AZKEN EGUNAK - Urtarrilaren 28ra arte
Mendia, lirain Zapietan-La Elegante Montaña-Foullard delle Montagne erakusketaren azken egunetan sartuta gaude. Euskal Museoa Bilbao Museo Vasco-n, Bilbao Mendi Film Festivalaren 10. edizioko ekitaldi lez, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren eskutik, azaroaz geroztik hainbat jendek gozatu du hartaz, eta urtarrilaren 28an amaituko da.
Fularrari buruzkoa da erakusketa, mendiarekin zerikusia duten goi-mailako fularrak, moda munduko izen handien artelanak. Hirurogeita hamar pieza hautatu baino gehiago biltzen ditu, Aldo Audisio, Laura Gallo eta Cristina Natta-Soleri komisarioek aukeratuta. Turingo Museo della Montagna-ren bildumatik datoz guztiak; ia 200 alez osaturik dago aipatutako bilduma hori.
Antzinakoenak aurreko mendeko 1920ko eta 1930eko urteetakoak dira, baina badira mende honetako fularrak ere. Sortzaileen artean dira Chanel, Hermès, Prada, Givenchy, Gucci, Céline, Krizia, Burberrys, Ralph Lauren, Escada, Gabrielli, Daphné, AAllard e Bogner, eta beste hainbat. Eta horiekin batera, gaur egungo markak: Lola Paltinger, Milleneufcentquatrevingtquatre, Étoile de Marie, Casali 71 eta Charlotte Hudders, batzuk aipatzearren. Badira ale soilagoak ere, oroigarri gisa erabiliak, zeta baino balio gutxiagoko ehunekin egindakoak.
Marco Ribettik koordinaturik antolatutako erakusketa honetan badira, orobat, oroitzapenezko fularrak, neguko olinpiar jokoei buruzkoak, hala nola 1952ko Osloko Olinpiar Jokoetarako egindakoa, edo 1968ko Grenobleko Olinpiar Jokoetarako eginiko seriea. Azken lan hau entzute handiko ilustratzaile eta margolariei enkargatu zitzaien, Constantin eta Pierre Ambrogianiri, besteak beste.
Turingo Museo Nazionale della Montagna eta Bilbao Mendi Film Festival Mendiko Zinemagintzaren Nazioarteko Elkargoko (International Alliance for Mountain Film) kideak dira. Harreman bikaina dute elkarrekin, eta horri esker gauzatu da erakusketa hau, bakarra dena, Bilbon, Mendifilmen 10. edizio seinalatuaren gerizpean: Mendia, lirain Zapietan Bilboko Euskal Museoan, hiri bihotzean, dagokion distira eta autentikotasuna emanaz. Bizkaiko Foru Aldundia eta Bilbao Mendi Film Festivala arduratu dira horretaz, eta aldi berean Euskal Museoak eta Museo Nazionale della Montagnak izan duten lanerako koordinazioa mirestekoa da.
Osagarri eta pizgarri guztiak aintzat hartuta, artea eta mendiko kulturarekin dugun ezinbesteko hitzordu bat da erakusketa hau.