CVCEPHOTO 4. edizioko sariak jakitera eman dira Donostiako Antzoki Zaharrean egindako ekitaldi dotorean, eta tartean dago Rainer Eder argazkilari austriar-suitzarraren Learning to Fly lana, Bilbao Mendi Film Festival Kartela Saria jaso duena, beraz Mendifilmeko 11. edizioko (2018ko abenduak 7-16) kartelaren irudia bilakatu dena.

Zorionak!

LEARNING TO FLY Rainer Eder (Austria) Ibergeregg Chli Schijen, Switzerland

"Suitzako Mammut konpainiarentzat argazkiak egiten ari nintzen. Eguraldia ez zen oso ona egun hartan. Argazkiak ateratzen bi ordu pasa ondoren, ekaitza izugarria etorri zitzaigun gainera eta guztia bertan behera utzi behar izan genuen. Beranduago itzuli ginen eta, nolako ustekabea! harkaitza lehorra zegoen eta mendien gaineko bista zoragarria zen. Babsi-ri (Barbara Bacher) sokarekin salto egiteko eskatu nion eta, atzeko paisaia ederrarekin batera, argazki hau egitea lortu nuen".

Kamera: NikonD4 – Objektiboa: Nikon Af-s 24-70 f/2.8
Irekidura: f 5.6 - Abiadura: 1/1250s - ISO: 200

Rainer Eder
Jaiotzez austriarra, Suitzan bizi da. Muturreko kiroletan bereizitutako Visual Impact agentziarekin egiten du lan. Eskalatzaile amorratua eta argazkilari bikaina da, eta haitz eta izotz eskalatzaile onenekin lan egitera ohituta dago. Beste hainbat muturreko jardueren argazki lanak ere egiten ditu: BASE jauziak, freeriding, speedflying edota kayak. Izen handiko markentzat egiten du lan, hala nola Mammut, Odlo, Black Diamond edota Redbull. 2004tik da argazkilari profesionala, eta Nikon etxeko materiala erabiltzen du.