaina jasotzen ari da.

Luis Arrieta, Dani Burgui eta Jesus Iriartek eginiko pelikula da, 1976ko Shakhaur-Hindu Kush espedizio nafarra oinarri duena. Pelikula zoragarri bat, balore asko transmititzen dituena, eta egungo baliabide teknikoekin jantzita, nazioartean ere  arrakasta izateko osagai guztiak dituena.

Horrez batera, Euskarazko Film Onena bezala saritutako ‘Amagana’ Itziar Zabala eskalatzaile dimoztarraren inguruan, Film Labur Onenaren saria irabazi zuen ‘Melting Landscapes Glaciares’, eta ‘Le Cavalier Mongol’ western itxurako filma mongoliarra programatu dira Eibarren.

Eibarko Klub Deportiboa eta Eibarko Udala dira ekitaldiaren babesleak.

Sarrerak, 5€ saioko, Coliseo Antzokiko leihatilan erosi daitezke (17:30-19:30) eta baita www.kutxabank.es salmenta plataforma bitartez ere.