Bilbo, 2017ko abenduak 16. Bilbao Mendi Film Festival-eko 10. edizioa bere amaierara heltzear dago, gehien espero den momentuarekin. 9 egunetan zehar Sail Ofizialeko 51 filmeen proiekzioa egin ostean, Jesús Mari Lazkano, Nancy Rosenthal, Jack Tackle, Paul Urkijo eta Deb Smythe osatutako Epaimahaiak 2017ko Bilbao Mendi Film Festivaleko Urrezko Eguzkilorea Dirtbag: The Legend Of Fred Beckey filmari ematea erabaki du.
Dave O´Leske-k zuzendutako eta Jason Reid-ek ekoiztutako film estatubatuarrak 6.000 euro irabazi ditu eta Urrezko Eguzkilorea, Epaimahaiaren hitzetan: “Munduan eta Iparramerikan karisma eta eragin handieneko legenda bat betiereko bihurtzen du Dirtbag filmak. Filmak pertsona baten ibilbidea kontatzen du, zeinak den dena eman zion bere pasioari, ospea baztertzeraino. Fred Beckeyrekin 12 urtez aritu ziren grabaketak egiten, eta zendu berri den unean aurkeztu da dokumentala, jaso zezakeen omenaldirik onena eskainiz. Lotsagabea eta hipnotikoa da filma. Halako izaera berezia zuen pertsonaia bati ezinbestean zor zitzaion kontakizun bikaina da, maiz mendi komunitateak ulertu ez zuena, baina beste hainbatetan miretsi zuena”.
Gainerako sariak horrela banatu dira:
Zuzendari Onena: The Frozen Road, Ben Page-k zuzendutakoa, elurrezko mundu batean murgilduko den gizon gazte baten abentura pertsonala da, eta asmoari irmo eusten dio. Filma bere kabuz grabatu nahi zuen, eta txalotzekoa da jarrera hori, baina zailtasun itzelak gaineratu zituen. Zailtasunak zailtasun, sekula ez du ez sormen asmorik, ez estetikorik, galtzen errealizazioari begira. Horri eskerrak kontakizuna erakargarria eta interesgarria da, eta ikuslea hark bizi izandako abenturen parte bilakatzen da.
Argazkilaritza Onena: Life in Four Elements muturreko 4 giro ezberdinen berri ematen duen esperientzia bisual liluragarri bat da: lurra, airea, ura eta sua. Argazkigintzak, muturreko toki hauen edertasun fisikoa erakusteaz batera, emozioak biluzten ditu: protagonista bakoitzak dituen pasioak eta hartzen dituen arriskuak. Argazkigintzak bideratzen duen narratiba da, eta lau elementuen arriskuen eta beharren aurrean ikusleen harriduran eragina dauka.
Gidoi Onena: Protagonista zoriontasuna eta orekaren bila dabil Psycho Vertical film honetan. Gidoiaren egiturak bere bizitzaren metafora bezala hartzen du horma baten eskalada, bi kontzeptuen (eskalada eta bizitza) aukera eta ohituren arteko paralelismo bat ezartzen du, gailurrera iristeko baliogarria den inperfekzioz jositako ezohizko moduan. Zintzotasunak, elokuentziak eta umore handiak bultzatuta esperientzia dibertigarria eta aberasgarria da kontaketa hau.
Film Labur Onena: A Sense of Wonder mendia gogo-aldarte baten eszenatoki bat balitz bezala, ezagutarazte burutsu bat bezala, erakusten duen ibilbide bisuala da, jariakorra eta dramatikoa, momentu magikoz eta transzendentalez betea.
Epaimahaiaren Saria: Kinga Ociepka-Grzegulskak bere ametsa egi nola bihurtzen duen kontatzen da film honetan, bi haurren ama izan eta eskalatzeko duen pasioa uztartzea, eta horregatik epaimahaikideek aho batez eman diote Mama filmari Epaimahaiaren Saria. Familia eta amatasuna alde batetik, eta mailarik gorenean eskalatu ahal izateko beharrezko diren entrenamenduak, sakrifizioa eta dedikazioa bestetik, alde bien arteko orekaren bilaketa erakusten du filma sinesgarri honek. Maitasuna eta babesari dedikazio sutsua gehituta, amets gorenak egi bilakatzeko gaitasuna du gizakiak.
Mendiko Film Onena: Bonington Mountaineer, 60 eskalada urte biltzen ditu filmak, Chris Bonningtonen eskaladek eta espedizioek utzitako arrastoari buruz hitz eginez, irla britainiarretatik eta Alpeetatik hasi eta Himalayaraino. Haren lidergo eta ikusmirak bultzatuta, Himalayan igoera garrantzitsuak egin zituen, eta hainbat bide berri zabaldu ere bai, 40 urtez: Ogro eta Shivlingera lehen igoerak, Annapurna, Everest… Bonningtonen pasioa eta ekarpenak estiloz eta graziaz biltzen ditu filmak.
Eskaladako Film Onena: Safety Third; Brad Gobright amerikar eskalatzailerik onenetakoa da haitzean, eta haren soslai umoretsuak baina tarteka beldurgarriak film ausart eta zintzoa egiten dute. Erabateko obsesioak bultzatutako pasioak eta dedikazioak bakarkako haitz eskaladaren gorenean jar zaitzakete, eta hala Yosemiteko El Capitan horman The Nose bideko abiadura marka berri bat ezartzeko moduan izan zaitezke. Oso entretenigarria eta aldi berean, bene-benetazkoa.
Mendi-kulturari eta Naturari Buruzko Film Onena: The Last Honey Hunter filmak eszenaren atzealdera eramaten zaitu, Nepal ekialdeko Kulung herritarrek sokaz egindako eskaileretan barrena. Istorioa ezagutu ostean, kultura hori eta desagertzeko zorian dagoen antzinako praktika horri jarraipena ematen dioten pertsonak estimu handitan dituzu. Istorio honetan zinemagileek erleen ziztadak, izainak eta oihaneko arriskuak gainditu behar izan dituzte, modernitatearen mehatxupean dagoen kultura baten erretratu dramatikoa sortzeko.
Kirol eta Abenturazko Film Onena: Into Twin Galaxies a Greenland Epic; filmak emozioz jositako abentura batean barneratzen zaitu, hasieratik amaierara. Bere erritmo geldiezinak eta argazkigintza ederrak ikuslea epikoa izatetik gertu dagoen bidaian sartzen du. Protagonisteek, heroiak izango balira bezala, leku babesgabeak deskubritzen dituzte eta erronkei aurre egiten diete euren saria lotu arte: bete-beteko abentura bat bizitzea.
Euskarazko Film Onena: Tokiko historian barrena eginiko bidaia baten bilduma freskoa da Zortzi Yukon, eta aldi berean lagunarteko bilkura polita, esperientziak elkarbanatzekoa. Gainera, filmak propio bertarako konposatutako soinu banda du.
Aipamen Berezia: Bizitzari buruzko ezohizko argazki bat da Charged: the Eduardo García Story, eroa eta harrigarria. Eduardo eta haren familiak erronka handiei egin behar izan zieten aurre, eta zinemagileek sentsibilitate handiz eman dute horren berri. Istorio ausart eta inspiragarria, eta aldi berean naturak fisikoki nahiz izpiritualki duen gaitasun sendagarria erakusten du.
Aipamen Berezia: Naturaren espektakuluaz duen ikusmira sublimea eta guztizkoa erakusten du Mountain filmak. Irudiek sekulako indarra dute, musikak edonor biltzen du, eta hala filma ikusgarri eta probokatzailea aurkeztu da, bidaia zirraragarri batean mendien edertasuna eta gizakiarekin duen harreman konplexua erakutsiz.
Ikusleen Saria: Dirtbag - The Legend Of Fred Beckey