Club Vasco de Camping Elkarteak eta Mendi Film Festivalak CVCEPHOTO lehiaketako argazki onenen erakusketa ekarri dute beste behin Bilboko Metrora.

Azaroan Santutxu, Indautxu eta San Mamesko geltokietan eta abenduan Alde Zaharrean, eta Festibalean zehar (abenduak 8tik 17ra) Sala BBK-n egongo da ikusgai erakusketa. Oraingo honetan, CVCPHOTO lehiaketan saritutako 20 argazkiak ederretsi ahal izango dira. Donostiako Club Vasco de Camping Elkartea mendi taldeak antolatutako Mendiko Jardueren Nazioarteko Argazki Lehiaketa da CVCEPHOTO.

Hirugarren edizio honetan, CVCEPHOTO lehiaketak nazioarteko argazkilari onenak bildu ditu beste behin, profesionalak nahiz zaleak, diziplina ikusgarri honetan espezialista zailduak guztiak.

Lehiaketaren helburua argazkilaritzaren bidez mendiko jarduerak sustatzea da, eta, bide batez, parte hartzen duten argazkilarien topagune eta dibulgaziorako plataforma izatea. Aurkeztutako obren sormena eta kalitate estetikoaz gain, haietan islatutako jardueraren balioa ere baloratzen eta saritzen du lehiaketak.

 

CVCEPHOTO Workshopa abenduaren 10ean

CVCEPHOTO-ko antolatzaileek mendiko jardueren argazkilaritzari buruzko Workshop bat eskainiko dute abenduaren 10ean, igandea, Zabalgune Eraikineko Mendi Base Campean egongo den Aterpe Aretoan. 20 lagunentzako saioa izango da, eta izen emateak CVCEren bidez egin daitezke: This email address is being protected from spambots. You need JavaScript enabled to view it. (943 27 18 66, Prim kalea 35, 20006 Donostia). Ekimen horretan bertan Metroko erakusketaren bisita gidatua egingo da, argazki bakoitzaren nondik norakoen berri jakiteko. Bisita horretan, gainera, argazkien egileetako batzuk ere izango dira azalpenak emateko.