MENDI AMESGARRIAK IGORRE-k zortzi pelikula programatu ditu bi saiotan, otsailaren 19an eta 26an, Kultur Etxeko Lasarte Aretoan. 20:00etan hasiko dira saioak

Lehen saioan, hilak 19, “Piztu”, “Panaroma”,  “A line across the sky” eta “Eclipse”, eskainiko dira. Bigarrenean, hilak 26, “The warmth of winter”, “55 hours in Mexico”, “High and Mighty” eta “Jurek”

 

 

2016ko Otsaila. BILBAO MENDI FILM FESTIVALa nazioarteko erreferente bat da jada mendiko zinemagintzan. Hargatik, beste urtebetez, MENDI TOUR saioak prestatu ditu joan zen abenduko jaialdi nagusiko ale onenak herriz herri ikustarazteko. 2015eko abenduaren 11tik 20ra bitartean egin zen azken edizioan ia 50 pelikulek hartu zuten parte sail ofizialean.

Iaz ere Igorren egin zuen geldialdia Mendi Tourrak, eta orduko arrakastari segida emanaz aurtengorako pelikula kopurua zortzira handitu da. Ganzabal Mendi Taldeak eta Igorreko Kultur Etxeak babestuta, eta Zineuskadi eta Poloniako Kultura Institutuaren laguntzarekin, egingo dira saioak Kultur Etxeko Lasarte Aretoan (Elexalde 8, Igorre), 20:00etan hasita. 300 lagunentzako tokia du aretoak eta sarrerarik ez da ordaindu beharko.

MEDI TOUR IGORREko programazioa:

Otsailak 19 OSTIRALA

Piztu: Mendi Short irabazlea. 2015, Espainia, 5 min, JB: EUS, AZP: ES, Iñaki Urresti eta Mikel Urresti. Ziurgabetasunean murgiltzen den labirinto batean, eguzkiaren dirdira tarteka baino ikusten ez den toki batean, gure ametsak onartu eta lortzeko ahalegina ez da batere xamurra izango.  

Panaroma: 2015, Espainia, 29 min, JB: ES, Jon Herranz eta Gerard Peris. Edu Marín-ek bizitzako proiekturik zailena egingo du: "Panaroma", Alex Huber-ek 2007an irekitako bide ospetsua eskalatu bere 62 urteko aitarekin, Francisco Marín 'Novato'. Aita eta semea Dolomitetako bihotzean barneratuko dira eta euren bizitzaren agintea hartuko dute aurrekaririk gabeko kirol balentria bat lortzeko eta, beraz, eskaladako mito bihurtzeko.

A line across the sky: Eskaladako film onena. 2015, USA, 40 min, JB: EN, AZP: ES+EU, Josh Lowell. Fitz Roy-ren zeharbidea bilatuenetarikoa da gaur egungo alpinismoan: zazpi gailur eta 4.000 metroko eskalada bertikala dituen bidaia korapilatsua. Nork imajinatu zezakeen hain dibertigarria izan zitekeela? Elkartu zaitez Tommy Caldwell eta Alex Honnold-ekin Urrezko  Pioleta irabaztera eraman zituen bidaia interesgarri - eta batzuetan barregarri- honetan. 

Eclipse: 2015, Canada, 31 min, JB: EN, AZP: ES+EU, Anthony Bonello. Negu gorriko bidaia Svalbard-era, Zirkulu Polar Artikoaren gainetik dagoen uhartedira, eskiatzaile baten argazkia ateratzeko eguzki eklipse baten aurrean. Salomonen eskiatzaile taldeak −besteak beste, Cody Townsend, Chris Rubens eta Brody Leven− Reuben Krabbe argazkilariarekin bidaiatzen du. Abenturak bazter izoztuetara eramango ditu, klimatologiari, aldaketa klimatikoari eta euren anbizioei aurre ematen dioten bitartean, bizitzan behin egin daitekeen argazkia lortzeko.

Otsailak 26 OSTIRALA

The warmth of winter: 2015, USA, 6 min, musikala, Ben Sturgulewski. 'The Warmth of Winter' (Neguko berotasuna) gogoetarako bideo musikala da. Japoniako iparraldeko uhartean dagoen elur berezia eta egun eguzkitsuetan bertan egiten diren eski jardunaldiak ditu ardatz.

55 hours in Mexico: 2015, USA, 9 min, JB: EN, AZP: ES+EU, Joey Schuslery eta Karl Thompson. Ostiral batean Veracruzera bidaiatu, auto bat alokatu, Ipar Amerikako hirugarren gailurrik altuenera igo, eskiatzen jaitsi eta astelehenean lanera bueltatu. Asteburu bateko abentura dibertigarria eta zoroa.

High and Mighty: Laburmetraia onena. 2015, USA, 18 min, JB: EN, AZP: ES+EU, Nick Rosen. Erortzeak lesio larriak eragin ditzakeeneko ‘Highball’ bat eskalatzea ez da jende ahularentzat. Modalitate abangoardista honi zailtasun maila igotzen badiogu, kontrola zeharo galdu daiteke. Ezagutu ezazu Daniel Woods-en borroka epikoa beldurra gainditzeko eta hautatu duen 'Highball'a eskalatzeko: 'The Process'.

 Jurek: Mendiko film onena. JB: PO,  AZP: ES+EU, 2015, Polonia, 73 min, Pawel Wysoczanski. Dokumentalak Jurek Kukuzka-ren bizitza erakusten du, bai literalki bai metaforikoki. Oinetako garbitzailea izatetik aberatsa bilakatzera, langile sozialista izatetik hedabideen izarra bihurtzera, dirurik eta baliabiderik gabe igotzen hastetik 'Himalaiako koroa' lortzen lehena izateko lehian egotera.