Felipe Uriarte mendi gidaria, Jabier Baraiazarra BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia zuzendaria eta Migel Zeberio orkestra zuzendaria, Bilboko Euskal Museoko aurkezpenean
Uztailaren 14tik abuztuaren 1era, Euskal Herria aldenik alde, mendiz mendiz, zeharkatuko du Urmuga espedizioak. Musika eta mendizaletasuna eskutik, Et Incarnatus Orkestra eta Mendiak eta Herriak mendi gidari agentzia oinarri direla, Garobel mendilerrotik Hiru Erregeen Mahairaino, mendebaldetik ekialdera burutuko den zeharkaldia da Urmuga. Euskal Herriko mendi nagusiak zeharkatuko ditu ibilbideak, Felipe Uriartek gidatuta, eta bidelerroko hainbat leku musikaz bustiko dira, Migel Zeberioren zuzendaritzapean.
Euskal musikari eta kantari ezagunak batuko dira mendi gailurretan, basoetan eta herrietan eskainiko diren kontzertu berezietan nahiz formatu txikiko emanaldietan: Alex Sardui, Mikel Urdangarin, Maider Zabalegi, Niko Etxart, Maddi Oihenart, Miren Narbaiza, Xabier Leturia, Hertzainak-eko Gari eta Josu, Txomin Artola, Oreka Tx, Xendarineko Ahizpak, Eñaut Elorrieta, Petti, Enrique Solinis, edota baita Donostiako Orfeoia ere.
Eta proiektu dokumental bat izango da horren testigantza jasoko duena, Mattin Zeberiok zuzendua. BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia zinemaldian 2017an egin zuen debuta 'Zortzi Yukon' lanarekin, eta Euskarazko Film Onenaren saria irabazi zuen. Aurten, Urmuga zeharkaldiaren dokumentala aurkeztu eta estreinatzea du helburu.