Bilbo, 2017ko azaroak 10. Bilbao Mendi Film Festivalaren 10. edizioa hasteko hilabete falta den honetan, egitaraua ezagutarazi du antolakuntzak. Abenduaren 8an, ostirala, Euskalduna Jauregian abiatu eta hamar egunez, abenduaren 17ra arte, mendiko zinemagintzaz eta haren inguruko glamour guztiaz gozatzeko aukera aparta izango da Bilbon.

Jakina den moduan, emakumeek protagonismo handia izango dute zinemaldiko lehen egunetan. Catherine Destivelle, Lynn Hill, Josune Bereziartu eta Edurne Pasabanek, mahai inguruetarako gidari eta solaskide bikainak izango dituzte: Bernadette McDonald best seller idazlea, Katie Ives Alpinist aldizkari prestijiotsuko editorea, Lara Izagirre zinemagilea, edota Luisa Alonso-Cires Pyrenaica aldizkariko zuzendaria.

Gizonezko alpinista parea ere distiraz arituko da jendaurrean: Peter Habeler izango da aurtengo The Walk On Project omendua, abenduaren 16an larunbatez, eta gainera haren inguruko saio dotorean Juanjo San Sebastianekin solasean arituko da eta bere izeneko filma aurkeztuko du Sail Ofizialean. Bestea Jack Tackle da, bere mendi ibilbidearen errepasoa egingo du Bizkaiko Abokatuen Bazkuneko egoitzan hitzaldi bat eskainiz abenduaren 13an asteazkenez, eta epaimahaikideetako bat izango da gainera.

Tackle-ekin batera Kanadako Banff mendi zinemaldiko zuzendaria Deb Smythe eta New Yorkeko natura gaien inguruko Wild zinemaldiko zuzendaria Nancy Rosenthal izango dira nazioarteko epaimahaikideak ,eta kultura munduko bi euskal aktore batuko zaizkie: Jesus Mari Lazkano artista eta Paul Urkijo zinegilea.

51 filmek osatuko dute 10. edizioko Sail Ofiziala, denetariko gaiak, estiloak eta jarduerak jorratu eta erakusten dituztenak. Jatorriak ere hainbat: Amerikar Estatu Batuak (9 filma), Kanada (7), Alemania (4), Erresuma Batua (4), Austria (4), Australia (3), Frantzia (3), Italia (2), Argentina (1), Bulgaria (1), Eslovakia (1), Polonia (1), Suitza (1) eta Txina (1), eta baita Erresuma Batua eta Frantzia arteko koprodukzio bat ere. Espainiako ekoizpenak 8 dira, horietatik 4 euskaldunak: Mikel Peña Sarrionandiaren Aurrera, Luis Arrietaren Bizi II, Iker Elorrietaren Mr Ibex, eta Mattin Zeberioren Zortzi Yukon

Mountain filmak zabalduko du Sail Ofiziala, abenduaren 8an, ostirala, Euskalduna Jauregiko Auditoriumean egingo den Gala-festa berezian (18:30-23:00). Jennifer Peedom zuzendariaren lana da, Australiako Ganbera Orkestrak zuzenean musikatzeko sortutako filma. Australian bertan publiko markak ezarri ditu, eta Donostiako Zinemaldiko Savage Cinema atalean parte hartu zuen Mendi Film Festivalarekin elkarlanean. Hasiera Ekitaldirako sarrerak datorren astelehenetik aurrera, azaroak 13, jarriko dira salgai Euskalduna Jauregiko salmenta plataforman.

Mendifilmen Sari Nagusia jasotako hainbat zuzendari eta ekoiztetxek parte hartuko dute Sail Ofizialean:

  • Pavol Barabas (Freedom Under Load BMFF 2016), Addicted to Altitude filmarekin
  • Phillip Baribeau (Unbranded BMFF 2015), Charged: Eduardo García Story filmarekin
  • Sender Films (Valley Uprising BMFF 2014), Above the sea filmarekin
  • Paul Diffley (The Pinnacle BMFF 2010), The Ario Dream, The Quest for Europe's Deepest Cave filmarekin

 

Alberto Zerain, bereziki, eta Mariano Galván, aurten Nanga Parbat mendian zendutako bi lagun ere gogoan izango ditu antolakuntzak, eta abenduaren 12an gorazarre egingo zaie, haien inguruko ekitaldi batekin.

Lau gune nagusi izango ditu Mendifilmek Bilbon: Sala BBK Sail Ofizialeko estreinaldi guztientzat, Panel Talk eta Mendi Talk saioentzat, Peter Habelerren omenaldirako, eta lehiaketako filma sarituekin abenduaren 17an egingo diren Non Stop saioentzako; Azkuna Zentruko Golem zinemetan ere eskainiko da Sail Ofizialeko filmak ikusteko aukera; Euskalduna Jauregian Hasiera Ekitaldia egingo da, abenduaren 8an, ostirala; eta azkenik, Zabalgune eraikina izango da MendiZaleen bilgunea, Mendi Base Camp, hainbat erakusketa, hitzaldi eta jarduera eskainiko direlarik bertan zinemaldi egun guztietan.

Erakusketek ere espazio horietako batzuk eta beste berri batzuk ere hartuko dituzte:

  • CVCEPHOTO mendiko jardueren nazioarteko argazkilaritza lehiaketako ale onenak Bilboko Metroko geltokietan eta Sala BBK-n egongo dira ikusgai
  • Euskal Museoan, Foulard delle Montagne fularren erakusketa
  • Rekalde Aretoan, Santi Yañiz argazkilariaren Dronegrafias erakusketa
  • Zabalguneko Mendi BC-n SUA Edizoak argitaletxearen Montañas de Risa komiki erakusketa

Eta aipamen berezia Bilbao Mendi Film Festivaleko 10. edizioko kartelari. Christoph Jorda argazkilariaren The Lighthouse irudian oinarrituta dago, CVCEPHOTO lehiaketan saritu zuten Mendifilm iragartzeko kartela izateko. Harridura eragiten duen argazkia da, nolatan eskiatzailea eta elurra uztartu litezkeen itsasargi batekin. Bada argazkiaren istoria eta bere argazkigintza lanaz argibideak emateko Christoph Jorda Bilbon izango da, eta besteak beste CVCEPHOTO Workshopean parte hartuko du, zinemaldiko lehen asteburuan.