Abenduaren 7tik 16ra egingo den Bilbao Mendi Film Festivalek baditu Sail Ofizialeko lehen izar handiak: The Dawn Wall filma, eta haren protagonista Tommy Caldwell eskalatzailea. Euskalduna Jauregian abenduaren 7 ostiralez egingo den Hasiera Ekitaldian, Caldwell beraren, eta harekin batera Sender Films etxeko zuzendari Peter Mortimer eta Red Bull Media House-eko ekoizle Philipp Manderlaren aurkezpen eta argibideez gozatuko dute ikusleek. Proiekzioaren ostean, gainera, Tommy Caldwellek nahi duen orori autografoak eta dedikatoriak sinatuko dizkio.
2015ean, Caldwellek eta Kevin Jorgeson sokalagunak, El Capitan-eko (Estatu Batuak, Yosemite National Park) Dawn Wall horma tentea era askean eskalatzea lortu zuten, munduan haitz handietan eginiko eskaladarik onena. Eta oihartzun handiena lortu zuena, iparrameriketako telebista kate nagusiek eta agerkari digitalek zuzenean eskaini baitzuten, mundu osoko milioika arima hunkituz, tartean Barack Obama garaiko AEBetako Presidentea bera, eskalatzaileei zorionak emateko dei egin ziena.
Jakina zen Sender Films ekoiztetxeko taldeak balentria hura grabatu zuela, eta Red Bull Media House ekoiztetxeak haren eta protagonista nagusi den Tommy Caldwellen inguruko superprodukzio bat egiteko bitartekoak jarri zituela. Bada hiru urtez ondu dute filma, aurten estreinatu dute Estatu Batuetan, eta abenduan Bilbon aurkeztuko dute. Estatuan egingo den filmaren lehen proiekzioa izango da, aukera aparta Euskalduna Jauregiko entzutegi nagusia 2000 ikusleri zabaltzeko eta filmaren ikuskizunaz eta gonbidatu berezien konpainiaz gozatzeko.
Bilbao Mendi Film Festivaleko 11. edizioko Hasiera Ekitaldiak hartuko du estreinu hori. Bertan kontatu eta erakutsiko da 10 egunez mendi zinemagintzako festibal honetan gertatuko dena. Mendiko kultura eta zinema uztartuta, beste behin Bilbo eta Euskal Herria generoaren nazioarteko ardatzak izango dira.
Sarrerak orain deskontuarekin eskuratu daitezke, www.mendifilmfestival.com web ofizialean, edota Euskalduna Jauregiko on-line salmenta zerbitzua, leihatilako salmenta, edo BBK Kuxazain automatikoen bidez.