2021eko Mendi Tour egutegiko hurrengi bi hitzorduek Agurain eta Igorrera garamatzate. Mendiko pelikula onenak, gaur-gaurkoenak, agertoki seinalatuetan dabiltza batera eta bestera urtea hasi zenetik, eta aipatu bi hauek hitzordu klasikoak dira.

Igorren 8. edizioa du jada Mendi Tourrak. Aurreko ostegunean egin zen lehen saioa, ikuslegoz oparo eta giroz bikain. Hilaren 18ko saiorako iazko Mendi Filmen Sari Nagusia irabazitako Hillary - Ocean to Sky filma programatu da, Edmund Hillaryren abentura expedizio kuttunena izan zena, Indiako itsas uretan hasi eta Ganges ibaian gora nabigatuz, Himalayako mendi garaien oinetarako bidaia, aldi berean baren bidaia edo erromesaldia izan zena. Mendi Filmeko zuzendari ohikoak diren Bonnello-Douglas bikoaren eskutik dator, berriz, saioa irekiko duen Charge 2 film laburra, muturreko eskia eta dibertimendua dakarrena.

Ganzabal mendi taldearen babesarekin egiten ari da Igorreko Mendi Amesgarriak Mendi Tourra Lasarte Kultur Etxeko aretoan.

Aguraingoa, Vital Fundazioaren eskutik Araban aurten ere osatuko den Mendi Tour zirkuituko bigaren geltokia da. Gasteizen otsailean ein zen lehena, lau egunez mendiko filmak arrakasta handiz eskainiz, sarrera guztiak agortzeraino. Bada, Agurainen laugarren urtez jarraian jantziko da Harresi Aretoa mendi giroz. Programazio dotorearekin gainera: Arriesgarse a Vivir, The Walk On Project Fundazioaren ekoizpena -gaitz neurodegeneratiboen ikerketaren aldeko lanean diardu-, Iñurrategi, Vallejo, Zabalza, Juanjo San Sebastian, Meroi eta Benet mendizaleak eta Didac Costa itsas-gizona protagonista dituena; Antoaine Le Menestrel eskalatzaile aitzindari eta bereziaren inguruko L'Escalade Libérée; eta Pavol Barabas zuzendari sarituaren Everest - The Hard Way, 1988an Eslovakiako espedizio oldartsu batek Everesteko hegomendebaldeko isurian Bonington bidetik estilo alpinoan eginiko balentria tragikoaren kontaketa hunkigarria dakarrena.

Aguraingo Udala, manu Yanke mendi taldea, Arabako Mendizale Federazioa, Radio Vitoria, Diario de Noticias de Alava eta Zineuskadi dira, Mendi Filmek eta Ascentium kirol ekitaldien enpresak antolatutako ekitaldiaren laguntzaileak. Sarrerak saioa hasi baino ordubete lehenago eskuratu ahal izango dira leihatilan. 18:30ean hasiko da Aguraingo Mendi Tour Vital Fundazioa emanaldia.

Martxoko egutegian Zaldibar (22 eta 29) eta Otxandioko (27) Mendi Tourrak etorriko dira gero.